Biatloia

Olga Garziandiak ezin izan zuen Biatloi Mundiala despeditu

Guaixe 2020ko ots. 7a, 10:37

Aurreko astean Biatloi Mundiala jokatu zen Suitzan eta osasun arazoak tarteko, proba utzi behar izan zuen etxarriarrak

Ilbeltzaren 25etik otsailaren 2ra bitartean Munduko Biatloi Txapelketa jokatu zen Lenzerheidenen (Suitza), eta bertan aritu zen Olgaz Garziandia Ijurko. Biatloia ipar-eskia eta tiroa batzen dituen kirola da. Junior mailan Espainiar estatutik aritu zen bakarra izan Garziandia, baina, tamalez, etxarriarrak ez zuen zortea alde izan eta proba erdian erretiratu egin behar izan zen. 

Ondoezik eta urduri
Mundialetan, junior mailako bi probatan aritzekoa zen Olga Garziandia. Lehena ilbeltzaren 27an jokatu zen, Banakako proba. Probak 12,5 km-ko distantzia zuen (2,5 km-ko bost eski saio, tartean 4 tiro jaurtiketekin). Eta bigarrena otsailaren 1ean jokatu zen, larunbatean, 7,5 km-ko Esprinta (2,5 km-ko hiru eski saio, tartean 2 tiro jaurtiketekin). Ilbeltzaren 27ko Banako Proban, ibilbidearen erdia egina zuenean, proba utzi behar izan zuen Olgak. “Ez nengoen batere ondo, gaizki sentitzen nintzen. Bezperan ez nuen ondo lo egin, estresatuta, oso nekatuta sentitzen nintzen eta oso urduri nengoen, eta horrek ez zidan batere lagundu. Horregatik, proba erdia egin eta berdin jarraitzen nuela ikusita, proba uztea erabaki nuen. Azken finean, errifle bat daramazu gainean eta ondoezik zaudela biatloian aritzea ez da gomendagarriena” aipatu digu Olga Garziandiak. 

Penatuta, baina esperientzia ona
Sekulako pena zuen etxarriarrak, eta hurrengo lasterketan, larunbatean jokatu zenekoan ere ezin izan zuen aritu. “Hala ere, esperientzia oso polita izan da. Proba utzi behar izan nuen baina hurrengo egunetan hobeto sentitu nintzen eta eskiatzen ibili nintzen, lasai lasai, eta Biatloi Mundialetako gainontzeko probak ikusten. Ikusgarriak izan dira” gaineratu du. 
Frantziako selekzioa da biatloian faboritoen artean dagoen selekzioa, baina aurten frantziarrek ere kale egin dute, ez dira horren fin ibili. “Nire kategorian, normalean lehena sailkatzen den neska frantziarra ez da horren ongi ibili eta 7. edo 9. postuan sailkatu da. Norvegia, Italia eta Suitzako ordezkariak izan dira onenak” kontatu digu Olgak. Biatloia alde batera utzita, hemendik aurrera Espainiako Ipar-eski Kopan murgilduko da eskiatzaile etxarriarra.