Asier Urkia

“Sadarren beti animatzen dute, berdin du 1. edo 2. mailan egon”

Maider Betelu Ganboa 2020ko ots. 14a, 12:09
Asier Urkia Ijurra. Argazkia: Osasuna.

Asier Urkia Ijurra fisioterapeuta etxarriarrak 5 urte daramatza Osasuna Futbol Klubean lanean. Taxoareko ateak ireki eta Osasunaz, futbolarien eta talde teknikoaren egunerokoaz eta txutxumutxuez hitz egin du.

Asier Urkia Ijurrak fisioterapeuta ikasketak egin zituen unibertsitatean, Vic-en (Bartzelona). 2010ean bukatu zituen ikasketak, eta berehala Altsasuko Josefina Arregi Klinikatik deitu zioten, baja batzuk eta ordezkapenak egiteko. Hor hasi zen fisioterapeuta lanetan. Osasunbideako zerrendetan sartu eta ospitaletan lanean aritu zen. Baina kirol munduak erakarrita, goi-errendimenduko kirolarien inguruko master batzuk egin zituen eta gutxika Osasuna futbol klubeko fisioterapeuta izatera iritsi zen. 

Zenbat urte daramatzazu Osasunan fisioterapeuta?
Uste dut 5 urte eramango ditudala. Txikitatik kirola gustuko izan dut, atletismoan eta futbolean aritu nintzen, Etxarri Aranatzen, herriko taldean. Fisioterapeuta ikasketak bukatu eta Osasunbideako zerrendetan sartuta lanean nengoela, Etxarri Aranatz eta Lakuntzako Lagun Artea futbol taldeetan fisioterapeuta aritu nintzen. Futboleko munduan sartuta, Osasunatik deitu zidaten, norbaitek taldea utzi eta ea bertako fisioterapeuta izan nahi nuen. Eta horrela hasi nintzen. Osasuna klubeko osasun-zerbitzuko langilea naiz, fisioterapeuta. Eta bitartean, ikastaroak, masterrak eta halakoak ateratzen dira eta ahal den guztietan ematen dut izena, ateratzen diren material eta teknika berrietan trebatzeko eta prest egoteko. 

Jakina, Osasuna taldeko zaletua izango zara (kar, kar…).
Bai, jakina... txikitatik aitarekin beti Sadarrera asko joan izan gara partidak ikustera, baita Anoetara, Errealekoak ikustera eta baita San Mamesera ere. Azkenean txikitatik kirola gustatu zait, kirola egin dut eta aitarekin asko ibili gara zelaietan eta partidak ikusten. 

Igandean Real Madrilen kontra aritu zen Osasuna eta 1 eta 4 galdu zuen, baina markagailuak ez du guztiz islatzen Sadarren gertatutakoa, Osasuna ongi aritu zelako, bereziki lehen zatian. Baina talde handi hauek edozein unetan jokaldiak atera eta gola sartzen dute... hala ere, Osasunak ederki estutu zuen Real Madrid.
Osasuna ondo ikusten dut. Sailkapenean erdialdean gaude eta horrek konfiantza ematen dizu, beste animo bat. Igandean taldea ongi ikusi nuen, uste dut Jagobak ongi planteatu zuela partida. Geldikako jokaldi batean aurretik jarri ginen, baina gero zuk esan duzuna, azkenean Real Madrilek eta halako talde handiek zuk egindako akats txikiak ez dituzte barkatzen eta orduan berehala buelta eman ziguten. Aukerak izan genituen, ongi jokatu genuen, baina azken momentuan beste bi huts egin genituen eta, azkenean, garesti ordaintzen duzu halako talde handien kontra. 

Sergio Ramosek Ruben Garciari egin zion sarrera ikusi zenuenean zer pentsatu zenuen?
Egia esan momentuan ez genuen ikusi, gu geunden tokitik urruti gertatu zelako. Partida bukatuta Rubenek erakutsi zizkigun argazkiak eta orduan ikusi genuen. 

Partidak zein begirekin ikusten dituzu, fisioterapeuta zaren aldetik, hau da, zure jokalariei egindako sarrerak eta haien mugimenduak ikusten, hala zaletu zaren aldetik? Edo bi aldeetatik?
Bankilloan eserita zaudenean ezin duzu zale baten moduan ikusi, animatzen eta zalaparta sartzen, bestela, epaileak kaleratu zaitzake, ezin baituzu hitz egin. Beste modu batera ikusten da, gu lanean ari garelako. Jokalari bat maiki ikusten duzula, besteak eskua gerrialdera asko ematen duela, edo hankara... beti adi egoten zara horrelako gauzei, ahal den azkarrena ibiltzeko. Txip horrekin. 

Osasunako teknikarien taldean, staffean, 15 kide zaudete: entrenatzailea, entrenatzaile-laguntzailea, atezainen entrenatzailea, prestatzaile fisikoak, medikuak, fisioterapeutak, nutrizionista, utillero edo tresnazaina... guztiek koordinatuta egiten duzue lan edo bakoitza zuen eremutik aritzen zarete? 
Staffean 15 gara eta teorian zaila da guztiak batuta egotea, baina guk bilera asko egiten ditugu. Adibidez, osasun-zerbitzuan, entrenamendua bukatuta egunero biltzen gara fisioterapeutak eta medikuak, futbolariek partida edo entrenamendua nola bukatu duten ikusteko eta jokalari jakin batzuk nola dauden ikusteko. Gero medikuak entrenatzaileekin edo prestatzaileekin egiten ditu bilerak, gurekin hitz egin duena bideratzeko. Koordinatuta gaude. Fisioterapeutek medikuak ditugu gainean, gure nagusiak dira. Ez digute esaten gure lana nola egin behar dugun edo zer egin behar dugun, baina euren eskakizunak jarraitzen ditugu. 

Nolakoa da zure egun normal bat?
Osasunak Taxoaren entrenatzen du egunero. Goizeko 9:00etan han egon behar dugu. Denok batera gosaltzen dugu bertan, eta gero eguneroko lanekin hasten gara. Ohatiletara joaten gara, futbolariren batek entrenatzeko bendajeren bat jarri nahi badu, entrenatu aurretik pixka bat berotzeko masajeren bat nahi badu, edo berotzeko makinak erabili nahi baditu... Futbolariak entrenatzera ateratzen direnean, gutako fisioetako bat zelaira ateratzen da, zer edo zer gertatzen bada prest egoteko, eta besteak barruan egoten gara, norbait lesionatuta badago berarekin ariketak egiten, gimnasioan ariketak egiten, ohatiletan tratamendua egiten... Eta entrenamendua bukatzen denean masajeak ematen dizkiegu futbolariei, hurrengo egunerako errekuperatzeko. 

Eta partida bat dagoenean?
Partida arratsaldean bada, goizean gehienetan jai edukitzen dugu partida etxean bada. Bestela, bidaiatzen gaude. Gu bi ordu lehenago joaten gara futbol zelaira. Jokalariak iristerako guztia prest dugu. Jokalariei behar dutena eskaintzen diegu: batzuk txorkatilak bendatzen dituzte partida guztietan, beste batzuk masajea hartzen dute berotzeko, besteak berotzeko makinak erabiltzen dituzte… Eta zelaira berotzera ateratzen direnean, gu ere ateratzen gara, zerbait behar duten ikusteko. Eta partida hasten denean bankillora, han adi egon eta behar bada norbait atenditu. Partida bukatzerakoan batzuek masajea hartzen dute, edo kolperen bat badute hotza jarri... partida joan denaren arabera. Partida bukatu eta ordu bete edo egoten gara oraindik aldagelan, azkena joan arte. 

Nolako harremana duzu futbolariekin? Ohatilek emango dute eurekin hitz egiteko tartea, edo isilik egotea nahiago izaten dute? Zertaz aritzen zarete?
Denetarik dago, baina gehienetan asko hitz egiten dugu. Ez bada zu masajea ematen ari zarenarekin, ondokoarekin hitz egiten duzu... giro oso ona dugu. Futbolari asko nire adin ingurukoak dira eta harreman oso ona dugu, finean egunero egoten garelako beraiekin. Zertaz? Atzoko partidaz, datorren partidaz... askori mendia gustatzen zaie, mendiko ibilbideez aritzen gara... denetarik. 

Gure txokoak gomendatuko dizkiezu (kar, kar...)
Bai (kar, kar…), jokalari dezente eta Jagoba Arrasate entrenatzailea asko egon dira hemen, Beriainera igotzen, esaterako. Hemendik ibiltzen dira, bai. 

Futbolariak gizartean gertatzen denaren jakitun dira?
Azkenean ematen du beste mundu batean bizi direla, baina Osasunakoak, behintzat, normalak dira, oso gertukoak, eta hemen gertatzen diren gauza guztiez dakite eta asko gainera.

Norekin duzu harreman gehien?
Guztiekin harreman ona dugu, baina azkenean harreman gehiena etxeko jokalariekin dugu, Unai Garcia, Oier, Roberto Torres... denbora gehiago daramazulako beraiekin. Baina kanpotik datozen jokalariekin ere oso harreman ona dugu. Dagoeneko taldean ez dauden jokalari batzuekin hizketan jarraitzen dut.

Endika Irigoien urdiaindarra dago jokalarien artean. 
Bai, Osasuna Promesasko taldean ari da, partida guztiak jokatzen, bertako kapitaina da... oso ondo ikusten dut; ea zorte pixka bat duen, saltoa eman eta talde nagusian gelditzen den. 

Osasunak duen altxorretako bat zaleak dira. Sekulako afizioa da Osasunarena, kanpoan ere hala diote. Astero nabarituko duzue gorritxoen babesa.
Zelai guztiak zapatzen ditugu, baina azkenean etxeko partidak bereziak dira. Uste dut Osasunakoak bezalako zalerik ez dagoela; partida guztietan zelaia betetzen da, partida guztietan asko animatzen dute eta kanpotik datozen jokalariak ere harrituta geratzen dira gure zaleekin. Zer zalegoa dagoen, zenbat interes duten, kalean ere nola gelditzen dituzten eta zeinen ondo zaintzen dituzten... hemengo partidak oso bereziak dira. 

Zeintzuk dira, zuretzat, lehen mailako futbol instalaziorik onenak?
San Mames eta Reale Arena dira gehien gustatzen zaizkidanak, baita barrutik nola dauden eginak ere. Eta Atletico de Madrilen Wanda Metropolitano ere. Hiru horiekin geratzen naiz. Bernabeu eta Nou Camp oso handiak dira, baina barrutik gehiago gustatzen zaizkit beste hirurak. Egiten dituzten zelai berriak barrutik oso ondo daude guretzat, prestatzaileentzat; azkenean txoko bat behar da barruan ariketa batzuk egiteko, eta gaur egun hori zelai guztietan egoten da.  

Osasunak Sadarren handitzea egiten duenean ere txoko polita egingo dizue…
Bai, ematen duenez behintzat zelai polita geratuko da. Garrantzitsuena da zale gehiago sartuko direla, eta azkenean, hori nabarituko da. 

Chimy Avila jokalari karismatikoa da, izugarri erakartzen du. Bera lesionatu izana pena da Osasunarendako. Zer moduz dago?
Halako jokalariak hemen estimatuak dira: bere karisma, bere indarra, bere izaera, jokatzeko modua… Ebakuntza egin eta gero, ondo dago, errekuperazioan hasi da buru-belarri. Denbora gutxi darama, baina oso ondo dabil eta ongi joango da ziurrenik. Lesionatu zen egunetik lanean aritu gara, lanean fuerte; ongi lan egiten du Chimyk. 

Halako lesio serioak daudenean zuendako ere gogorra izango da.
Nik daramatzadan urteetan lesio gogorrak izan ditugu: Miguel Flaño, bere anaia Javier Flaño, Tanok ere tibia eta peronea hautsi zituen, aurten denboraldi hasieran Kike Barja lesionatu zen, Unai Garcia, aurrekoan Chimy... Lesio handia dutela jakitun direnean beraien aurpegia ikusteak tristura ematen dizu. Izan ere, 6 hiletez geldirik egotea jokalari batendako asko da, beste bat sartzen da zure ordez eta ez dakizu bueltatzen zarenean jokatzeko tokia izango duzun edo ez. Azkenean beraien lana da eta asko sufritzen dute. 

Elite mailako kirolean gorputzari halako egurra ematea, lesioak... hori gorputzarendako ez al da gehiegitxo?
Kirola egunero egiten dute, baina prestatzaile fisikoek bere lana ongi egiten dute. Badakite zein egunetan zenbat ariketa sartu, gehiago edo gutxiago, partida aurreko egunetan gutxiago egiten dute, bezperan jokatu dutenek hurrengo egunean gutxiago egiten dute, jokatu ez dutenek gehiago... Azkenean hau lan bat da, oso fisikoa. Egia da futbola utzi ondoren belaunek asko sufritzen dutela, baina beno, gaur egun jokalariak gero eta sasoitsuago eta gero eta sendoago daude, eta hori hobeto eramaten dute. Azkenean kirolariek egiten duten lana gustatzen zaie; fabrikara doan batek, akaso ez du horrenbeste gustuko baina lan egin beharra du, aurrera ateratzeko. Hor dago diferentzia, lanera gustura joan edo lanera joan “behar” horren artekoa. 

Osasuna 2. mailatik 1. mailara igo da. Sadarreko giroa aldatu da edo berdina izaten jarraitzen du?
Ni Osasunan nagoenetik 1. mailara igo ginen, gero 2. mailara jaitsi ginen, eta iaz 1. mailara igo ginen berriz, eta urte hauetan guztietan Sadarren giro berbera egon da, eta aldageletan ere bai. Beti giro bikaina dago, 1. mailan edo 2. mailan egon. Egia da gero Barcelona edo Madrilen kontra jokatu behar duzunean nabaritzen dela lehenengo mailan zaudela. Baina, bestela, guri tokatzen zaigun aldetik nik uste ez dela asko nabari. Eta gutxiago zelaian. Sadar beti beteta egoten da eta berdin animatzen dute 1. edo 2. mailan. 

Sailkapenean 12. postuan dago Osasuna, 1. mailari eusteko helburua nola ikusten duzu?
Denboraldi ona egiten ari dira jokalariak. Igo berri den talde bat gara, eta 23. jardunaldian 28 punturekin jaitsiera postuetatik 10 puntura egotea nik uste dut ongi dagoela. Itxura ona dauka, baina han dago maiatza eta salbatzeko lan asko egin beharra dago. 

Badirudi Jagoba Arrasate, Bittor Alkiza eta euren lan taldea Osasunara iritsi zirenetik asmatu dutela. Tekla egokia jo dute. 
Entrenatzaile bakoitzak bere jokatzeko modua ekartzen du eta egia da Jagoba etorri aurretik igual ez genuela orain dugun izaera erasotzaile hori, eta Jagobaren jokoa hori da: atzean ondo egon, baina beldurrik gabe gora joan. Eta hori da, nik uste, Sadarri gustatzen zaiona. Modu horretan ongi joan zaigu eta ongi goaz; nik uste dut asmatu duela, eta horrela jarraituko du Jagobak, hori ez du aldatuko. 

Taxoaren euskara entzuten da, euskaraz aritzen zarete?
Jagoba eta bere taldea etorri denetik gehiago aritzen gara euskaraz. Jagobak eta Alkizak euskaraz dakite, Richard Sanzol atezainen entrenatzaileak euskaraz daki, Borja Oreja fisioak euskaraz daki, Juantxo Marin prestatzaile fisikoak euskaraz daki.. Jokalarien artean nik uste dut orain gehiago hitz egiten dela euskaraz horregatik ere, entrenatzaileak badakitelako. Unai, Oier, Kikek...euskaraz hitz egiten dute eta guk gure artean ere bai. Nabaritu da. 

Aurten Euskal Herriko 5 taldeetako entrenatzaileak guztiak euskaldunak!
Gutxitan ikusiko da, bost euskaldun taldeek entrenatzaileak bertakoak eta euskaldunak izatea. 

Zein harreman duzue Euskal Herriko gainontzeko taldeekin? Staffeko langileek ere ezagutzen al duzue elkar?
Elkar ezagutu, bai, baina batzurekin erlazio gehiago duzu igual gehiago jokatu duzulako. Errealeko fisioekin harreman gehiago dugu aurten partida gehiago jokatu ditugulako, lagunartekoak eta, baina besteekin ere harreman onak izaten ditugu. 

Aurkakotasuna zelaian gelditzen da. 
Bai, harreman ona dugu, bertakoekin eta edozeinekin. Jokalariak laguntzeko gaude, eta zelaira ateratzen den edozein jokalariri edozer gertatuta ere, beti esku bat botatzeko prest, denok pertsonak garelako. Hori ez da aldatu behar.

Lehen mailan puntako izarrak gertu ikusiko dituzu. Zure idoloren bat ikusita ez duzu aprobetxatu kamiseta edo zerbait eskatzeko?
Hasierako urteetan ikusmin gehiago duzu, harrituta geratzen zara horietako jokalari handi bat ikusten duzunean, baina, finean, zure taldekoak gertu ikusten dituzu eta hemengoendako izarrak diren moduan, zu egunero egoten zara beraiekin eta horrek dena normalizatzen du. Haurrek nola ikusten dituzten, eta jokalari horiek ikusterakoan zein aurpegi jartzen duten horrek betetzen zaitu. Beraiendako idoloak dira eta horrekin geratzen zara. Beraiekin egunero egotean, jokalariak lagun moduan ditugu gehiago idolo baino. 

Futbolariak guk uste baino normalagoak izango dira. 
Askotan galdetzen didate: hau nolakoa da? Bestea nolakoa? Oso normalak dira, bere familiak dituzte, seme-alabak ikastetxera eramaten dituzte gainontzekoek bezala, arratsaldetan ikastetxetik jasotzen dituzte, parkeetara doaz... oso pertsona normalak dira. 

Messi ikusi zenuen lehenengo aldiz zer pentsatu zenuen...
Lehenengoa han ikustea tokatu zitzaidan eta inpresionatzen du pixka bat. “Beno, hau da telebistan urte askotan ikusten dugun jokalaria...”. Dena den, aldagelan gainontzekoekin barrez eta hitz egiten egoten dira, oso normalak dira. Baina, egia esan, lehenengo egun horietan pixka bat inpresionatzen dizu. 

Zure lana familiarekin eta eguneroko bizimoduarekin nola uztartzen duzu?
Nik dudan lanarekin ezin naiz kexatu. Asko gustuko dut. Astez gehienetan goizez egiten dugu lan, arratsaldez, norbait lesionatuta badago joaten gara, baina txandakatzen gara. Arratsalde guztia familiarentzat dut, alabarekin eta familiarekin egoteko. Futbolak duena da asteburuetan lan egiten dugula, kanpoan tokatzen bada 2-3 egun ateratzen zara, eta etxetik kanpo egoten gara, baina astez arratsaldeak libre ditugu. 

Zure bizitzako lana da hau?
Nik ikasketak egin nituen gehienbat kirolaren munduan, mundu honetan aritzeko. Beti korrika eta futbolean aritu izan naiz, eta behar izan dudanean fisioterapeutengana joan izan naiz; beti gustatu izan zait egin duten lana, kirol munduan laguntzeko lana delako. Beti bide horretatik enfokatu dut eta orain oso gustura nago Osasunan. Lan hau oso gustuko dut, eta hemen gustatuko litzaidake jarraitzea. Lehen mailako talde batean lan egiten dugu, baina gurea bizimodu normala da, beste edozein tokitan lan egingo banu bezala. Egia da partida aurreko egunean edo biharamuneanjendeak gehiago galdetzen dizula: “hau nola dago, atzoko partida nola joan zen....” baina gu ez gara inor, ez gaitu inork ezagutzen. Jokalariei tabarra gehiago emango diete, baina gurea oso bizimodu normala da, eta bizimodu ona, esango nuke. 

Baina taldearekin autobusetik jaisterakoan, zaleen txaloez inguratuta, edo 1. mailara igo zinetenean, Gaztelu plazako ospakizunak eta Iruñeko udaletxekoak tarteko, oilo-ipurdia jarriko zaizu, ez?
Hori bizi beharra dago, ez da ezerekin ordaintzen. 1. mailara igo ginen eguna, Gaztelu plaza eta Iruñeko udaletxeko ospakizunak... barrutik bizi behar dituzu, bestela zaila da esplikatzea. Ea heldu den urtean lehen mailan jarraitzen dugun berriro!