Birikek bizitzeko beharrezkoa dugun oxigenoa hartzen dute eta, aldi berean, karbono dioxidoa kanporatzen dute. Birikarik gabe akabo gu. Hizkuntzekin ere antzeko. Biziko badira arnasa hartuko duten birikak behar dituzte. Eta zein dira hizkuntzaren birikak? Gure kasuan euskara asko hitz egiten diren herriak, ikastetxeak, lantokiak, euskaltegiak, elkarteak eta abar. Hizkuntza modu naturalean bizi eta haren transmisioa ziurtatuta dauden espazio horiei euskararen arnasguneak deitzen zaie. Haietan euskarak oxigenoa hartzen du eta hizkuntzaren hedapenean laguntzen du.
Horren jakitun dira Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoa, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea, Bizkaiko Foru Aldundia eta Gipuzkoako Foru Aldundia. Eta, guztiak bat hartuta, arnasguneen garrantzia aitortu dute Arnasa Gara kanpainaren bidez. Herri euskaldunetan bizi diren euskaldunei azpimarratu nahi diete “euskararen ongizatean garrantzia” dutela, hizkuntzarendako pertsona garrantzitsuak direla eta, horregatik, ahaldundu nahi dituzte, euskararendako birika izaten jarrai dezaten.
Nolakoa da arnasgunea
Hizkuntzaren arnasgune diren udalerri euskaldunetan herritarren % 80k edo gehiagok euskara daki. Baina beste ezaugarri batzuk ere badituzte arnasguneek. Batetik, aldamenekoen lehen hizkuntza euskara izan ohi da, euskalkian askotan, eta erabat naturala da euskaraz bizitzea eremu guztietan. Bestetik, hizkuntzaren transmisioa dago. Herri euskaldunetan gurasoetatik seme-alabetara transmititu da hizkuntza, modu naturalean. Arnasguneetako hizkuntza “normala” da, eta egunero berritzen ari da, bertako bizilagunek egoera guztietarako erabiltzen dutelako.
Azkenik, hauskortasuna dago. Arnasgune diren herriek ez dituzte herritar ugari. Herri txiki horiek, hizkuntza-errealitate ahulagoa dute; beraz, aldaketen aurrean sentikorragoak, hauskorragoak dira. Azken hamarkadetako aldaketa sozial eta ekonomikoek eragin zuzena izan dute arnasguneetan. Herrian gertatzen diren aldaketek eragina daukate hiztunengan, hizkuntzarengan.
Arnasgune guztiak ez dira berdinak, errealitate konplexua da. Baina herri euskaldun batzuetako euskaldunen iritziak jaso zituzten aipatu erakundeek joan den urtean. Eta ondorioztatu zutenez, arnasguneetako herritarrak euskaraz bizi daitezke naturaltasun osoz, aukera naturala edo erronka izan. Hala ere, herritar askok uste dute inguruko herrien hizkuntza-errealitatea hobea dela. Euskal Herriko eremu gehienekin alderatuta egoera “hobea” dela aitortzen badute ere, euskararen erabileran gainbehera sumatzen dute beren herrietan. Migratzaile itxura dutenekin askok ez dutela lehen hitza euskaraz egiten aitortu zuten.
Eta batzuk euskararekiko edo norberaren euskalkiarekiko konplexuak dituztela adierazi zuten. Eta, aldi berean, herritar askok aipatu dute beren harrotasuna euskalkiarekin lotuta dagoela. Herri batzuetan elkarrizketa elebidunak ohiko bihurtzen ari direla gaztigatu zuten. Gehienek lagun-eremuan euskaraz egiten dute, baina erdaldunen bat badago gaztelerara salto egiten dutela aipatzen dute. Guztien pertzepzioa zen haurrek gero eta gehiago egiten dutela gazteleraz. Herritik ateratzean euskarari eusten dioten gehienak gazteenak dira.
Aldi berean, herri euskaldunetako lantokietan gaztelerak duen presentzia altuagatik kezka dute. Merkataritzan eta ostalaritzan hizkuntza nagusia euskara dela nabarmentzen dute, nahiz eta telebista gaztelaniaz jartzen dela aipatu.
Garrantziaren zergatia
Herri euskaldunak euskararen birikak, arnasguneak, direla esatea polita da. Baina euskararen eraberritzean arnasguneek duten garrantzia zertan nabaritzen da? Hiru arrazoi daude. Aurrena, eredu dira herri euskaldun horiek, arnasguneak. Zehazki, arnasguneetako herritarrak eredu dira euskararen normalizazioan. Erakusten dute posible dela euskaraz bizi den herria izatea, eta posible dela euskaraz egitea bizitzako esparru guztietan: lagunartea, lana, erosketak... Gaur egun, gainera, arnasguneetako erakunde asko ere eredu dira, eta erakutsi dute euskara politikarako eta administraziorako hizkuntza ere badela.
Bigarrena, biziberritzea da. Arnasguneetako herritarrak herriko sektore guztietan aritzen dira euskaraz, ahozko komunikazioan bereziki. Eta hizkera informalak eta naturalak hitz eta molde berriak ekartzen dizkio euskarari, hizkuntzarendako ezinbesteko berrikuntza, egunero biziberrituz. Atzeneko arrazoia da hedapena. Arnasguneek euren ereduarekin bizitza euskaraz egin daitekeela gogorarazten dute egunero. Bestetik, bertako herritarrak gainontzeko euskaldunekin hizketan daudenean euskaraz aritzeko joera nagusitzen da, euskara-ohiturak hedatuz.
Serie digitalaren mustutzea
Arnasa Gara kanpainaren Etxarri Aranazko aurkezpena hilaren 17an eginen da, kultur etxean. Aurkezpenean Kartzela serie digitala mustuko da. Bertsolari Txapelketa Nagusiaren ondoren BECen harrapatuta, ezin atera, gelditzen diren sei pertsonen istorioa kontatzen da serie horretan. Aktoreren bat ere izanen da mustutzean. Eta auzatea ere izanen da.