Itsaso Arenzana

"Antzezlana nire aukera izan da"

Erkuden Ruiz Barroso 2020ko ots. 14a, 13:58
Itsaso Arenzana aktorea 'Viejos mundos nuevos' antzezlanean. ADOS TEATROA

Antzezlan baten bidez beldurrei aurre egin die Itsaso Arenzana etxarriarrak. Gizakia Helburun arazoak gainditzeko sartu zen, eta oholtzara igotzeak bizitza aldatu dio

Arte eszenikoen bidez XXI. mendean sortzen ari diren giza eskubideei buruz  hausnartzea du helburu Ados teatroa konpainiak 2016an sortu zuen Giza Eskubideak Eszenara (gaztelaniaz, Derechos Humanos a Escena) programak. Programa honetan antzerki konpainiak profesionalak eta gizarte-bazterkeria sufritzen duten kolektiboak batzen ditu eta elkarrekin eta berdintasunean antzezlan bat hutsetik sortzen dute: gidoia idaztetik eszenaratzera arte. 

Aurten programaren laugarren edizioa egin dute, eta Ados Teatro konpainia Gizakia Helburu (gaztelaniaz, Proyecto Hombre) eta Mentalia elkarteetako erabiltzaileekin aritu da Viejos mundos nuevos lana prestatzen. Haien artean sakandar bat dago: Itsaso Arenzana. Oholtzan haren eta bere lagunen esperientziak konpartitu ditu. Antsoaingo kultur etxean mustu zuten antzezlana eta etzi, igandean, mustutzearen arrakasta errepikatuko dute Atarrabiako kultur etxean, 19:00etan. Sarrerak agortu dira. Lanak edozein pertsonak aldatzeko duen eskubideari buruz hitz egiten du, eta bi errealitate aurrez aurre jartzen ditu. 

Nola sortu zitzaizun proiektu honetan parte hartzeko aukera?
Alkoholarekiko mendekotasuna nuen eta bederatzi hilabetez Gizakia Helburu-n egon nintzen. Terapeutak parte hartzera animatu ninduen. Proposatzen dudan guztia lortzeko gai naizela konturatzeko balio zuela esan zidan. 

Eta animatu zinen. 
Nire beldurrei aurre egiteko aukera oso ona iruditzen zitzaidalako animatu nintzen eta beste pertsona batzuek laguntzarik eskatu behar badute beldurrik eta lotsarik gabe eskatu dezaketela erakusteko. 

Aurretik Ados Teatroren proiektu hau ezagutzen zenuen?
Ez, ez  nuen proiektua ezagutzen eta oso interesagarria iruditu zitzaidan. 

Zein da Giza Eskubideak Eszenara proiektuaren helburua?
Gizarteari ikustaraztea bizitzan aldaketa bat egin daitekeela. Lotsak alde batera utz daitezkeela, eta frustrazioen, gorrotoen eta, batez ere, mendekotasunen inguruko kontzientzia har daitekeela.  Denek lor dezaketela. Bigarren aukerak badaudela. 

Nola lagundu dizu?
Proiektu honetan egoteak lagundu dit bigarren aukera badirela konturatzeko. Jendeak niri buruz esaten edo pentsatzen dituenari beldurra kentzen lagundu dit proiektuak. Nire arazoa, alkoholarekiko mendekotasuna, kontatzetik indartuta ateratzea zaila da hasieran, baina gero sari handia du. Bizitza aldaketa suposatu du. 

Pentsatzen zenuen emaitza horiek izango zituela?
Ez, inolaz ere ez. 

Antzezlan batean parte hartu duzu. Aurretik antzerkia egin duzu?
Ez. Hau bezalako zerbait egitera animatzen naizen lehenengoa aldia da, eta oso harro nago. Txikitan nire bizitzan noizbait antzerkia egitea edo aktorea izatea zen nire ilusioa. Eta hau nire aukera izan da. 

Nola izan da proiektu honen parte izatea?
Proiektu honetan parte hartzea oso polita izan da. Beste pertsona batzuen istorioak ezagutu ditut eta askotan identifikatuta sentitu naiz. Eta pentsatzen duzu: ez naiz hau guztia gertatzen zaion bakarra. Ez naiz zomorro arraro bat. Beldurrak apurtu ditut eta nire burua gehiago ezagutu dut. Nire ustez ez nituen sentimenduez ohartzeko lagundu dit. 

Nortzuk landu duzue antzezlana?
Gutxienez 15 pertsona geunden. Gizakia Helburu proiektuko sei pertsona, adimen-urritasuna duten hainbat pertsona eta antzerkigile profesionalak: Jose Mari Asin eta Patxi Perez.  

                              
'Viejos mundos nuevos' antzezlanaren une bat, Itsaso Arenzanaren pertsonaia pantailan dagoela. UNAI BEROIZ

Zertan oinarritu zarete Viejos mundos nuevos-en gidoia sortzeko?
Bakoitza bere mendekotasun-arazoan oinarritu da. Bere maletan duena kontatu du; gauza onak edo txarrak izan daitezke. Hortik sortu da lana. 

Nolakoa da zure pertsonaia? Protagonista zara?
Protagonista banaiz; denok gara protagonistak. Nolabait, nire pertsonaia neure bizitzan bizi izan dudan egoeretan oinarrituta dago.

Zenbat denbora aritu zarete prestatzen?
Zorokiain izeneko herri batean soinuak grabatzen bi hilabete inguru egon ginen. Agertokian entseatzen hiru aste baino ez genituen eman. Azkenean, ondo aterako ote zen beldurrarekin geunden, baina profesionalei esker oso ondo atera zen. 

Estreinaldia Antsoaingo kultur etxean egin zenuten. Zer moduz joan zen?
Urtarrilaren 31n Antsoainen aritu ginen eta dena beteta zegoen. Jende asko sartu gabe geratu zen. Igandean bigarren emanaldia egingo dugu eta esan behar dut ez dagoela sarrerarik. Arrakastatsua izaten ari da. Horrela jarraitzea espero dut. 

Nola izan zen agertokira igotzea eta publikoaren aurrean jartzea?
Uf! Adrenalina. Eszenatokira igotzen zarenean dena ondo ateratzea begiratzen duzu. Ez duzu eserita dagoen jendea ikusten, baina emanaldia amaitzea eta mundu guztiaren artean elkartasuna dagoela ikustean, zoramena da. Ez dizu ia denborarik ematen dagoena eta ez dagoena ikusteko. 

Zer moduz taldekideekin?
Oso ondo. Hasieran ez genuen elkar ezagutzen, eta egunak igaro ahala taldea egiten duzu. Ikuskizuna amaitzen denean denok elkarri besarkatzen diogu, betidanik ezagutuko bagina bezala. Oso polita da. 

Antzerkia egiten jarraitu nahi duzu?
Bada, agian. Esperientzia bakarra da. Agertokiak ematen dizun guztia azaldu ezin den zerbait da. 

Zerbait gehiago gaineratu nahi duzu?
Laguntza behar duen jendeari esan nahi diot beldurrik gabe eskatzeko. Gero sariak oso onak dira. Askoan bizitza bere onera aldatzen zaizulako.