Aizkora

“Txapela lortuta, hurrengo urtean lehen mailari eustea da erronka”

Maider Betelu Ganboa 2019ko aza. 22a, 12:05
Goizeder Beltza, txapela jantzita eta bere haurrekin.

Nafarroako 2. Mailako Aizkora Txapelketa irabazi du Goizeder Beltza Igoak eta abenduaren 14an Otxandion jokatuko den 3. Mailako Euskal Herriko Aizkora Txapelketan lan ona egitea da etxarriarraren hurrengo nahia. 2020 urtean Nafarroako 1. mailan ariko da eta mailari eustea izango da bere erronka

Azaroaren 10ean Nafarroako 2. Mailako Aizkora Txapelketako finala jokatu zen Aldatzen. Sakandar bakarra lehiatu zen, Goizeder Beltza Igoa. Lehia estua izan zuen Xuban Kañamaresekin, baina lau segundoko aldeari esker etxarriarrak jantzi zuen txapela. Txapelduna izateaz gain, mailaz igo eta hurrengo urtean Nafarroako lehen mailan ariko da. Egun, abenduaren 14an Otxandion jokatuko den Euskal Herriko 3. Mailako Aizkora Txapelketa dabil prestatzen, ahalik eta lan txukunena egiteko. 

Zorionak! Nafarroako 2. mailako txapelduna eta, gainera, lehen mailara igotzea. A ze saria…
Bai, sari doblea izaten da, baina gustura. 

Irabaztea espero zenuen?
Espero, espero... beti joaten zara ahal den hobekiena egitearen intentzioarekin, ilusio horrekin entrenatzen duzu eta asmoa hori zen. Sari ona atera zen eta beno! 

Zuk 21:54 minutu behar izan zenituen lanak egiteko eta bigarrenak, Xuban Kañamaresek, 4 segundo gehiago. Beraz, final oso estua, ezta?
Bi kanaerdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko bat genituen erdibitzeko. Egurren ordena denek berdina dugu: hasieran kanaerdikoak, gero 60 ontzakoak eta gero oinbikoa, txikitik handira eta handitik txikira. Parez-pare joan ginen uneoro. Batek enbor bat bukatu, bestea hasi... Azkeneko enborrean, kanaerdikoan, bera hasi zen aurretik eta nik naukan gutxitik dena eman nuen eta irabaztea lortu nuen. 

Atzetik Patxi Mindegia, Jesus Etxeberria eta Mikel Indakoetxea sailkatu ziren, baina alde gehiagorekin, 2 minutuko aldearekin gutxi gora behera. 
Alde polita izan zen, baina ni nire lanarekin ez nintzen oso gustura gelditu. Nerbio arazoekin ibiltzen naiz, eta txapelketetan gaizki jartzen naiz, korteekin ezin asmatu… Finalean ere horrela ibili nintzen. Etxean entrenatzen primeran ibiltzen naiz, baina txapelketetan urduritzen naiz. Badaude egunak dena ondo hasten dela, disfrutatzen duzula eta ongi ateratzen dela, baina Nafarroako 2. mailako finala niretzat ez zen ospatzeko eguna izan. Ongi entrenatuta eta ongi deskantsatuta nengoen eta horrekin atera nuen txapela, baina egunean bertan egindako merituekin ez. Baina beno, 2. mailako Nafarroako txapelduna naiz eta horrekin gelditzen naiz. 

Nerbioena nola landu eta gainditzen da?
Ba ez dakit, nire lagun batek esaten dit hori ez dela Eroskin saltzen (kar, kar...). Batzuetan urteekin gainditzen da, baina ni txikitan ere horrela nintzen, eta horrela segitzen dut. 

Uste duzu arazo horrengatik akaso ez duzula lehenago aurrera egin?
Bai. Finaletan normalean lotuta egoten naiz. Ez naiz bakarra, beste batzuei ere gertatzen zaie. Badaude batzuk plazan etxean baino gehiago egiten dutenak. Eta ni aldrebes. Entrenatzen ikusten nautenean ingurukoek esaten didate, etxean gehiago mozten dudala. Baina balio duenak plazakoa da. 

Noiz hasi zinen aizkoran?
Berandu, 30 urterekin, Sakanako Aizkora Eskolan. Probatzeagatik hasi nintzen. Beti gustatu izan zait. Axio Floresekin hasi nintzen eskolan, eta harrek animatuta segi nuen, eta seme-alabek uzten didaten bitartean, segituko dut. Eskolan hasi nintzen, baina aspaldi nire kabuz entrenatzen dut, bordan, aitaren laguntzarekin. Sakanako Aizkora Eskolako irakasle ere izan nintzen tarte batean, baina lana, familia… utzi behar izan nuen. 

Noiz atera zinen plazara, txapelketetara?
33-34 urterekin. Nafarroako 3. mailako txapela 36 edo 37 urterekin irabaziko nuen, eta aurtengoa uste dut Nafarroako 2. mailako laugarren finala izan dela. Gaur egun bi txapela ditut, Nafarroako 2. mailakoa eta 3. mailakoa, ofizialak horiek bakarrik. Eta gero torneoren bat edo beste. 

Egun zenbat entrenatzen duzu? Bikain tailerreko mekanikari lanak ez dizu asko utziko, ez?
Tailerra ere gurea da eta azkenerako, badakizu, lana ez da bukatzen. Ni normalean aizkoran entrenatzen hasterako arratsaldeko zortziak dira. Egurrak eguerdiko tarte batean prestatzen ditut, arratsaldeko beste ratotxo batean... familiari denbora ostutzen. Nafarroako Txapelketa honetarako astean hiru aldiz ibili naiz entrenatzen. Bi entrenamendu fuerte, beste bat arinagoa, gero fondoa egiteko mendian bueltaren bat eman... ez dut denbora handirik, baina ezin naiz kexatu. 

Lehenengo mailako proba batek ze aldea du 2. mailako batekin? Bikoiztu egiten da?
1. Mailako Nafarroako kanporaketak izango dira 2. Mailako Nafarroako finala bezala: bi kanaerdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko bat, eta 1. Mailako finalean bikoiztu egingo da lana; kolpean lan bikoitza. 

Hortaz, hurrengo urtean entrenamenduak aldatu beharko dituzu...
Hurrengo urtean 10 aizkolari egongo gara Nafarroako 1. Mailan, lehendabiziko bostak finalerako sailkatuko dira baina azkeneko biak 2. Mailara jaitsiko dira. Hortaz, nire helburua da 2. Mailara ez jaistea. Bakoitzak badaki non dagoen, eta esatea helburua finalera sartzea dela, gehiegizkoa izango zen niretzat, pixka bat surrealista. Mailari eustea ere bada nahikoa lan. Pentsa, aurtengo Nafarroako 1. Mailako finalean txapelduna Iker Vicente izan zen, gero Juanjo Lopez, Jon Rekondo… Nafarroan maila gehiagorik ez dago, horiek dira onenak, eta beraiekin ariko beharko dut. 

Ez dira bakarrik Nafarroako onenak, Euskal Herriko onenak ere badira...
Bai, Vicente da Euskal Herriko 1. Mailako txapelduna, eta Rekondo ere han ibili zen, finalean. 

Nolanahi ere, Nafarroako 2. Mailako txapela buruan, ongi sentituko zinen...
Kostatu zait, ez pentsa, eh? Oraindik ez dut txapela ospatu... Finalaren egunean letxe txarrean etorri nintzen etxera, disgustuarekin, bazkaldu eta kitto. Horrela izan zen. Askotan igual ongi moztu duzu eta irabazten dizute, eta konforme gelditzen zara. Baina finalean ez nintzen gustura egon, dezepzioa hartu nuen. 

Beno, pentsa beste alde batetik, hobetzeko aldea baduzu...
Bai, margena beti dago, eta esperantza hori dut. Abenduaren 14an Euskal Herriko 3. Mailako Aizkorako finala jokatuko dut Otxandion, eta ilusio horrekin nago, ea ongi mozten dudan eta denbora ona egiten dudan. Lana motzagoa da: 3 kanaerdi eta 2 60 ontzako erdibitu. Sei finalista gaude, ni bakarra Sakanakoa. Ez dut helbururik jartzen, nahi nuke disfrutatu eta lan on bat egin. Etxean egiten dudana egiten badut, nahiko. 

Noiz hasiko zara lehen mailarako gogorrago entrenatzen?
Urte berriarekin batera. Maiatzetik aurrera erakustaldiak hasten dira, gero San Ferminetan ere erakustaldi eta txapelketak, herriko festetakoak, eta udazken-negu aldera txapelketak. Ni normalean maiatzerako nahiko ongi egoten naiz, ez topera baina bai ibilita. Eta hurrengo urtean ere horrela aritu nahi dut. Erakustaldietara ongi joan behar da, maila ematera, gutxienik itxuran ibiltzeko.

Tailerra, seme-alabak, entrenamendu gehiago.... nola uztartuko duzu dena?
Orain bezala, alde batetik bestera lasterkan. Lo egitea ere behar da, lo gutxi eginda gorputza ez baita errekuperatzen. Askotan hobeago da atseden on bat entrenamendu on bat baino, ongi errekuperatzeko. Asko entrenatu baina behar bezala errekuperatzen ez bada, goraka baino beheraka egiten da, eta gero forma errekuperatzea kosta egiten da. Oreka mantendu behar da, eta ez da erraza. Baina saiatuko gara. Nik asteburuak aprobetxatzen ditut. 

Sakanako Aizkora eskolak gazteak aizkoran trebatzeko egiten duen lana nola baloratzen duzu?
Ni bezala asko hasi ziren bertan. Nik uste dut aizkoran hasteko ia modurik bakarra dela Sakanako Aizkora Eskola, bestela asko ez ginateke hasiko. Ni, Iban Resano, Arkaitz Jauregi, Eloy Corchero... guztiak bertan hasi ginen, eta baita gazte asko, aizkora probatzeko aukera izan dutenak. Ez baduzu familian motozerrarekin iaioa den bat eta guztia prestatzen laguntzen dizuna, ezin zara 10-12 urterekin aizkoran hasi. Eta jendeak ez du merezi bezala baloratzen zerbitzu hau. Urte luzez jarrai dezala, lan ona egiten duelako. Meritu handia dute irakasleek. Floren Nazabal eta aita hasi ziren, gero Jose ignacio Flores ibili zen, hark uztean Juanito Erdozia sartu zen, gero ni aritu nintzen eta orain Juanito, Miguel Angel eta Juanjo Erdozia dabiltza. Lan asko egiten dute eta ez da nahikoa baloratzen egiten duten guztia. 

Sakanako Harrijasotze Eskolak ere lan handia egiten du. 
Igual-igual, Mikel Lasarterekin entrenatzen dira, Irurtzunen. Gero plazan elkartzen gara eurekin. Sakanako herri kirol eguna egiten dugu, erakustaldiren bat... Gurea jende gutxiko kirola da eta horregatik  denak ezagutzen gara, eta polita da sortzen den laguntasun giro hori. Bati laguntzen diozu, gero berak zuri... azkenean lagun koadrila bat gara. Lehiaketa lehiaketa da, baina lehiakortasuna bertan gelditzen da; gero lagunak gara.