Ahotsik hoberenak Etxarri Aranatzen daude

Guaixe 2019ko aza. 4a, 13:31
Etxarri Aranazko Abesbatza 'Ahotsak' saioaren lehenengo fasean, Etxarri Aranatzen, Hibai Etxebarriarekin. UTZITAKOA

Etxarri Aranazko Abesbatzak ETB1eko 'Ahotsak' saioa irabazi du. Zortzi abesbatzekin lehiatu ziren finalean eta koru sakandarra gailendu zen, Hibai Etxebarria saioaren epailearen bi puntu erabakigarriak jaso ondoren

"Finala borobila izan zen, pentsaezina". Etxarri Aranazko Abesbatza sinistu ezinik dago. 'Ahotsak' saioaren lehenengo edizioaren irabazlea izan da. ETB1eko talent show-a Euskal Herriko abesbatzarik hoberenaren bila aritu da zortzi astez. Astero hiru abesbatzek parte hartzen zuten saioan, eta haietako batek finalerako txartela lortzen zuen. Hortaz, zortzi abesbatza iritsi ziren finalera: Bilboko Bilbotxeros, Basauriko Zirzira ahots taldea, Leioako Doriene abesbatza, Errenteriako Dizdizka abesbatza, Uga-Miravalleseko Ugaoko sare abesbatza, Atarrabiako Paz de Ziganda abesbatza, Hernaniko Dakapo abesbatza eta Etxarri Aranazko Abesbatza. Donostian egin zuten final handia eta astelehenean emititu zuten. 

Mikel Jauregi abesbatzaren ordezkaria izan da saioan zehar eta "hasieratik giro paregabea" sortu zela esan du. "Lehia hor zegoen, baina guztiontzat garrantzitsuena esperientziaz disfrutatzea eta gozatzea zen". Final handian abesbatza bakoitzak aukera bakarra zuen oholtzaren gainean, eta bertan "daukan guztia" erakutsi behar zuen. Estilo desberdinak ikusteko aukera izan zen, eta Jauregik esan duenez, emanaldi bakoitzetik "gauza asko ikasteko" aukera izan zuten ere. 

Aritz Adarrean-Katalin Julen Ezkurraren euskal kanta abestu zuen Etxarri Aranazko finalean. "Aukera ona egin genuela uste dut, euskal folklorea Etxarriko abesbatzaren ezaugarri nabarmenetariko bat baita". Abesbatzaren "potentzia eta indarra" erakusteko eman ziela azaldu du Jauregik, "baita abesbatzaren alderdirik sentikorrena ere". Telebistako saio bat zenez, "edozer gauza gerta litekeen", baina emanaldia "ona" egin zutela sentitu zuten. Beraz, "irabazteko itxaropena ere" zuten. 

Abesbatza bakoitzak aukeratutako abestia taularatu ondoren, bozketen garaia heldu zen. "Hor ere bikain joan ziren gauzak". Hiru abesbatzek Etxarri Aranazko abesbatzari eman zizkioten botoa, eta denon aurretik jartzea lortu zuten. Azkeneko hitza Hibai Etxebarria saioko epaileak eman zuen, eta Etxarrikoei eman zien bi puntu erabakigarriak. "Oso urduri geunden denak". Ondorioz, Etxarri Aranazko Abesbatza Ahotsak saioko lehenengo edizioaren irabazleak dira. 

Musikarekiko maitasuna
Lehiaketan parte hartu zuten abeslariak ez ziren aurretik elkar ezagutzen, baina Jauregik esan duen moduan, "bageneukan zerbait komunean: musika konpartitzearen eta sentitzearen maitasuna". Hortaz, nahiz eta lehia baten barruan egon "harremana eta giro ona sortzea" eragin zuela gaineratu du abesbatzako kideak. 

Irabaztea sari handia bada, are gehiago saria 5000 euroko txeke bat denean, baina "bizitako esperientzia" izan da gehien gustatu zaiena. "Telebistako programa baten barruan parte hartu, fase guztiak pasa, finalera iritsi eta irabaztea zoragarria izan da". Hortaz, "denondako" esperientzia berria izan da.

'Ahotsak saioko finala uztailean grabatu zuten, Donostian, eta astelehenera arte sekretua gorde behar izan dute: "ez da erraza izan, jendeak beti emaitza jakin nahi duelako". Gainera, Etxarrikoak irabazleak izango zirela "argi" zeukan jendea ere bazegoela esan du Jauregik, "hagitz ongi ezagutzen gaituzte". 

Euskal Herriko abesbatzarik onenaren titulua llortu eta gero Euskal Herrian "atari berriak zabaltzea" espero du Etxarri Aranazko abesbatzak. "Eta zergatik ez, Euskal Herritik kanpo ere". Haien ahotsak eta "musikarekiko sentitzen dugun pasioa" jende gehiagori iristea da abesbatzak hartuko duen erroka. Sariarekin "koruarentzat onuragarria den zerbaitetan" inbertitu nahi dute, esaterako, 2020ko abenduan abesbatzaren 50. urteurrena ospatzen hasiko direla azaldu du Jauregik.