Atletismoa

Etxarri Aranatzek hartuko du XIX. Sakanako Herri Lasterketa

Guaixe 2019ko urr. 25a, 14:07

Igande goizera atzeratu dute proba. Goizeko 11:00etan kategoria txikiko lasterketak jokatuko dira, 11:45ean Errefuxiatuen Aldeko Oinezko Martxa abiatuko da eta 12:00etan proba nagusia (7 km). Goizean Maksim Magoa eta haurrendako jolasak izango dira

Udazkena lasterketen denboraldia izaten da eta Sakanan ere badugu gurea. Sakanako Mankomunitateak antolatuta, igandean XIX. Sakanako Herri Lasterketa-Burundesa Sari Nagusia jokatuko da Etxarri Aranatzen, “Ongi Etorri Errefuxiatuak” lelopean. Horretarako, Mank-ek hainbat entitateren -Etxarri Aranazko Udala, Nafarroako Gobernua, Sakana Harrera Harana, HELPNA eta Dantzaleku Sakana– eta La Burundesa babesle nagusiaren eta beste hainbat babesleren laguntza izan du. Hasiera batean bihar, larunbat arratsaldean egitekoa zen, baina igande goizera atzeratu dute, larunbatean Iruñean atxilotu altsasuarren aldeko elkarretaratzea deituta dagoelako. 

Sakanako Atletismo Koparako baliagarria
Sakanako Herri Lasterketaren helburua atletismoa sustatzea da. Atletismoak beti indarra izan du gurean; hainbat lasterketa antolatzen dira eta korrikalari asko daude. Horregatik, eta bertako lasterketak bulkatzeko, Sakanako Atletismo Kopa sortu zuen Mankomunitateak. Eta hain zuzen ere, igandean Etxarri Aranatzen jokatuko den XIX. Sakanako Herri Lasterketa aurtengo XVI. Sakanako Atletismo Kopa-Lasa Kirolak Sarirako puntuagarria izango da. 

Egun, Ergoienako Bira jokatu eta gero, emakumezkoetan Erkuden San Martin doa buruan, Izaskun Beunzaren eta Maite Zabaletaren aurretik. Eta gizonezkoetan Javi Moreno dago buru, Joxeja Maizaren eta Raul Audikanaren aurretik. 

Bestalde, azaroaren 10ean jokatuko den Behobia-Donostia lasterketa ezaguna prestatzeko entrenamendu bikaina da Sakanako Herri Lasterketa. Sakanako Herri Lasterketarekin “gure herriak, gure kultura eta euskara bulkatu” nahi ditu Mank-ek, eta horregatik lasterketa urtero herri ezberdin batean antolatzen dute, Sakanako herri ezberdinak erakusteko. 

Haurrak 11:00etan eta helduak 12:00etan

Sakanako Herri Lasterketako kategoria txikiko probak goizeko 11:00etan hasiko dira. Benjaminaurrekoak (200 m), benjaminak (400 m), kimuak (800 m) eta haurrak (1200 m) ariko dira, hurrenez hurren. Kadeteak, aldiz, helduekin batera ariko dira, 12:00etatik aurrera hasiko den nagusien proban, eta Etxarriko kaleetan barna prestatutako zirkuituari bi buelta emango dizkiote (4,5 km). Aldiz, gazteek, seniorrek eta beteranoek hiru buelta emango dizkiote zirkuituari (7 km inguru). 

Printzipioz iganderako ez dute euririk iragarri eta Mank-ek lasterketan aritzera animatu ditu sakandarrak. Aurreko urtean, Olaztin, proba nagusian 70 korrikalarik hartu zuten irteera eta kategoria txikietan beste horrenbestek. Zubietako Raul Gomezek eta Cabanillasko Aitana Gilek irabazi zuten. 

Ongi etorri errefuxiatuak oinezko martxa 11:45ean

”Ongi etorri errefuxiatuak” leloa du Sakanako Herri Lasterketa-Burundesa Sari Nagusiak. Izan ere, Sakanakoa ez da lasterketa arrunta; kirol, kultur eta izaera soziala duen proba da, kasu honetan errefuxiatuen aldekoa. Horrela, lasterketa nagusia hasi baino ordu laurden lehenago, 11:45ean,, “Errefuxiatuen Aldeko Martxa, Ongi etorri errefuxiatuak” oinezko martxa abiatuko da. Etxarri Aranatzen prestatutako lasterketarako zirkuituari buelta bat eman beharko zaio. 2,25 km-ko oinezko martxa. Ekimen irekia da eta nahi duten orok har dezakete parte, doan.

Goizean barna, errefuxiatuen gaia lantzeko Sakana Harrera Haranaren eta HELPNA taldearen, Larrialdi Humanitarioetarako Nafarroako Suhiltzaile Bolondresen taldearen inguruko informazioa jaso ahal izango da Etxarri Aranatzen jarriko diren postuetan. Azken hauek Greziako errefuxiatuen kanpamenduetan lan handia egiten dute. Bi elkarte hauen informazioa jasotzeaz gain, Serbiako eta Greziako errefuxiatuen errealitatea eta bizipenak zuzenean ikusi eta entzuteko aukera izango da. 

Nolanahi ere, ekitaldiak goizetik hasiko dira. Goizeko 10:30ean magia ikuskizuna eskainiko du Maksim Magoak eta eguerdian umeendako jolasak izango dira eta henna margoketa.  

Izena ematea zabalik
Igandean, goizeko 10:00etatik aurrera mugimendua egongo da Etxarri Aranatzen. Goizeko 10:00etatik aurrera dortsalak jaso beharko dituzte korrikalariek, eta haurren lasterketan eta helduen lasterketan parte hartzeko izena ematea zabalduko da. Urriaren 25eko 22:00ak arte www.herrikrosa.eus web gunean egin daiteke izena ematea (8 euro), eta lasterketa egunean bertan, goizeko 10:00etatik 11:30ak arte, Etxarri Aranatzen (10 euro). Kategoria txikikoek, kadeteak eta gazteak barne eta Errefuxiatuen Aldeko Martxakoek dohain dute parte-hartzea. 

Sari ematea
Sari ematea 13:00ak aldera izango da. Sakanako Herri Lasterketako lehenengo hirurek eta lehengo hiru sakandarrek, gizonezkoek eta emakumezkoek, saria izanen dute, bertako produktuak. Horretaz gain, lehenengo kadeteek, jubenilek eta beteranoek, azken hauek hiru mailatan, saria jasoko dute ere. Bestalde, lasterketa bukatzen duten partaide guztien artean, Peio Goikoetxea masajistaren masajeak zozketatuko dira, afari eta bazkariak, partxis kolaboratiboa, Zurrumurruen kontrako mantala eta HELPNAren eta Sakana Harrera Haranaren kamisetak. Eta oinezko martxan parte hartzen dutenen artean bi pertsonendako bazkari edo afaria zozketatuko da.

Auzate berezia
Bukaeran, bildutako guztiendako auzate berezia izango da. Ohiko bertako jakiez gain, gurera bizitzera etorri diren jatorri ezberdinetako sakandarrek euren jaki tipikoak prestatuko dituzte. 


Sakanako Herri Lasterketako egitaraua

10:00 Dortsalak jaso.

10:30 Magia ikuskizuna Maksim Magoarekin, plazan.

11:00 Kategoria txikikoen lasterketak.

11:45 Errefuxiatuen Aldeko Martxa.

12:00 Helduen lasterketa.

12:00 Umeendako jolasak: piko-pikoa, txapak egitea eta henna margoketa.
13:00 Helduen sari banaketa eta auzate berezia


*Goizean zehar Serbia eta Greziako errefuxiatuen argazkiak ikusi eta haien testigantzak ikusteko aukera izango da