Herritarrekiko Harremanetako Departamentuak, Euskarabidea erakunde autonomoaren bidez, Jose Luis Erdozia Mauleonen liburua argitaratu du: Etxarri Aranazko leku-izenak herrigune historikotik kanpo. Egungo toponimia ofiziala. Hilaren 17an aurkeztu zuten. Liburuak 445 toki-izen ofizial biltzen ditu: 288 toponimo nagusi eta 157 eratorri. Gainera, izen ofizial bakoitzari honakoak ere eransten zaizkio: herrian erabilitako beste aldaera batzuk, izenak oinarri duen dokumentazioa, izenari buruzko iruzkina, informazio osagarria (bileretako aktak esaterako) eta toponimo bakoitzaren GPS-kokapena. Azken horrek Nafarroako Gobernuaren web orrietan Etxarri Aranazko toki izenak erabiltzeko aukera emanen du.
Erdoziak hitza hartzean, lehenik eta behin, liburuaren izenburuko “herrigune historiko” aipamenari erreparatu zion. Gogoratu zuen 1.351n Karlos II.a erregeak Etxarri Aranatzen harresia egiteko agindu zuela. Barruan hartu zituen Mundiñano, Maiza, Ubaldea eta Txikia auzoak. Harresi barruan zegoena hartu du “herrigune historiko” gisa, “gaur egun herri barruak garai batean kanpoan zeuden toponimoak baitaude: Larrañeta, Sagarmineta…”
Liburuaren egileak nabarmendu zuenez, “toponimoak herri-memoriaren zati dira”. Toki-izen batzuk deskriptiboak direla azaldu zuen (ur bi jotzen duen zubia edo Leñubeko huts biyurre). Edo gertaeren berri ematen du (basauntzak salto egin zuenekoa). Desagertutako herrien lekukotza ere ematen dute toki-izen batzuk (Maiza, Lazkoz, Artola). Toponimoek hizkuntza edo lexikoa osatzen dutela (monttei eta askoiye) gaineratu zuen.
Ikerlariak dokumentazioaren garrantzia nabarmendu zuen. Eta herrien arteko mugarriztatze dokumentuak aipatuta, toki-izen asko galdu direla gaztigatu zuen. “Baina askok 700 urte antzeko eutsi diote”. Hala ere, dokumentazioa aztertzean “tentuz ibili behar da, ematen duena ez delako zuzena eta bahea pasa behar da”. Herri euskaldunetan bezala, Etxarri Aranatzen ere toponimia “bizi-bizi” dagoela nabarmendu zuen. “Baina memoria kolektiboan galtzen ari da. Adinekoek badakite, gazteek ez”. Garai batean basoak bizibidea ematearekin lotu zuen alde hori. Eta toponimoak mantentzearen garrantzia azpimarratu zuen Erdoziak, “duela 200-300 urte orain bezala erabiltzen ziren. Baina ez badira erabiltzen ahaztu eginen dira, edo berriak sortu”. Esaterako, bargako kantera dena Txuixoo da.
Liburua osatzerakoan zein grafia erabili sortutako zalantzak aipatu zituen eta liburua argitaratu bitartean egindako bidea gogora ekarri zuen, 2000 eta 2002 urteen artean Udaberri elkartean egindako bileretatik hasita. Azkenik, Erdoziak bi kontu jakinarazi zuenez, batetik, kale izendegia ofizialtzeko bidean daudela. Eta, bestetik, herriko etxeen izenen inguruko lan bat egiten ari dela, “XVI. mendetik datuak baitaude”.
Adierazpenak
Etxarri Aranazko alkate Silvia Marañon Chascok nabarmendu zuenez, “gaur etxarriarrondako egun berezia da. Alkate moduan oso harro nago gaur aurkezten dugun liburuagatik, guretzako altxor bat baita”. Alkateak bere esker ona azaldu zien Erdoziari eta Toponimia Batzordeari: “zuek ereindako hazia betiko geratuko da errotuta gaurko eta hurrengo belaunaldietako etxarriarrendako”.
Liburuaren aurkezpenean Euskarabideko zuzendari kudeatzaile Mikel Arregi Perezek nabarmendu zuenez, “kultur ondare materiagabearen parte da toponimia, eta hizkuntzen garapena aztertzeko informazio baliagarria ematen du; gainera, bertako historiaren, kulturaren eta gizartearen usadio eta ohituren informazio-iturri ere bada”. Euskararen Legeak toponimiaren aipamena egiten duela nabarmendu zuen. Gaineratuz Euskararen Plan Estrategikoan toponimia handia eta xehea lantzea eta arautzea jaso dela. Nafarroako Gobernuak soilik izen ofizialak erabiltzen dituela soilik gogorarazi zuen eta, horregatik, nabarmendu zuen liburuak Nafarroako Gobernuaren irizpideekin bat egiten duela.
Azkenik, Arregik gaineratu zuen toponimoaren bidez berehalako informazio administratiboa lor daitekeela elementu geografiko baten kokapenari buruz. Eta horretarako erabili ahalko dira hemendik aurrera, hainbat unitatetan, Etxarri Aranazko toki-izenak: larrialdi zerbitzuetan, posta-helbideetan, katastroan, eta beste jarduketa administratibo batzuetan.
Euskaltzaindiak Nafarroan duen ordezkari Andres Iñigok gogora ekarri zuen 1991 eta 1994 urteen artean Nafarroako toponimia jaso eta 1999era bitartean 59 liburutan argitaratu zela. “Hura eginda batek uste zuen toponimiarena bukatutzat jo zitekeela. Eta ez da horrela. Jose Mari Jimeno Jurio da horren adibide. Bere aurreneko eta atzeneko lanak Artaxoako toponimiari buruzkoak izan ziren. Atzenekoan askoz ere informazio gehiago zegoen”. Eta testuinguru horretan kokatu zuen Erdoziaren liburua, ekarpen berriak egiten dituela.
Iñigok gogorarazi zuen Euskaltzaindiak euskara ikertu eta aholkulari ofiziala dela administrazioendako. Azaldu zuenez, “Onomastika Batzordeak kontrastatu du lan hau. Euskara errekuperatzen ari da. Gauzak ongi egin behar dira, hizkuntza duina eta prestigioduna bihurtzeko. Salbatu diren hizkuntzak horregatik salbatu baitira”.
Eskerrak
Erdoziak liburua egiten lagundu dioten guztiei eskerrak emanez despeditu zuen aurkezpena: Nafarroako Gobernua, argitaratzeagatik; Euskarabidea, Euskaltzaindia eta Etxarri Aranazko Udala laguntzagatik; Eneka Maiz Ulaiar, lana errazteagatik; Fausti Razkin Balda, administrazio lanagatik, Aingeru Mikeo, Euskarabidean erne egoteagatik; Mikel Gorrotxategiri, Onomastika Batzordetik laguntzagatik; Oscar Corrozari, itzalean lan egiteagatik; Amaia Erdozia, bideoa grabatzeagatik; Amaia Ijurra Araña, laguntzeagatik eta batzordeko berriemaile guztiei, haien izenean Jesus Razkin Ijurra aipatu zuen.