Futbola

Etxarri, atzera ere, preferenteari eustera

Maider Betelu Ganboa 2019ko urr. 25a, 10:16

Preferente mailari eustea lortu zuen iaz Etxarri Aranatz futbol taldeak eta aurten ere, hori da erronka. “Preferente mailako taldea gara eta urte honetan ere mailari eutsi nahi diogu” azaldu digu iaz entrenatzailea baina aurten juntako kidea den Iosu Murgiondok. Oscar Gomezen aginduetara, aurten eraldatuta dago taldea: 9 alta eta 3 baja ditu

Preferente mailako ligako 5 jardunaldi jokatu dira, eta dagoeneko gure taldeei buruz hitz egiteko garaia iritsi da. Etxarri Aranatzek iaz preferente mailari eutsi zion, eta aurtengo helburua ere kategoria mantentzea da, ez jaistea. Iaz erregionalera jaitsi baina berriro ere preferentera igo den Lakuntzako Lagun Artea izango du bidaide preferente mailan. Iaz Etxarriko entrenatzailea zen baina aurten juntako kide den Iosu Murgiondorekin bildu gara taldearen egoera aztertu eta dituzten helburuen berri emateko. 

Oscar Gomez, entrenatzaile berria
Iosu Murgiondok lan itzela egin zuen aurreko urteetan Etxarri entrenatzen, baina aldaketaren beharra ikusi zuen. “Lanarekin okerrako nenbilen entrenatu ahal izateko, ezin nuen konpromisoa hartu eta gauzak erdizka egiteko nahiago nuen beste entrenatzaile bat jartzea. Eta uste dut bai nik eta bai taldeak ere beste aurpegi bat egotearen beharra genuela hobe funtzionatzeko. Gero ikusiko nola joaten den gauza. Oscar Gomez iruindarra da entrenatzaile berria. Lizarra aldean egon da entrenatzen eta jokalari moduan Lagunak taldean eta Erriberako talderen batean ere aritu zen. Xabier Errazkin etxarriarra izanen du alboan, bigarren entrenatzaile lanetan” adierazi digu Murgiondok. 

25 jokalari
Plantilan aldaketa nabarmena egon da. Talde zabala du aurten Etxarrik 25 futbolariz osatutakoa. “Hiru baja izan genituen, Ivan Gorriz atezainarena eta Luis Goñi kapitainarena, futbola utzi dutelako, eta Mikel Agirrerena, Lagun Arteara joan zelako. Honi lotuta, jubeniletatik 5 jokalari igo dira, Euken Vandenhove atezaina, Iñaki Agirre, Aritz Aristorena, Unai Satrustegi eta Lander Bengoetxea. Andoni Escudero taldera itzuli da, lesio batetik osatu eta gero, eta Xabier Ormazabal eta Joseba Montoia Altsasutik etorri dira. Eta Beñat Yaben, hainbat urte futbola utzita egon ondoren Etxarrira etorri da jokatzera. Iaz atezain bat genuen eta aurten hiru” gaineratu du Murgiondok. 

Etxarri Aranatzek aspaldi ez zituen horrenbeste jokalari. “Entrenamenduetan asistentzia gehiago dago, eta alde horretatik entrenatzailea pozik dago. Guztira 25 jokalari daude, plantila majoa egon daitezkeen bajak betetzeko. Bestalde, iaz gazteen mailako taldea genuen baina aurten ez da osatuko. Iaz, arazoren bat bazegoen 2-3 jubenil hartzen genituen era arazoa saihesten genuen, baina aurten ezin dugunez hori egin, plantila luzea izatea erabaki dugu eta jubenilak igo” nabarmendu du Murgiondok. Etxarriarrak gaineratu du jubenilen taldea ez egoteak pena ematen diola jokatu gabe geratu diren 8-9 gazteengatik. “Proposatu genien Altsasura edo Lagun Arteara joatea, baina gehienek ez dute nahi; finean, zure herriko taldean aritzea nahi duzu” dio Etxarriko juntakoak. 

Lagun Artea mailaz igo denez, atzera ere derbi sakandarra izango dugu Preferente mailan. “Nik beti esan izan dut dagoen pike hori polita dela denondako. Gu kontentu gaude Preferenten bi talde sakandar gaudelako. Altsasu igoko balitz, hobe. Zaila da, zeren hiru taldeek potentziala kentzen diogu elkarri, baina polita litzateke” aipatu du. 

“Futbol zelaian ikusten ari garena gustatzen zaigu”
Bost jardunaldi jokatuta, Murgiondok Etxarri bide onean ikusten du, hobetze bidean. “Etxetik kanpo partidak aurrera eramatea pixka bat kostatzen ari zaio taldeari, baina etxean esango nuke oso ondo jokatzen ari direla; hala ere, asteburuan taldeak ez zuen Itaroa Huarteren kontra galtzea merezi izan. Baina horrela da futbola” dio Murgiondok. Taldea egiten ari da oraindik, gazteak eta helduak jokora egokitzen. “Jubeniletatik maila nagusietara saltoa handia da, eta jubenilak gutxinaka sartu behar dira, pazientzia izan behar dute, sarritan ez dutena. Kosta egiten da taldean sartzea, erritmoa hartzea, elkar ulertzea… beraz, banago hori lortzerakoan taldeak gora egingo duela, hobetzeko tartea baduela. Futbol zelaian ikusten ari garena gustatzen zaigu” azpimarratu du Murgiondok.  

Helburua, jakina, preferenteari eustea da. “Beste urte bat gehiago Preferente mailan egotea da gure helburua. Urtero berdina esaten dugu. Uste dugu gure kategoria preferentea dela; izan dezakezu urte on bat eta mailaz igo baina gero mantentzea oso zaila da. Preferente mailari eusteak ere badu berea; badaude 22-23 jokalari dituzten taldeak, maila jaisten ez dutenak, eta talde horiei aurre egitea zaila da. Denboraldia luzea da, lesioak egoten dira, jendeak zigorrak bete behar ditu txartelengatik... zaila izaten da. Gure helburua preferenten egotea da. Eta ongi pasatzea, jakina. Nik beti esan dut eta esango dut beste taldeetan ez dakidala, baina Etxarrin dugun giroa oso ona dela. Horrek asko balio du. 

Giro ona
Oscar Gomez kontentu omen dago. “Taldea gustuko du; guztiak ezagutzen dira, giro ona dago taldean eta hori edozein entrenatzaileri gustatzen zaio” nabarmendu du Murgiondok. Preferenteko talderik konplikatuenak nor ote diren galdetuta, irribarrez hasi da. “Konturatu naiz ez dudala inoiz asmatzen (kar, kar...) baina, hala ere, esango dut. Beti Casedano, egungo liderra, suposatzen dut goian egongo dela. Mailaz jaitsi da, talde ona dute eta uste dut hor ibiliko direla. Gero Doneztebe, Beriain, Lagun Artea… Dena den, badaude taldeak pare bat jokalari on dituztenak eta talde onak direla, baina jokalari horiek ez daudenean talde berberak ez direnak. Denboraldia oso luzea da, 30 jardunaldi, eta denetatik gertatzen da” gaineratu du. Zaleen animoak eskertzen ditu. “San Donato zelaian giroa egoten da, ezin gara kexatu. Zale asko ere kanpoko partidetara joaten da; taldeak animoak jasotzen ditu” dio. 

Etxarri futbol klubaz
Etxarri Aranatzek, preferenteko taldeaz gain, kadeteetako taldea, haurren mailakoa, kimuen taldeak –bi ziur eta akaso hirugarren bat sor daiteke– eta benjaminenak ditu. “Aurten ez dugu jubenilen taldea, baina iaz ez genuen kadeteena izan eta aurten bai; belaunaldien kontua da” azaldu digu. Juntan “betikoek” jarraitzen dute. Eduardo Elsok jarraitzen du lehendakaritzan, Iñaki Elvira da lehendakariordea eta diruzaina, Iña Arratibel idazkaria eta Jose Javier Urkia, Jose Guillorme, Fran Gomez, Xabier Errazkin, Koldo Murgiondo eta Iosu Murgiondo bokalak. “Baditugu guraso batzuk asko laguntzen dutenak, eta Karlos, Mikel eta Fandiñori eskerrak eman nahi nizkieke, astero esku bat botatzen dutelako” eskertu du Murgiondok. 

Futbol talde bat aurrera ateratzea ez da lan erraza, bai futbolariak lortu eta trebatzeari begira eta bai alde ekonomikoari begira. “Jokalarien fitxak ordaindu egin behar dira, aseguruak edo mutualitatea, arbitroak partida bakoitzeko dirua kobratzen dute, txartel hori edo gorriak jasotzeagatik ordaindu egiten da, desplazamenduak, zelaien eta materialen mantenua eta beste… Dena da gastua. Nafarroako Federazioa hor dago, baina klubek ordaintzen ez badugu ez da ezer, eta urtero prezio igoera egoten da. Gero eta zailagoa da hori guztia mantentzea. Kosta egiten da” aitortzen du. Baina argi dago, Etxarrin futbol zaleek jarraitzen duten bitartean, Etxarrik iraungo duela. 

Etxarri Aranatz. Preferente taldea 2019/2020
Atezainak: Euken Vandenhove, Beñat Yaben eta Amaiur Arratibel.
Defentsak: Alain Perkaz, Unai Artieda, Andoni Agirre, Oihan Karasatorre, Mikel Arratibel, Markel Erdozia, Aritz Aristorena, Unai Satrustegi eta Iñaki Agirre.
Erdilariak: Gentza Erdozia, Asier Arratibel, Alain Iriarte, Aitor Saez, Iñigo Arratibel, Xabier Ormazabal, Javi Fernandez, Darling Quezada, Joseba Montoia, Lander Bengoetxea eta Andoni Escudero.
Aurrelariak: Xabat Goikoetxea eta Alain Alberdi.  
Entrenatzailea: Oscar Gomez.
Bigarren entrenatzailea: Xabier Errazkin.

Erlazionatuak