Zure egunerokotasunean euskaraz bizi zara?
Josetxo. Egunero etxean euskaraz hitz egiten dugu. Baina kalean tokatzen dira erara egin beharreko momentuak.
Joxe. Nahiz eta etxea eta ingurua euskalduna izan toki zehatzetan, izan daiteke denda bat edo taberna bat… ez da posible edo oso zaila da euskaraz hitz egiten segitzea.
Susanna. Etxetik atera eta euskaraz bizitzen saiatzen naiz. Toki batzuetan zaila da. Topatzen zarenaren edo elkarrizketa motaren arabera. Kontaktua motza bada euskaraz egiten saiatzen zara. Hemen, segun zertarako, denok ulertzen dugu. Erantzun? Agian gaztelaniaz. Nire kasuan, Katalunian, normala da zuk katalanez hitz egitea eta erdaraz erantzuna jasotzea. Eta zuk katalanez jarraitu. Ez dizu katalanez erantzungo, baina beste pertsonak ulertzen zaitu.
Irati. Gazteen artean denak ari gara euskaraz Etxarrin. Astez Gasteizen bizi naiz eta kostatzen zait, baina Etxarrin, beti euskaraz. Denda edo taberna batzuetan ez dakite baina, bestela, bai.
Urteetan aldaketa nabaritu da?
Jtxo. Bai. Esaterako, gu 10-15 urte genituela erdaraz asko egiten genuen. Neskatoak gehiago oraindik. Aurki, bai. Hala zen. Nik uste orduan arrisku handian ikusten zela euskara. 8-10 urterekin kalean erdaraz hasi nintzen. Aitak “belarrimotxa” esan eta kaskarrekoa jotzen zidan. “Penatu ber dakik euskias ez jakitte” esaten zidan baita ere.
J. Gu gazte ginenean gaurko gazteak baino joera gehiago genuen erdararako. Alde horretatik, gaurko gazteak gure garaian baino askoz gehiago hitz egiten dute.
Beraz, euskararen egoera eta erabilera hobetu da, ezta?
Jtxo. Bai. Ikastola hasi zenean, lehendabiziko hamar urteetan, ikusten genuen gazteek nahiz eta ikastolara joan kalean erdaraz segitzen zutela. Baina hamarren bat urte pasa eta horrek buelta eman zuen. Niretako kintada pila bat daude gutxi egiten dutenak, 40-45 urtetik 50-55 urtetara.
Zergatik egiten duzu euskaraz?
Jtxo. Etxean gogor egiten zigutelako. Eta orain kultur-ondare handia delako. Dudarik gabe.
J. Nire kasuan kontzientzia edo ideologia politikoak ere zer ikusi handia du. Hazten joaten zara eta hizkuntzari ere beste dimentsio bat ematen joaten zara. Ez da bakarrik etxeko hizkuntza, kultura… Nere kasuan beste balio erantsi bat ere badu, esaterako, Euskal Herriarekin lotzen dut.
S. Euskal Herrian bizi naizelako hitz egiten dut euskaraz. Eta hizkuntza zoragarria da. Horregatik hasi nintzen ikasten. Niretako hemen euskaraz egitea normaltasuna da. Ez dut imaginatzen hemen bizitzea eta euskara ez jakitea.
I. Azkenean, euskaraz hitz egiten duen guztia militantea da, modu batean edo bestean. Atzean ere, nortasuna dago.
Zuen keinu hori, euskara hitz egitearena, konturatzen zarete oso garrantzitsua izan daitekeela?
Jtxo. Kontziente garela uste dut. Gero bizitzan une desberdin handiak daude. Iruñera medikutara joaten zara eta han, igual, ez dugu egiten herrian egiten duguna. Hori medikutan gehien. Edo abokatuetara joanda, edo halakoetara.
S. Saiatu lehenengo hitza beti euskaraz izaten, ez. Eta bigarrena baita.
J. Keinu txikiek bere garrantzia dute. Baina batzuetan nahiko nekagarria ere bada. Etxarrin ez, baina hemendik kanpo jasotzen dituzu erantzunak, edo ez erantzuna… Batzuetan niri zaila egiten zait jarrera hori mantentzea hemendik kanpo.
Gaurko gazteek aurrekoek baino euskarazko erreferente gutxiago dauzkate?
J. Ni gazte nintzenetik euskal kultura asko indartu da. Baina egia da espainiar kultura 100 aldiz gehiago biderkatu dela. Orain dela 30 urte baino euskarazko hedabide gehiago ditugu, baina espainiar eta frantziarren kasuan milagatik biderkatu dira. Aldea handitu egin da eta, proportzionalki, erreferentzia euskaldun gutxiago ditugu maila guztietan.
S. Toki guztietako erreferente ugari daude. Efimeroak, aldakorrak dira.
I. Euskal kultura indartu beharrean euskal kulturara ekarri behar dira beste kulturetako ereduak. Ez dakit euskal kulturarendako onak diren edo ez. Guk txikitan telebista, ETB 1, marrazki bizidun guztiak euskaraz ikusten genituen. Eta orain denak erdaraz ikusten dira eta horrek nik baino gazteagokoengan eragina dauka.
Gaur egungo umeengan jartzen dugu euskara ez erabiltzearen erantzukizuna. Gurasoengan ez genuke
arri beharko?
Jtxo. Gazteak, normalean, gurasoei egiten ikusten dietena egiten dute. Eta guk Espainiako telebista pizten badugu, ba… haiek normaltzat hartuko dute hura ikustea. Nere ustean hor dago gakoa. Guk ez badiegu erakusten guri iruditzen zaiguna, baina guk eginda gero… Hori ez da erraza.
J. Urte askotan esperantza osoa irakaskuntzan jarri da. Uste genuen haurrak euskaldunduz gero horrek berez ekarriko zuela jendartea euskalduntzea. Horrela ez dela ikusten ari gara. Hezkuntza sistema zati oso garrantzitsua da, baina gizarteko atal bat da bakarrik. Erdararen inertzia oso handia da. Agurainen lan egiten dut, eta ez dut uste toki bakarra izanen denik, baina Agurainen guraso euskaldunak dauzkan haurrak 2-3 urterekin D ereduan sartzen da eta 5 urterekin erdaraz daki. Oso adierazgarria da. Zergatik pasatzen da hori haurretan? Zeren gaztetan esaten duzu: “gazteek aukeratzen dute hizkuntza bat edo beste”. Baina haurretan ez, prozesu naturala da. Kezkagarria da.
S. Hainbeste pantaila, ez? Guk haurrekin zorte handia izan genuen Pirritx eta Porrotxekin. Bideoak jartzen zenituen eta, tira, interesgarriak. Oso aberasgarriak. Baina ETB3 jartzen duzu eta haurrek beste marrazki bizidunekin konparatzen dituzte eta beste kanalak erakargarriagoak zaizkie. Telebista piztu eta euskarazkoa jartzea galdu egin zen. Edo bideoa jarri, edo telebista kanala aldatzen zuten.
Euskalkiari garrantzia ematen diozue?
Jtxo. Nik bai, behintzat. Inportantea ikusten dut bizirik egon dadila. Eta batera euskara batua. Bestela, nola leitu… Biak joan behar dute. Bata ez da bestearen kontra joaten. Aberastu egiten dira elkar.
I. Gazteok ez dugu zaharrek egiten duten euskalki bera egiten, baina euskalkian aritzen gara.
Jtxo. Horixe badagoela aldaketa. Dudarik gabe. Gu analfabetoak ginen euskaraz. Beharko eta, herrikoa besterik, ez genekien gehiago. Normala da guk… Joxeren ama da Etxarrin herriko euskalkian polittena egiten duena.
Adineko jendea kanpora joan eta bere euskalkiarekin doa. Gazteagoak joaten gara?
J. Nik urte askotan euskara baturako joera izan dut. Ez dakit zergatik. Orain aldatzen saiatzen ari naiz. Lantokian, lankideekin, saiatzen naiz gero eta jende gehiagorekin Etxarriko euskaraz egiten. Batzuekin egiten dut. Beste batzuekin, segun egoerak, elkarrizketa errazak. Eztabaidan sartzen garenean, oraindik ez dut lortu. Garrantzitsua da gureari balioa aitortzea.
S. Nik batua ikasi nuen. Etxarrira etorri nintzen eta esan nuen: “nik ez dakit zer ikasi dudan, baina hemen ez dute hitz egiten…” Baina gero pixka bat ikasten duzu, deduzituz, erabiliz… Zaila da, baina, beno, saiatzen naiz.
J. Zalantza bat. Igual beste aldera pasatzen ari gara. Ni gero eta gehiago irakurtzen ari naiz kartelak eta gauzak euskalkian. Ez dakit hori ere ona den. Idatzitako hizkuntza kode bat da, ahozko hizkuntza beste bat da eta, hor, nik zalantzak ditut.
Jtxo. Kartela, herrian banatu behar den edo eskualdean, edo Euskal Herrian… Herrikoan eginen duzu herrikoa, ezta?
J. Kuriosoa da. Whatsapp bat jasotzen duzu Espainiako kartel batekin eta jartzen du: “vamos pa´lante”. Eta esaten dugu: “jo, zein analfabetoak diren! Ez dakite ezta idazten ere”. Eta gero hemen leitzen duzu…
Jtxo. Batuan leitzera ohituta bagaude, gero herriko kartel hori, nekez, kosta egiten dakigu hausnartzea. Eta gure hizkuntza da, baina ez gaude ohituta batuatik kanpo leitzera.
Aukeran, zer behar du orain Etxarrik?
Jtxo. Herri txikietan, jende kopuru gutxi denez, zaila da alfabetatzeko tresnak, gelak, irakasleak, izatea. Eta, esate baterako, ez gaitezela Ergoienara joan. Arazoa da. Herria nahiz txikiagoa izan, beste tresna batzuk eman behar zaizkio, hiriburu batek dauzkanak. Hiriburuetan herrietan baino aukera gehiago dituzte, bai hizkuntza bai euskal kultura ikasteko.
S. Euskaldunek euskaraz hitz egin behar dute. Euskaldun berri batek ikusten badu euskalduna erdarara pasatzen dela, bera deskolokatzen da eta errazagoa zaio erdarara pasatzea. Arazoa da euskaldunak euskaraz ez egitea.
J. Etxarrin dakigunok hitz egitea da inportanteena. Etxarri herri txiki bat, ekosistema txiki bat da. Euskara normalizatzea nahi baldin badugu, erronka segitzen du izaten ezagutza Nafarroan eta Euskal Herrian zabaltzea. Nafarroan, bereziki. Hemendik ateratzen garenean, berdin da administraziora, Osasunbideara edo lantokira joan. Euskaraz ez dakienak guri ere ez digu euskaraz egiten uzten. Batzuetan nahikoa da pertsona bat edo bi talde handi batean egotea talde guztiak erdaraz egiteko. Ezagutzaren bataila oraindik ez dugu irabazi. Jakina, Etxarriren egoera berezia da. Sakanako herri batzuena ere. Baina…
Etxarriko ahulguneak zeintzuk dira?
J. Ez dakit zein den egoera zehatza osasun etxean. Badakit harreran euskaldunak daudela. Ni joan naizen azken alditan mediku euskalduna tokatu dakit. Desberdina, baina nire parean euskaldunak izan dira. Baina uste dut pediatrian oso hutsune handia dagoela. Musika eskolaren egoera zehatza zein den ere ez dakit.
Jtxo. Euskara ez dakien bertako jendearekin behartuta zaude erdaraz hitz egitera.
S. Ez dakiten pertsona konkretuekin… Pediatrarena, bai.
Eta indarguneak?
S. Ikastola, udala.
J. Ikastola betitik. Baina eskolan aspaldi lortu zen A eredua kentzea. Hori oso positiboa da.
I. Gaztetxea.
J. Orokorrean jarrera ona dago. Urte askotan jende askok egin du lan diferente oso baliagarria. Emaitzak eman ditu. Aldeko giroa izatea lortu da. Kontzientzia ere: “euskaraz egin behar dugu”.
Nola irudikatzen duzue etorkizuneko Etxarri Aranatz?
Jtxo. Gaztetan ikusitakoa ikusita, nik oso ongi ikusten dut. Euskaldunagoa izanen da.
S. Bai.
I. Espero baietz.
J. Hori nahi dut, baina kezkak badaude. Jendeak gero eta gehiago bidaiatzen du, jende gaztea kanpora joaten da ikastera… Ez dakit hizkuntzarekiko atxikimendua mantenduko ote duen. Beste hizkuntzak oso indartsuak dira. Gaur hartzen dugun erabakien arabera etorkizuna modu batekoa edo bestekoa izanen da. Baikorrak izatea besterik ez daukagu.