Ekimenaren Etxarri Aranazko aurkezpenean herri euskaldunetako, arnasguneetako herritarrei aitortza egin zitzaien, euskararen normalizazioan eredu izateagatik. Bertaratu zirenek abenduan mustuko den Kartzela web-sailaren bi kapitulu ikusteko aukera izan zuten. Kultur etxean izan ziren ere web saileko bi aktore: Ainhoa Etxebarria ondarruarra eta Juanen Saralegi lesakarra. Haiek filmaketako anekdota batzuk aipatu zituzten eta, arnasgunetako herritar diren aldetik, haien bizipenak kontatu zituzten. Etxarriarrak, “harrokeriarik gabe, baina harrotasunez” euskaraz bizi eta euskara inguruko herrietara zabaltzera animatu zituzten. Bertaratu zirenek haien ekarpenak egiteko aukera izan zuten. Despeditzeko, auzatea izan zen.
Elkarlana arnasguneen alde
Arnasa Gara ekimena Nafarroako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak, Iparraldeko Euskararen Bulego Publikoak eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) bultzatu dute. Helburua arnasguneek euskararendako duten garrantzia nabarmentzea da, eta arnasgune diren herrietako biztanleak ahalduntzea, aitortza eta kontzientziazioa indartzea. Arnasguneak garrantzitsuak dira euskararendako, herri horietan “euskara modu naturalean ari baita taupaka, sendo eta osasuntsu”. Baina aldi berean “hauskorrak” ere badira eta horregatik beharrezkoa da haiek babestea.
Lehen fasean UEMAko 22 herritan ari da garatzen kanpaina, tartean, Etxarri Aranatzen. Ondoren, Euskal Herri osora zabalduko dute udalerri horien errealitatea eta garrantzia.
Web sailaren aurre-estreinaldia
Kartzela web-saila arnasguneei buruzko fikziozko lana da eta zazpi kapituluk osatzen dute. Web seriea Hiru Damatxok ekoitzi du. Protagonistak BECen harrapatuta dauden sei lagun dira. Guztiak arnasgune diren herrietakoak dira, baina, topikoak hautsiz, era askotakoak dira. Pixkanaka topo eginen dute beraien artean, eta eraikinetik nola atera pentsatzen hasiko dira. Web saila abenduan mustuko dute Durangon. Ondoren, internetez ikusteko aukera egonen da.