Paleta goma

"Nafarroako txapela lortzeak asko poztu nau"

Maider Betelu Ganboa 2019ko aza. 29a, 12:45
Irati Igoa eta Maite Ruiz de Larramendi, Aristorenarekin txapela ospatzen.

Irati Igoak eta Maite Ruiz de Larramendik Nafarroako Kluben Arteko Emakumezkoen Binakako Paleta Goma Txapelketa irabazi zuten Toki Alai pilotalekuan

Larunbatean jokatu zen, Uharte Iruñeko Toki Alai pilotalekuan,  Nafarroako Kluben Arteko Emakumezkoen Binakako Paleta Goma Txapelketako finala. Alde batean, Mendillorri klubeko Espinal eta Azanza, eta bestean Oberena klubeko Irati Igoa etxarriarra eta Maite Ruiz de Larramendi. 
Final entretenigarrian, Irati Igoak eta Maite Ruiz de Larramendik hartu zuten aurrea. Aurrelari etxarriarrak partida bikaina ondu zuen, eta aurreko koadroetan Espinali gailendu zitzaion. Azkenean, 17 eta 30 irabazi zuten Irati Igoak eta Maite Ruiz de Larramendik eta Nafarroako txapeldunak izan ziren. Unai Lasok jantzi zien txapela.  

Zer moduz joan da txapelketa?
Bost bikote lehiatu ginen Nafarroako Kluben Arteko Emakumezkoen Paleta Goma Txapelketan: Oberena klubetik Murillo-Lusarreta eta gu, Igoa-Ruiz de Larramendi, Mendillorritik Espinal-Azanza, Txarutatik Dendarieta-Iriarte eta Auñamenditik Saragueta-Ardanaz. Ligaxka jokatu zen,  denak denen kontra, eta gero finalerdiak eta finala. Hasieran ez genuen argi finalerdietarako sailkatuko ginen ala ez, ligaxkan bi partida irabazi eta beste bi galdu genituelako, baina azkenean tanto averageagatik edo egindako tantoak kontuan hartuta, finalerdietarako sailkatu ginen. Finalerdietan Auñamendiko bikoari 26 eta 30 irabazi genion eta gero larunbatean finala jokatu genuen, Espinal-Azanzaren kontra. 

Larunbatean Uharte Iruñeko Toki-Alain jokatutako finala estuagoa izango zela aurreikusten zen.
Ba nik uste nuen partida gogorragoa izango zela, Espinal eta Azanza oso onak direlako. Lehenengo tantoa sakez egin genuen guk, eta gero zuzenean 9 eta 0 aurreratu ginen, eta aldea handia zenez, lasaitasun pixka batekin aritu ginen, konfiatu gabe baina lasaitasun gehiagorekin. Espinali eta Azanzari ongi kolokatzea kosta egin zitzaien; Uharte Iruñeko frontoia txikiagoa da eta ez ziren ongi kolokatzen, eta atzelaria nahiko erraz harrapatzen genuen. Beraiek arriskatu zuten, baina ez zitzaizkien jokaldiak ateratzen. Guri, ordea, dena atera zitzaigun ongi. Azkenean 30 eta 17 irabazi genuen eta oso pozik. 

Hortaz, pozik?
Espinalen kontra irabazi genuen eta horrek eman zigun bizia berriro. Izan ere, Amaia Espinalekin pike oso sanoa dugu. Txikitatik elkarren kontra aritzea tokatu zaigu. Bera oso ona da eta gehienetan finaletan beraren kontra aritzen gara. 

Zuek jokatutako finala ikusteko aukera dago Nafarroako Euskal Pilota Federazioaren Facebookean. Partidaren emisioa egin zuen kazetariak dio oso partida ona izan zela eta bereziki zuk, Irati, oso partida ona egin zenuela...
Bai, oso gustura egon nintzen lehenengo tantotik. Nire eguna izan zen, dena ateratzen zitzaidan. Lagunak etorri ziren partida ikustera, eta oso ongi. 

Lizarragako festetan bikain ospatuko zenuten...
Bai, aita Lizarragakoa da eta ni asko egoten naiz han. Ederki ospatu genuen eta omenaldia egin zidaten frontoian. Oso eskertuta nago.

Esku pilotan ere tarteka aritzen zara.
Esku pilotako txapelketan hasteko deitu zidaten, baina pentsatzen ari naiz. Pala, futbola, entrenatu... ez dit biziak ematen. 

Nola egiten duzu guztira heltzeko?
Altsasu futbol taldeko emakumeen talde txikia entrenatzen dut. Euren partidak normalean larunbat goizean izaten dira. Gero, larunbat arratsaldetan pala partidak izaten ditut normalean eta igandetan Mulier futbol taldeko partidak jokatzen ditut, bertako futbolaria naizelako. Alde batetik bestera ibiltzen naiz asteburuan. 

Eta nola zabiltzate Mulier futbol taldean?
Espainiako Ligako 1. Maila Nazionaleko 2. multzoan jokatzen dugu. Ongi hasi genuen denboraldia, baina azken 3 partidak galdu egin ditugu jarraian; beraz, buelta eman beharko diogu ea boladari buelta ematen diogun. Aurten Maider Granizo Altsasu taldeko atezaina gurekin hasi da Mulierren eta berarekin nago taldean, bi sakandar bakarrik, Aroa Cerezo lakuntzarrak Mulier taldea utzi eta aurten Berriozarren hasi delako, maila berdinean. Eta Ane Canterok futbola utzi du, lesioengatik. Berriozarren kontra abenduan jokatuko dugu eta orduan Aroa izango dut aurkari, pike sanoa hau ere. 

Eta honi ikasketak gehitu behar dizkiozu...
Kirol gradu bat egiten ari naiz Iruñean. Aurten bigarren urtea da, praktikoa. Goizean praktikak egiten ditut Molinon, eta arratsaldetan entrenamenduak hemendik bestera. Altsasuko neskekin egiten ditudan entrenamenduak ere praktika bezala kontatzen dute. 

Palan zein izango da hurrengoa?
Ba asteburu honetan Emakumezkoen Sakanako Pala Txapelketan hasiko naiz. Eta aurrerago trinketekoa hasiko da. Sakanakoan Uxue Murillorekin osatuko dut bikoa. Eta Maite Ruiz de Larramendik, Amaia Espinalek ere parte hartuko dute. Lauzpabost bikote gaude, denak ezagunak, palistarik onenak tartean. 

Hortaz, oso garesti dago etxeko txapela. 
Zaila izango da, baina saiatuko gara. Ea lortzen dugun!