"Beti izan dut agertokira berriz igotzeko gogoa"

Erkuden Ruiz Barroso 2019ko abe. 16a, 13:14
Lur Larraza, lehena ezkerrean, 'Biba'-ren promozio irudian. UTZITAKOA

Lur Larraza etxarriarra "hamar urteren ondoren" agertokira itzuliko da Xabi Bandiniren 'Biba' proiektuarekin. Hala ere, musikari lotuta egon da beti.

Oholtzaren gainean eta atzean esperientzia handia du Lur Larraza etxarriarrak. Gaztetik musikari lotuta egon da. Musikaren munduan lan egiten du, ikusten ez diren lan "garrantzitsuak" egiten. Hortaz, hainbat talde ospetsurekin lan egiten du. Hamar urteren ondoren agertokietara itzuliko da Xabi Bandiniren proiektu berrian. 

Musikaren munduan ibilbide luzea egin duzu. 
Musikari bezala 15 urterekin hasi nintzen. Sukar Beltza taldean aritu nintzen Sakanako musikari batzuekin. Hasierako taldea izan zen. Urte batzuk egin genituen. Ondoren, La Betty Travan taldean egon nintzen eta urte mordo bat aritu ginen. Gero beste hainbat proiektutan egon naiz: nire arrebarekin aritu naiz, Luisillo Kalandrakarekin ere gauzak egin ditut... beti musikarekin harremanetan egon naiz. Musikan lanean aritu nintzen gero, musikaren munduan. Momentu horretan hasi nintzen soinu ekipo txikiekin lanean Luisillo Kalandraka eta Fran Perezekin, eta talde askorekin ibili naiz lanean. 17 urterekin Berri Txarrak-ekin hasi nintzen lanean, Kerobia, Hesia, Kaotiko eta Vendetta taldeekin aritu naiz, Gor disketxearekin ere lan egin dut... Orain esan dezaket profesionalki nire momentu hoberena dela. Azken urteetan Kaotikorekin backliner bezala aritu naiz, zuzenekoetako muntaia kontrolatzen eta abar. Komarekin eta Drogasekin tour manager bezala aritu nia zeta Alex Ubagoren kontzertu pare batean laguntzen egon naiz ere. Azkeneko proiektua Xabi Bandini da. 

Nola sortu zen Xabi Bandiniren musikari izateko ideia?
Duela urte bat gutxigora behera DeepSoda sortu zen. Musikariei 360 graduko zerbitzua eskaintzen duen kooperatiba bat da, eta ni horren parte bihurtu nintzen. Hainbat esparru ditugu eta ni management arloan nago. Besteak beste, Jon Maiaren Hezurbeltzak proiektu berria sartu zen. Xabi Bandinik diskoa atera zuenean, Kerobiaren garaitik ezagutzen nuen, eta berarekin hizketan hasi nintzen. Gurekin lan egiteko aukera sortu zen. Orduan, bilerak egin genituen eta hiru musikari ziren, baina batek aita izan behar zuen bigarren aldiz eta utzi behar zuen. Eta Xabik bota zuen: "Lur, igual zuk nahi duzu hirugarren partaidea izan". Deigarria egin zitzaidan hasieratik gonbidapena eta azkenean baietz esaten erabaki nuen. Ikusi beharko dut nola moldatzen naizen, bai eszenatokian bai lanarekin uztartzeko. Orain Biba diskoa atera dugu eta bideoklipa ere kaleratu dugu. Aurkezpen bira ere egingo dugu. 

Perkusio jolea zara tadean, ez?
Bai. Normalean gitarra jolea eta ahotsa izan naiz eta orain koroak egingo ditut eta perkusioa joko dut. Perkusio horrek soinu digital guztia dakar. Beste abesti batzuetan gitarra ere jotzen dut. 

Xabi Bandinik estilo propioa du. Nola ikusten duzu zure burua estilo horretan?
Lehenengo diskoa atera zuenean hemen nago, musikan berriro hasiko naiz, esateko izan zen. Orain salto bat egin du erakusteko benetan zer izan nahi duen. Eta Xabi Bandini pop-rock indartsua da, dantzagarria. Ondo ikusten naiz. Zortez beti musika pila bat entzun dut. Hasiera batean makarragoa nintzen, baina denetarik entzuten dut: pop, rock, metal, heavy... Nahiko ongi moldatu naiz. Gustura. 

DeepSodan management zarela aipatu duzu. Zein da zure lana?
DeepSodan arlo desberdinak daude. Arlo teknikoa dago, produkzioa, soinua... Pellok produkzio lana egiten du, zuzendari-artistikoa Iratxe Reparazek eramaten du, eta Joseba Razkin eta biok management arloan aritzen gara. Talde batek dituen beharrak asetzeaz arduratzen gara. Kontzertuak lotu, horren inguruan dagoen guztia, diskoaren koordinazioa, bideoklipen grabazioak antolatu...  hori dena kudeatzeaz arduratzen gara; taldea uneoro laguntzea. 

Musika talde bateko kidea, taldeen zuzenekoetan lana egiten duzu, mangament-a zara... nolakoa da zure bizitza?
Pixka bat kaotikoa da. Batzuetan badirudi asteburuetan bakarrik lan egiten dugula eta aste osoan jai. Baina asteburua iritsi aurretik aste osoko prestaketa lana dago. Dena antolatu behar da. Ostiralean Drogasekin kontzertua antolatu behar badut, DeepSodan astean zehar egiten ditugu bulegoko lan guztiekin uztartu behar dut. Goizetik gauera. 

Sukar Beltza taldean hasi zinenean, espero zenuen etorkizunean musikaren munduan ariko zinela?
Ez. 15 urterekin niretako Surak Beltza dena zen. Ia egunero entseatzen genuen, ahal genuen tokian jotzen genuen eta musikaz bizitze nahi hori zen. Baina gero lanean hasten zara, taldekideak lanean beste toki batera bizitzera joaten dira edo lanean hasten dira... eta errealitatea ikusten duzu. Oso konplikatua da. Ekipo batekin hasi nintzenean ez nuen espero, alde batetik, rock talde oso ospetsuekin lanean ariko nintzela, eta, bestetik, kooperatiba bat muntatu, management lana egin eta, aldi berean, haurrendako proiektu bat sortzen ariko nintzela. Ez nuke pentsatuko ere egingo horrela egongo nintzela. 

Oso gazte hasi zinen talde ospetsuekin lanean. Nola hartu duzu?
17 urterekin Berri Txarrak-ekin bira bat egiteko aukera izan nuen, Jaio. Musika. Hil diskoarekin, eta hori niretako oso berezia izan zen. Berri Txarrak idoloak ziren. Orduan, haiekin hasi nintzenean ikusi nuen oso jende umila zela eta tratua apartekoa zela. Txipa aldatu nuen. Beti oso ondo egon naiz talde guztiekin. Jendearekiko tratua primerakoa da. 

Ikusten ez den lan bat da, errekonozimendu gutxikoa. 
Sakanan kuadrilla handia gaude agertokiaren atzean lan egiten duguna, eta arlo hori ez da ezagutzen. Agian kontzerturen batean eszenatokian ikusten zaituzte eta pentsatzen dute: zer ari da Lur hor! Nik bi aldeak ezagutu ditut, atzeko aldea eta aurreko aldea, eta biak behar-beharrezkoak dira. Kontzertu bat aurrera eramateko atzean dagoen jende hori dena da, eta alderantziz ere, aurreko musikariak ez badaude atzeko lan horrek ez du zentzurik. Publikoan dagoen batek ez du errekonozitzen, baina agertokiaren inguruan dagoen jendea asko baloratzen du. 

Eszenatokira igotzeko grina sartu zaizu?
Beti izan dut. Askori gertatu zaigu musikaren munduan oso gazte hasi ginela eta kakotxen artean bizitza eroso bat duzunean oso erraza dela; ikasten zaude, gurasoekin bizi zara... baina gero bizitza aurrera doa eta lanean hasten zara, taldekideekin harremana txikiagotzen da... Beraz, horrelako proiektuak ateratzeko asko borrokatu behar duzu. Nik tartean geldialdiak izan ditut eta denetarik egin dut, hamaika lan izan ditut musikaz gainera. Eta orain berriro eszenatokietara buelta egingo dut. Hamar urteren ondoren. Aurrekoan esan nion Xabiri hamar urteren ondoren igoko naizela berriz agertoki batera eta esan zidan ezetz; hamar urteren ondoren agertokiaren aurrera aterako naizela. Atzean hamar urte daramatzala.