Axio, Pello eta Josuren omenezko oroigarria kenduta

Guaixe 2020ko ots. 7a, 12:40
Oroigarria, Espainiako Auzitegi Nazionalak kentzea agindu duena. Argazkiak: utzitakoak.

Espainiako Auzitegi Nazionalak hildako hiru ETAko kide etxarriarren oroigarria kentzeko agindu zion udalari.

Etxarri Aranazko Udalak “auzitegiak inposatuta” eta “zabalik dauden bide juridikoek eragin ditzaketen ondorio penal larriak kontuan izanik”, otsailaren 27an kendu zuen. Horretarako, propio enpresa bat kontratatu zuen. Aipatu oroigarria beheko basoan, Haritzen ibilbidearen hasieraren ondoan zegoen. Harrizko mahai baten itxura du eta hanketan Axio, Pello eta Josu izenak ageri dira, Juan Ignazio Erdozia Larraza, Pello Mariñelarena Imaz eta Josu Zabala Salegiri erreferentzia egiten dietenak. Haien gainean amnistiaren ikurra eta esaldi bat ageri ziren. Gudarien Txokoa herri mugimenduak jarri zuen oroigarria 2017an. 

Antza, Guardia Civilaren Informazio Taldeak “hildako ETAko hiru etxarriarren figura goratzen zituzten omenaldiak detektatu” zituen. Oroigarria Danbolintxulon lokalizatu ondoren, oroigarriaren ezarpenari buruzko txostena egin eta Espainiako Auzitegi Nazionaleko 6. Instrukzio Epaitegira bidali zuen. Espainiako Gobernuaren Nafarroan Ordezkaritzak udalari oroigarria jartzeko baimena eman ote zuen galdetu zion lastailean. Ezetz erantzun zuen udalak. Azaroan oroigarria kentzeko eskaera iritsi zen. Epaitegiaren arabera oroigarria  “terrorismoaren biktimei egindako irain gisa tipifikatua dagoen delitua” izan daiteke. 

Etxarri Aranazko EH Bildu ez dator bat auzitegiaren iritziarekin: “gatazka politikoek sufrimendu asko eragin dute gurean, eta Etxarriko Udalak aurreko legealdian landutako Sufrimenduaren Mapak argi eta garbi zehazten zuen sufrimendu mota hori guztia, salbuespenik gabe”. Koaliziotik gaineratu dutenez, “dolurako pertsona guztien eskubidea errespetatu behar dela uste dugu. Hildakoak gogoan izatea ezin da inori egindako irain gisa hartu. Zentzu horretan, bada garaia herri honetan biktima guztien memoria lantzeko pausoak emateko, zeinaren bidez herritar guztien sufrimendua aintzat hartuko den; etorkizunean arrazoi politikoengatik inork gehiago sufritu behar ez izateko”.

Azkenik, EH Bilduk gogorarazi du herri lurren erabilera arautzea herriari dagokiola. “Eztabaidagarria izan daiteke egokia den edo ez lur komunalean harrizko oroigarriak jartzea; baina eztabaida hori Etxarriko herritarrei dagokigu, eta ez Espainiako Gobernuari ezta Entzutegi Nazionalari ere”.

AEMren iritzia 
Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Kontrako Mugimendutik (AEM) adierazi dutenez, “Gudarien Txokoaren suntsipena Euskal Herriko memoriaren eta gudarien aurkako erasotzat hartzen dugu, eta baita herri mugimenduaren lana eta jardueraren aurkakoa ere. Herri honetan gertatu dena eta gertatzen denaren kontakizun erreal baten alde lanean jarraitzeko konpromisoa” berretsi du. Espainiako Auzitegi Nazionalari “inolako zilegitasunik” ez diotela aitortzen gaineratu du, “okupatzaileek gure herria zigortzeko eratutako erakunde faxista delako eta, bestetik, zigortze hori aurrera eraman duenean Gudarien Txokoak oroitzen zituen militanteen hiltzaileak babesteko eta beste hainbaten torturatzaileei inpunitatea emateko ezinbesteko elementua izan delako”.

AEM-ko kideen iritziz, “epaitegi faxistak egindako mehatxuek ez dute justifikatzen bidegabekeria bat aurrera eramatea”. Horregatik, ez dituzte onartzen EH Bilduk “Gudarien Txokoa deuseztatzeko eta monolitoa lapurtzeko jartzen dituen aitzakiak”. Gaineratu dutenez, “obedientzia iraingarria” erakutsi da kasu horretan. AEMtik gogorarazi dutenez, “2016ko irailaren 3an, Etxarrin bertan, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak erakutsi zuela desobedientziaren alde egiten duen hautua benetakoa dela. Egun horretan preso politiko erien askatasunaren aldeko manifestazioa debekatu zigun Espainiako Gobernuak Nafarroan daukan Delegazioak, eta Guardia Zibilaren oldarraldi eta ke-poteen artean, manifestazioa berdin-berdin egin genuen”. AEMk desobedientziaren aldarrikapena egin du. 

Sortu 
Oroigarria dela eta, Etxarri Aranazko Sortuk oharra zabaldu du eta oroigarria  “inori ezer esan gabe” jarri zela azaldu du. Bestetik, oroigarria jarri zutenei “jartzearen ardurak bere ez egitea eta haren alde ez borrokatzea” leporatu die. Sortuko kideek uste baitute Espainiako Auzitegi Nazionalaren “aginduak ez betetzearen ondorioak ez dituzte haiek jasango, udalak baizik. Horrela erraza da borrokatzea: nik esaten dizut zer egin behar den, baina egin ezazu zuk, nik ez baitut inolako errepresio ondoriorik asumitu nahi”. Eta gogorarazi du, batetik, Etxarri urtero gogoratzen direla gudariak eta, bestetik historia memoria berreskuratzeko lanean jarraitzen duela udalak.