Rollerskia

Rollerskian Etxarri Aranatzen

Guaixe 2019ko urr. 25a, 12:27

Bihar, larunbatean, XIII. Uharte Rollerski Saria jokatuko da Etxarri Aranatzen. Euskal Herriko Rollerski Ligarako baliagarria da eta parte hartze polita espero da. Goizeko 11:00etan proba laburra abiatuko da eta 11:20ean proba luzea

Aurreko urteari jarraiki, Uharte Ipar Eski Taldeak Etxarri Aranazko Udalaren, Sakanako Mankomunitatearen eta hainbat babesleren laguntzarekin antolatuta, bihar, larunbatean XIII. Uharte Rollerski Saria jokatuko da Etxarri Aranatzen. 

Rollerskia elurra ez dagoenean eskia lantzeko modalitate gisa sortu zen, entrenatzeko, teknika hartzeko eta eskian ikasteko ere bai. Finean, eski itxura duten gurpildun patinete antzekoak erabiltzen dira, rollerskiak, eta haiek jantzita eta bastoiak eskuan, ipar eskiaren antzeko mugimenduak egiten dira. Baina hasieran entrenamendu hutsa izateko jaio zen modalitatea hazi egin da eta bere entitate propioa hartu du. Horrela, Euskal Herri mailan Rollerski Liga jokatzen da, aurten 9 proba dituena, tartean larunbatean Etxarri Aranatzen jokatuko den XIII. Uharte Rollerski Saria.

Etxarrikoa, rollerski klasikoa
Etxarri Aranatzen jokatuko den XIII. Uharte Rollerski Sarian rollerski klasikoan lehiatu beharko dute parte-hartzaileek. Izan ere, bi modalitate daude, rollerski klasikoa eta rollerski patinatzailea edo estilo librea. “Klasikoan gurpilak ez dira atzeraka mugitzen, soilik aurrera, eta eskiatzen bezala zoaz uneoro, rollerskiak paralelo dituzula. Aldiz, patinatzaile estiloan edo estilo librean, gurpilak atzeraka ere mugitzen dira eta rollerskiak V moduan eramaten dira” azaldu zuen aurreko urteko aurkezpenean rollerskian, eskian eta biatloian, tiroan eta eskian, aritzen den Olga Gartziandia Ijurko etxarriarrak. 

Bi distantzia: 11 km edo 2,75 km
Etxarriko proba lehiakorra eta ez lehiakorra izango da aldi berean, puntako rollerskiatzaileak eta afizionatuak arituko baitira elkarrekin, konpetizio maila eta maila herrikoia uztartzen dituztelako. 
XIII. Uharte Rollerski Sariak bi proba izanen ditu. Nagusian 14 urtetik gorakoak ariko dira (11 km), eta 14 urtetik beherakoendako edo ibilbide laburragoa egin nahi dutenendako 2,75 km-ko proba izanen da. 

Goizeko 11:00etan proba laburra hasiko da eta goizeko 11:20ean proba nagusia. Bi lasterketak Etxarri Aranazko igerilekuetako bideko errotonda ondotik abiatuko dira, Dorraukoetxea pareko errotondatik Berroetako biderantz, eta bertan despedituko dira. Bi lasterketetan mass start irteera izanen da; hau da, denak batera aterako dira. 14 urtetik behekoek Berroetako bideko zuzengunean aurrera egingo dute, Lizarrustiko bidegurutzera iritsi baino lehen buelta hartu eta helmugara jotzeko (2,75 km). Ibilbide luzekoek, ordea, Berroetako bidetik aurrera egingo dute, Lizarrustiko bidegurutzean Lizarragabengoara joko dute eta herria pasa eta gero, trenbide gaineko zubian, buelta hartu eta helmugarantz joko dute. Buelta hau bitan egingo dute (11 km). Larunbaterako primerako eguraldia iragarri dute eta rollerskiak hartu eta goiz ederra pasatzera animatu dute antolatzaileek. Parte hartzaileen artean Benar Gartziandia eta Olga Gartziandia etxarriarrak daude. 

Proba hauek, finean, eskiatzaileen topaketak izaten dira eta giro oso polita sortzen dela aipatu dute antolatzaileek. Bukaeran, 13:00ak aldera, sari banaketa izanen da Etxarri Aranazko plazan. Lasterketa bakoitzeko lehendabiziko hiru emakumeek eta gizonek jasoko dute saria. Horretaz gain, partaideen artean babesleek eskainitako produktuen zozketa egingo da eta auzate ederraz gozatzeko aukera. Proba bitxia denez, rollerski kirola gertutik ezagutzeko eta goiz polita pasatzeko larunbatean Etxarrira gerturatzeko deia egin dute antolatzaileek.

Aurreko urtean Etxarrin jokatutak XII. Uharte Rollerski Sarian 43 rollerskiatzailek hartu zuten parte proba nagusian eta 14k proba laburrean. Proba luzean Carlos Lannes eta Henar Etxeberria gailendu ziren, eta laburrean Nahia Iturria eta Ibai Aramendia. 

Nafarroako Rollerski Asteburua
Larunbatean estilo klasikoko proba jokatuko dela Etxarrin, ibilbide leunekoa, eta, igandean, aldiz, Beorburuko V. Rollerski Igoera dago jokoan, Irrintzi Ski Klubak antolatuta, 11:00etan. 6 kilometroko igoera gogorra da, Ollakarizketatik Beorbururaino. Bi probak kontuan hartuta Nafarroako Rollerski Asteburua antolatu da, eta bi probetako Konbinada Sariak igandean banatuko dira, Beorburuko proba eta gero. 

Izena ematea zabalik
Etxarrin jokatuko den XIII. Uharte Rollerski Sarian parte hartzeko izena ematea dohainik da. Larunbatean bertan, goizeko 9:45etik aurrera eman daiteke izena, Etxarri Aranazko udaletxe parean. Aurretik www.uharteski.com web gunean eman zitekeen izena.