Hiru odol-emaile omendu dituzte

Guaixe 2020ko ots. 16a, 19:05
Ignazio Lopez de Sabando, Piedad Aiestaran Goñi, Imanol Erauskin Huizi eta Ana Elena Goñi Igoa.

50 alditan odola emateagatik Adonaren zilarrezko domina jaso dute.

Adona Nafarroako Odol-emaileen Elkartearen Etxarri Aranazko ordezkaritzaren festa egin zen joan den igandean. Lehenik, auzatea izan zen, eta han Adonako kideek elkarrekin hitz egiteko aukera izan zuten jan eta edaten zuten bitartean. Hura despeditzean aitortzen garaia iritsi zen. Adonako Etxarri Aranazko ordezkari Ignazio Lopez de Sabandok zilarrezko domina bana eman zien Piedad Aiestaran Goñiri, Imanol Erauskin Huiziri eta Ana Elena Goñi Igoari. Horrela, hirurek odola 50 alditan eman izana aitortu zitzaien. 

Lopez de Sabandok jakinarazi zuenez, Etxarri Aranazko Adonaren ordezkaritzak 447 emaile biltzen ditu. Haietatik 119k eman zuten odola joan zen urtean, 2018an baino bik gutxiagok. 119 emaile horiek 232 odol emate egin zituzten (2018an baino 8 gutxiago). Odol emate horietatik 230 emate arruntak izan ziren eta bi aferesi. Emandako 232 odol emateetatik 26 bota zituzten atzera osasun arduradunek. Etxarriar gehienek odola herrian eman zuten (201), autobusa edo autohemoteka herrira etorri zenean. Gainontzeko 31 odol-emateak beste herriren batean edo Iruñeko Adonaren egoitzan egin ziren. 

Adonako arduradunak azaldu zuenez, 9 odol emaile berri egin ziren joan den urtean Etxarri Aranatzen. Osasun sistemaren oinarrizko pilarea den odol-ematearekin bat egin eta odol-emaile egitera gonbidatu zituen gazteak. Horretarako bi aukera daude. Aurrena, odol-emaileen autobusa Etxarri Aranatzera datorrenean bertatik pasatzea (maiatzak 20, garagarrilak 3 eta 10, 17:00etatik 20:30era). Bestea, Nafarroako Ospitale Gunean dagoen Adonaren egoitzatik pasatzea.