Axio gogoratzeko ekitaldia antolatu dute

Guaixe 2019ko urr. 18a, 13:09
Juan Inazio Erdozia Larraza, Axio.

Sakanako Amnistiaren aldeko eta Errepresioaren kontrako Mugimenduak biharko ekitaldia antolatu du, 12:00etan, plazan.

Donostian Poliziarekin tiroketa bat izan ondoren, bere kideek eraman eta Juan Inazio Erdozia Larraza, Axio, Lizarrustiko portuan hilik agertu zen 1979ko lastailaren 10ean, duela 40 urte. Sakanako Amnistiaren aldeko eta Errepresioaren kontrako Mugimenduak (AEM) “erailketaren urtemuga” dela eta  ekitaldia antolatu du Etxarri Aranazko plazan, bihar, 12:00etan. 

Bestalde, Sakanako AEM-k, ohar bidez, gudari eguna dela eta Sortuk Axioren irudia erabili izana salatu du. AEM-tik jakinarazi dutenez, “Axioren familiak Sorturi haien senidearen irudia eta izena erabiltzea ukatu” zien duela bi urte. Hildakoaren irudiaren erabilera “inposiziotzat” eta “familiarenganako erasotzat” jo du AEM-k eta “hori aipatu alderdiaren jarrera totalitarioaren isla baino ez da. Senidearen hutsunea egunero-egunero, eta ez soilik data zehatz batzuetan, haragietan iltzaturik daukan familiak sentitzen duena, hutsal bihurtu nahi izan dute”. 

Sakanako AEM-koen iritziz, “helburua etekin politikoa ateratzea da, bere estrategiaren markagailuan aldeko kintzea lortu. Estrategia horrekin herriaren ordezkaritza osoa bereganatu nahi dute, disidentzia bezala behin eta berriz kalifikatzen dutena demonizatu eta ezadostasunik txikiena ere baztertu eta ezereztatu”. Eta Sorturen “inkoherentzia” nabarmendu dute: “egoeraren arabera, militantziagatik barkamena eska dezake eta, hurrengoan, aldiz, militantzia bera goraipatu”.