Ihoteak-Inauteriak 2020

Txatarrak bertan daude

Guaixe 2020ko ots. 6a, 12:23

Txatar taldea.

Hurrengo hiru ostegunetan ihote ospakizunak izanen dira. 

Astearteihote edo garizumarako hiru aste falta direnaren seinale da Etxarri Aranazko ihoteen hasiera, gaur abiatuko baitira ospakizunak. Eliza katolikoak herritarren bizia markatzen zuen garaian, Aste Santu aurreko berrogeialdiak, garizumak, garrantzia handia zuen liturgia egutegian. Penitentzia eta barau garaia zen hura. Aitzakia ezin hobea jendeak garizuma aurreko egunak gogoz disfrutatzeko (puska biltzeak, txatarrez jantzi, musika, dantza eta abar).  Garizuma prestatzeko aurreko hiru igandeak hartu zituen elizak eta festarik gabe gelditu nahi ez zuten etxarriarrek erabaki zuten igande horien aurreko ostegunetan festa egitea. Horregatik dator ihote etxarriarra egutegian aurreratuta. 


Aurreneko ostegunak (otsailak 6) Gizakunde izena du eta garai batean gizon helduak txatarraz jantzita ateratzen ziren. Haiek ziren puska biltzea egiten zutenak, gero afari-merenduak egin ahal izateko. Andrekunde izena du bigarren ostegunak (otsailak 13) eta emakumezkoak aritzen ziren eskean. Gaur egun egun horietan kintoak dira txatar jantziak soinean dituztela herrian barna ibiliko direnak. Gainera, hainbat etxetako emakumezkoak ere afaltzera elkartuko dira. Edo lagun-taldeak. Ez hain aspaldi emakumezkoendako herri-afaria antolatzen zen egun horrekin. 

Garikunderekin (otsailak 20) zigorrak eskutan dituztela ateratzen dira kintoak, parean opatzen dutena berotzeko. Garai batean haizez betetako maskuriekin jendea jotzen eta suko hautsarekin zikintzen ibiltzen ziren. Borrokako eguna ere bazen, urte guztiko gorabeherak konpontzeko baliatu zitekeen, kolpeak debekatuta zeuden eta aurkaria lurraren kontra eustean zetzan borroka. Haurren inauteria zena, Zalduihote, joan den urtean igandetik larunbatera pasa zen eta herri-ihote bihurtu da. Astearteihoteak, berriz, herri-ihote senari eusten dio eta lagun kuadrillak mozorrotzeko eta afaltzeko aitzakia dira.