Burdin barrak pentagrama bihurtzeko

Guaixe 2019ko abe. 18a, 11:58

Emanaldiko kartela aurkezteko ekitaldia egin zen estalopean.

Zama doinuz arindu kontzertu-ikuskizunak bosgarren edizioa izanen du ilbeltzaren 12an, 17:00etan eta 19:30ean, Etxarri Aranazko kultur etxean.

Bost urte dira etxarriar talde bat elkartu eta herriko sei presoen lagun eta senideak laguntzen hasi zirenetik. Kontzertu-ikuskizun bat zuten buruan: emanaldi batean kontakizun bat egitea, musika emanaldiekin tartekatuta. Horrela sortu zen Zama doinuz arindu. Beti ere, “presoen senide eta lagunak ikusteko egin behar dituzten milaka kilometroek eragiten dituzten gastuak arintzeko”. Eta, bestetik, “euskal presoek bizi dituzten eskubide urraketen salaketa” egiteko”. Etxarri Aranazko kultur etxetik “abeslariek eta hainbat kultur espresioetako ezagunek dispertsioaren kontrako konpromisoari bere ekarpena egiteko” aukera emanen ziena. 

Bosgarren edizioan oholtzatik pasako diren musikariak dira: Anari, Esti eta Mikel Markez, Aiora eta Piti Zea Mayskoak, Rotten XIII, Bad Sound, Haimar Arejita eta Keu Agirretxea, Anita Parker eta Juantxo Skalari. Haiekin batera ilbeltzaren 12an parte hartuko dute: Aitor Merino, Jon Maia, Izaro Imaz, Oskar Lasa, Aitor Zubieta, Aritz Ganboa, Axi Estarriaga, Ainara Martin, Maider Iraurgi, Aritz Munarriz, Maria Goikoetxea, Juantxo Arakama eta Asier eta Araitz Jaka. Sarrerak 15 eurotan eskuratu daitezke www.etxarriaranatz.eus web orrian, udaleko kultura bulegoan (astegunetan 09:00etatik 13:00etara) eta Xapatero eta Leku Ona tabernetan.