Futbola

Osasunako jokalariak Etxarri Aranatzera

Guaixe 2019ko aza. 26a, 12:33
Aurreko urtean Unai Garcia eta Endika egon ziren Etxarrin. Aurten ez dakigu nor etorriko diren.

Bihar, asteazkenean, azaroaren 27an, Osasunako 2 jokalari, klubeko kideez lagunduta, Etxarri Aranazko Kultur Etxera hurbilduko dira, 18:00etan, bertako zaleekin egon eta haien galderak erantzutera

Urtero klasiko bat bilakatu da Osasuna taldeko jokalari batzuk Etxarri Aranatzera egiten duten bisita. Ekitaldia Etxarri Aranazko Udalak, Osasuna Fundazioak, Osasuna Futbol Taldeak eta Etxarri Aranatz Kirol Elkarteak antolatzen dute. Etxarrin Osasuna Fundazioko taldea dago, eta txikienek euren idoloak gertutik ikusteko aukera paregabea izaten dute Osasunakoek urtero egiten duten bisitarekin. Oraindik ez dakigu zein jokalari hurbilduko diren asteazkenean Etxarrira, baina euskaldunak izatea eta ahal bada ere emakumezkoen taldeko jokalariren bat etortzea eskatu dute Etxarriko udaletik. 

Ekitaldi irekia da, eta bertara joatera animatu dituzte herritarrak
Jokalariak Osasunako juntako kideekin hurbilduko dira bihar, asteazkenean, Etxarriko Kultur etxera. 18:00etan hasiko da ekitaldia eta herritar guztiak gonbidatu dituzte. Bildutakoen galderak erantzuteaz gain, nahi duenak jokalariei sinadura eskatzeko aukera izanen du. 

Zozketak
Osasunako babesleetako bat den Lacturalek zozketa berezia antolatu du egun horretarako, Zozketa Osasunzalea. Horrela, Etxarriko Kultur Etxera eramaten duten 6 litroko eske-kutxa huts bakoitzarengatik, edo Lactujogurt-kutxa huts bakoitzagatik txartel bat jasoko dute, eta Osasunaren baloiaren eta egun horretan joaten diren jokalarien kamiseten zozketarako (lagun bakoitzeko gehienez 10 txartel). Horretaz gain, Osasuna klubeko kirol eta eskola materiala ere zozketatuko da Etxarri Aranatzeko ekitaldira hurbiltzen direnen artean.