Txakurkrosa

Etxarri Aranazko III. Txakurkroserako izena ematea zabalik

Guaixe 2019ko abe. 11a, 14:04

Abenduaren 22an jokatuko da proba, Etxarriko kanpinean, eta abenduaren 19ko 23:59 arte eman daiteke izena www.rockthesport.com web gunean

Abenduaren 22an, goizeko 9:00etatik aurrera jokatuko da III. Etxarri Aranazko Txakurkrosa, Etxarri Aranazko kanpinga irteera eta helmuga dela. Aurten Triku Trail taldeak antolatuko du proba, Hondarribiko Euskanikross taldearen aholkularitzarekin eta Xalok dietetika eta nutrizio zentroaren eta hainbat babesleren laguntzarekin. 

Aurreko urteko edizioan 114 partaide lehiatu ziren euren txakurrekin, eta aurten ere pare-hartzeari eutsi nahi diote. Proba Euskadiko Txakurkros Ligarako puntuagarria da, eta hiru modalitatetan jokatuko da: lehena, bikejoringa, parte-hartzailea bizikletari lotua joatea eta txakurrak bizikletari lotua; bigarrena, patina, parte-hartzailea patin baten antzeko batean joatea eta txakurrak patinari lotuta; eta, azkenik, txakurkrosa, txakurrari lotuta korrika egitea. Etxarriko Kanpingaren inguruetako paraje ikusgarrietan 6 km inguruko ibilbidea prestatuko du antolakuntzak, 70 metroko desnibela duena, hiru modalitateetarako berdina. Parte hartzeko, derrigorrezkoa izango da albaitari eta material kontrola pasatzea. 

Proban izena ematea zabalik dago, abenduaren 19ko 23:59ak arte, www.rockthesport.com web gunean (16 euro proba batean izena ematea, 20 euro bi probatan aritzen direnendako).