Biatloia

Olga Garziandia: “Biatloi mundialean aritzeko oso gogotsu nago”

Maider Betelu Ganboa 2020ko urt. 21a, 12:07

Elurrari lotuta dago Olga Garziandia Ijurko gazte etxarriarraren bizitza. Txikitatik ipar-eskiatzailea da, elurra ez dagoenean rollerskian aritzen da, eta duela bi urte biatloian hasi zen.

Hain zuzen ere, aurki Suitzako Lenzerheiden jokatuko diren Biatloi Mundialetan parte hartuko du eta gogor entrenatzen ari da baina gurekin egoteko tartea hartu du. 

Noiz hasi zinen eskiatzen?
Hiru urterekin. Betidanik familiarekin neguan astebururo eskiatzera goaz Pirinioetara. Somport, Candanchu, Baqueira-Beret… pista horietan entrenatzen dut. Ipar-eskian aritzen naiz. Ipar-eskian bi modalitate daude, klasikoa eta skatinga. Klasikoan aztarna edo elur-marka bat jarraitzen duzu eta eskiak paralelo doaz, eta skatingean patinetan bezala aritzen zara; eskiak V moduan doaz eta patinatzearen antzeko mugimenduak egiten dira. Nire gustukoena skatinga da. Udan eskiatu ezin denez, entrenamendu bezala rollerskian aritzen gara, gurpiltxoak dituzten eski antzeko batzuetan. Etxarri Aranatzen ere rollerski txapelketa antolatu zuen gure taldeak, Uharte Ipar Eski taldeak.

Baina orain negua da. Aurtengo ipar-eski denboraldia hasi da?
Bai, aurreko asteburuan Espainiako Ipar-Eskiko lehendabiziko bi lasterketak izan genituen Orrin, Baqueira-Bereten. 18 urte ditut eta junior mailan aritzea dagokit, eta sentsazioak onak izan ziren lehendabiziko bi karrerak izateko, 5. postuan sailkatu bainitzen. Guztira 10 proba dira, eta asmoa goian egotea da, ea posible den. 

Biatloian ere aritzen zara. Zer da biatloia?
Ipar-eskia eta tiroa batzen dituen kirola. Bizkarrean erriflea duzula, ipar-eskian distantzia osatu, eta zirkuituan 2 edo 2,5 km eskiatu eta gero, tiro-zelaian lurrean etzan eta hor 5 bala jaurtiki behar dituzu 50 metrora dauden 5 dianetara, eta ondoren, erriflea bizkarrean hartu eta berriro eskiatu beharra duzu, helmugara iritsi arte. Behin nire klubeko jendeak parte hartzen zuen biatloi proba bat ikusi nuen, gustatu zitzaidan eta entrenatzen hasi nintzen, duela bi urte. 

Aurretik noizbait tiroan aritu izana zinen? Etxean tiroan aritzen den norbait al duzu?
Nire osabak ehiztariak dira, baina tiroak ez du ehizarekin zerikusirik (kar, kar...). Tiroan zerotik hasi nintzen, duela bi urte, 16 urte nituela.

Eta zer moduzko tiratzailea zara?
Beno, denborarekin hobetzen noa. IruÒean entrenatzen dut tiro-zelai batean, eta punteria baldin baduzu, entrenatzearen poderioz hobetzen duzu. Erabiltzen ditugun errifleak bereziak dira; eskiatzen zoazenean bizkarrean eraman behar dituzu, eta helduleku berezia dute. Horretaz gain, elurra egiten badu elurra erriflean ez sartzeko tapa batzuk dituzte. Ezberdinak dira. 

Arma-lizentzia izan beharko duzu.
18 urteraino ezin duzu erriflea zure izenean izan; 16 urterekin azterketa bat egin ahal dezakezu eta erriflea erabiltzeko baimena lortzen duzu, eta bete beharreko arauak ikasi, baina erriflea lizentzia duen adin nagusiko baten izenean egon behar da. Eta 18 urte betetzerakoan beste azterketa bat egiten dizute, arma lizentzia lortzek. Nik jada arma-lizentzia badut. Azterketa horien helburua da segurtasuna bermatzea, armak nola izan, nola zaindu eta nola gorde behar diren, arautegi guztia ikasteko. Izan ere, etxean armak kaxetan gordeta izan behar dira, eta inoiz ez kargatuak. Biatloian aritzeko bidaiak egiterakoan ere, beti kaxa batean itxita egon behar du errifleak, eta ezin da kargatua egon. 

Aurki Biatloi Mundialean ariko zara. Hortaz, bi urtetan zerotik hasi eta Mundialetara iristea lortu duzu, hau marka...
Beno…(kar, kar), Suitzan jokatuko da Munduko Biatloi Txapelketa, Lenzerheiden. Ilbeltzaren 24an hartuko dut Suitzarako bidea, eta 10 egun inguru emango ditut han. Junior mailan Espainiar estatutik ariko naizen bakarra izango naiz. Nazioarteko Biatloi Federaziotik duela hiru hilabete bidali zizkidaten Mundialetan izena emateko paperak; duela gutxi Espainiako Federazioaren baimena jaso dut eta guztia lotzen ari gara. Esan didatenez, Argentinako taldekoekin egongo naiz bertan. Biatloi Mundialean aritzeko oso gogotsu nago. 

Nola daramazu prestakuntza?
Astebururo eskiatzera normal noa eta bertan entrenatzen dut, eta aste honetan egun gehiagotan joango naiz tiroa entrenatzera. Eskiatzetik, fusila hartu eta lurrean etzateko trantsizio horiek ahalik eta azkarren egiteko ere entrenamenduak daude; badaude ariketa batzuk “tiro en seco” izenekoak, entrenamendua etxean egin ahal izateko. Paperezko diana bat behar duzu, eta kontua da etxean tiro mugimendu horiek egitea baina balarik gabe. Eta trantsizioko mugimenduak praktikatu; erriflea jarri kendu, jarri, kendu, lurrean etzan, zutitu, erriflea jarri... behin eta berriz. 
Duela bi urte hasi zinen biatloian eta urte horretan bertan IBU Junior Cup Biatloi Txapelketan aritu zinen. Lehenengo aldia zen biatloi txapelketa batean aritzen nintzela eta nahiko urduri nengoen, baina esperientzia oso polita izan zen. Ikastera eta kanpoan dagoen maila ikustera joan nintzen, eta izugarri disfrutatu nuen. 

Hura abiapuntua izan zen eta orain Biatloi Mundialetan ariko zara, Lenzerheiden. Zein probatan hartuko duzu parte?
Junior mailan 100 kirolari baino gehiago ariko gara. Bi probatan parte hartuko dut, esprintean eta banakakoan. Esprintak 7,5 km-ko distantzia du (2,5 km-ko hiru saio), eta tarteka 2 tiro jaurtiketa egin behar dira. Bakarkako probak 12,5 km-ko distantzia du (2,5 km-ko bost eski saio, tartean 4 tiro jaurtiketekin). Ilbeltzaren 27an eta otsailaren 1ean ditut probak, eta sailkatuz gero –lehen 60ak sailkatzen dira– otsailaren 2an ariko nintzateke berriro. 
Zer espero duzu?
Maila izugarria dago hemendik kanpo. Frantzia da faboritoa, alde handiarekin, eta gero Norvegia eta Italia. Baina ni gogotsu nago eta ahalik eta hobe aritzea da nire erronka. Senitartekoak ez dira nirekin etorriko, baina Biatloi Mundiala telebistako Eurosport 2 katean emango dute eta ikusiko naute.

Onena opa dizugu, zortea alde izan dezazula!
Eskerrik asko!