70 rollerskiatzaile Etxarri Aranatzen

Guaixe 2019ko urr. 31a, 11:21

Larunbatean XIII. Uharte Rollerski Saria jokatu zen Etxarri Aranatzen, Euskal Herriko Rollerski Ligarako baliagarria. Proba laburrean Nahia Iturria eta Ibai Aramendia gailendu ziren eta nagusian Henar Etxeberria eta Carlos Lannes

Larunbat goizean, eta eguzkia lagun, Uharte Ipar Eski Taldeak Etxarri Aranatzen antolatutako XIII. Uharte Rollerski Saria jokatu zen. Guztira 70 rollerskiatzaile aritu ziren, 14 proba laburrean (2,8 km) eta 56 proba nagusian (9,4 km), Euskal Herriko Rollerski Ligarako baliagarria zen proban. 

Rollerskia elurra ez dagoenean eskia lantzeko modalitate gisa sortu zen, entrenatzeko, teknika hartzeko eta eskian ikasteko ere bai. Finean, eski itxura duten gurpildun patinete antzekoak erabiltzen dira, rollerskiak, eta haiek jantzita eta bastoiak eskuan, ipar eskiaren antzeko mugimenduak egiten dira. Baina hasieran entrenamendu hutsa izateko jaio zen modalitatea hazi egin da eta bere entitate propioa hartu du. Horren erakusle Euskal Herriko Rollerski Liga, aurten 9 proba dituena, tartean larunbatean Etxarri Aranatzen jokatutakoa. Proba hauek, finean, eskiatzaileen topaketak izaten dira, eski denboraldiari ekin baino lehen jokatzen direnak. 

Rollerski klasikoa
Etxarri Aranatzen jokatutako XIII. Uharte Rollerski Saria rollerski klasikoan jokatu zen. Hau da, estilo honetan gurpilak ez dira atzeraka mugitzen, soilik aurrera, eta rollerskiak paralelo eramaten dira; horrela, rollerskiatzaileek uneoro eskiatzen egongo balira bezalako mugimenduak egiten dituzte. Beste estiloan, patinatzaile estiloan edo estilo librean, gurpilak ere atzeraka mugitzen dira eta rollerskiak V moduan eramaten dira. 

Bi distantziatan jokatu zen XIII. Uharte Rollerski Saria eta bi distantziek irteera eta helmuga bera izan zituzten, Etxarri Aranazko igerilekuetako bidean, errotonda ondoan dagoen Dorraukoetxea. Lehenik eta behin distantzia laburrekoak atera ziren (2,8 km), 14 urtetik beherakoak eta distantzia laburra aukeratu zutenak. Berroetako bideko zuzengunean aurrera egin zuten eta Lizarrustiko bidegurutzera iritsi baino lehen buelta hartu eta helmugara jo zuten. 8 emakume eta 8 gizon lehiatu ziren eta gizonezkoetan Ibai Aramendia izan zen azkarrena (11:13), Maren Velazquezen (11:49) eta Urtzi Goñiren (11:56) aurretik. Emakumezkoetan Nahia Iturria gailendu zen (11:09), Naroa Morenoren (11:15) eta Maialen Montoyaren (11:56) aurretik. 

Proba nagusian Etxeberria eta Lannes azkarrenak
Ondoren proba nagusia jokatu zen, Euskal Herriko Rollerski Ligarako baliagarria. 14 urtetik gorakoek hartu zuten parte bertan, 56 rollerskiatzaile guztira, 17 emakumezko eta 39 gizonezko. Distantzia laburrean bezala, Mass Start irteera izan zen; hau da, rollerskiatzaile guztiak batera atera ziren. Berroetako bideko zuzengunea gaindituta, Lizarrustiko bidegurutzean Lizarragabengoerantz jo behar zuten eta herria pasa eta gero, trenbide gaineko zubian buelta hartu eta helmugaraino iritsi behar ziren, buelta hori bitan eginez (9,4 km). Carlos Lannesek eta Unai Sanzek borroka oso estua izan zuten ibilbide guztian barna eta, azkenean, segundo eskas batengatik Carlos Lannes gailendu zitzaion (23:50) Unai Sanzi (23:51). Josu Erkizia izan zen hirugarrena (23:52). Bernar Garziandia etxarriarra 17.a iritsi zen helmugara (33:08). 

Ondoren, rollerskiatzaile guztiak Etxarri Aranazko plazan bildu ziren eta bertan sari ematea egin zuten, auzate ederraz gozatzen zuten bitartean. Hurrengo egunean Irrintzi Ski Klubak Ollakarizketatik Beorbururaino antolatutako 6 kilometroko igoeran, rollerski estilo librean parte hartzekoak ziren asko, Etxarriko probarekin batera Nafarroako Rollerski Asteburua antolatu baitzuten. Sari horiek igandean banatu ziren Beorlegin.