Aizkora

Euskal Herriko 3. mailako finala jokatuko du Goizeder Beltzak

Guaixe 2019ko abe. 13a, 13:06

Larunbatean, 17:30ean, Otxandioko Mañondoko pilotalekuan jokatuko da Euskal Herriko 3. mailako Aizkora Txapelketako finala

Bihar, larunbatean, hitzordu garrantzitsua du Goizeder Beltza aizkolari etxarriarrak. Euskal Herriko 3. mailako Aizkora Txapelketako finala jokatuko da Otxandioko Mañondoko pilotalekuan, 17:30ean, eta bertan ariko da, finalerako txartela lortu zuten beste 5 aizkolarirekin batera. Etxarriko aizkolariak adierazi zigunez, ahalik eta lan txukunena egin nahiko luke. 

Udan Ezkurran, Gatikan eta Irurtzunen jokatu ziren kanporaketetan lan onena egin zuten aizkolariak dira finalean ariko direnak. Goizeder Beltza Igoa etxarriarrarekin batera, Julen Aranberri, Txomin Amundarain, Ioritz Gisasola eta Eneko Saralegi ariko dira. Aizkolari bakoitzak 5 enbor ebakiko ditu: 54 ontzako 3 enbor eta 60 ontzako 2 enbor. Txapelduna eta txapeldunordea Euskal Herriko 2. Mailara igoko dira datorren urtean. 

Azaroaren 10ean Nafarroako 2. Mailako txapela irabazi zuen Goizeder Beltzak eta Nafarroako lehen mailan ariko da heldu den urtean. Larunbatean, Euskal Herriko 3. mailakoan, lan txukuna egitea espero du. “Euskal Herriko 3. mailako finalean disfrutatu eta lan on bat egin nahiko nuke. Ilusio hori dut” aitortu digu aizkolari etxarriarrak. Beltzak nerbioekin arazoak izaten ditu sarritan, txapelketetan urduritu egiten da, baina espero dezagun larunbatean arazorik ez izatea. “Ea Otxandion ongi mozten dudan eta denbora ona egiten dudan. Ez dut helbururik jartzen, nahi nuke disfrutatu eta lan ona egin. Etxean egiten dudana egiten badut, nahiko” adierazi du.