Euskal Herriko herrietako plaza asko ezagutu ditu Tximeleta taldeak. Festa asko girotu dituzte. Duela 20 urte sortu zen, eta hasieratik Mikel Mundiñano Zato etxarriarra dago. Duela 16 urte inguru Maider Ansa abeslaria sartu zen taldean, eta gaur egun arte errepertorio zabal bateko abestiak interpretatu ditu. 2020a "euskal plaza taldearen" azken urtea izanen da; 'Azken hegaldia'.
Nola sortu zen Tximeleta taldea?
Mikel. Garai hartan anaiarekin ibiltzen nintzen kontzertuak ematen, Mundiñano anaiak taldean. Momentu horretan ere Jator taldea ibiltzen zen Sakanan eta bertan Txuma eta Fabian aritzen ziren. Txuma gitarrarekin eta Fabian baxuarekin. Iruñeko bi gazte ziren orduan. 2000. urteko iraila edo izango zen eta Jator taldearen ibilbidea bukatu behar zen. Beraien asmoa zen beste euskal plaza talde bat sortzea. Orduan, nirekin harremanetan jarri ziren, komentatu zidaten horrelako talde bat sortu nahi zutela euskara oinarri zuena, euskaraz izango zena, eta trikitia bat nahi zutela. Hor hasi ginen. Hasieran hirurok elkartu ginen, eta gero abeslari batekin hasi ginen, teklista batekin eta bateria-jotzaile bat topatu genuen. Lehenengo seikotea horrela izan zen. Pixkanaka-pixkanaka errepertorio bat osatu genuen eta entseatzen hasi ginen.
Etxarri Aranatzen elkartzen zineten?
Mi. Ez. Hasiera hartan Iruñean hasi ginen entseatzen. Momentu desberdinak izan ditugu. Denboraldi batean Etxarrin entseatzen egon gara, beste denboraldi bat Iruñean eta gaur egun ere Iruñean entseatzen dugu. Egia esan, ez dugu asko entseatzen, baina entseatzen dugunean Iruñean egiten dugu.
Noiz eta nola sartu zinen, Maider?
Maider. Ez dakit zein urtetan sartu nintzen, 18 urte nituen, 18 urterekin sartu nintzen. Abeslaria behar zuten eta probak egiteko deitu zidaten. Eta ez zidaten hartu. Beste neska bat hartu zuten. 16 edo 17 urterekin egin nituen probak, eta oso gazte nintzen. Gainera, hara non bizi nintzen... Gauza batengatik edo bestearengatik beste neska hura hartu zuten, eta hurrengo urtean neska horrek esan zidan ez zegoela eztarriz oso ongi, eta igual kontzertu batzuk jarraian bazituzten berak pare bat egingo zituela eta nik beste pare bat. Aitzaki hori jarri zuen. Gero denboraldi osoan ez zen agertu. Denboraldi osoa egin nuen ni. Baina oso gustura. Horrelaxe hasi nintzen.
Zergatik Tximeleta?
Mi. Egia esan, izena erabaki zen bilerara ez nintzen joan. Dena esan beharra dago. Momentu horretan seikote horretatik euskaraz jakingo genuen bakarrik abeslariak eta biok, seitik bik, eta, orduan, Txumak eta Fabianek izen euskaldun bat nahi zuten, erraz esango zena. Hasieran ez zitzaidan batere gustatu, baina gero denborarekin Tximeleta idatzita ikusten nuen eta kariño pixka bat hartu nion.
Mai. Gainera, tximeletak ere gauez ibiltzen dira eta Euskal Herria guztian baditu hamaika izen. Mikelek askotan kontatzen du. Beraien erdal belarrietan euskaraz polita iruditzen zitzaien hitz bat zelako aukeratu zuten. Besterik gabe, ez esanahi ez ezer ez zuten begiratu. Soinu polita zuela eta euskaraz zela.
20 urteko ibilbide honetan, taldea askotan aldatu da?
Mi. Hasieratik Fabian eta biok gelditzen gara. Bigarren urtean, urtea bukatu baino lehen, Animal teklista sartu zen. Orduan, esan daiteke Animal, Fabian eta ni gaudela hasieratik. Aldaketak izan dira, mantendu dena baxu-jotzailea, teklatu-jotzailea eta Maiderren 16. urtea da. Hor mantendu gara. Aldaketak baterian eta gitarran izan dira, gehien bat.
Ma. Zalantza batzuk ditut, baina kalkuluak egiten 19 bat pertsona pasa direla ateratzen zait. Bost batera-jotzaile izan ditugu, abeslari beste lau eta gitarra-jotzaileak beste lau-edo. Buruz ari naiz.
Ongi eraman dituzue aldaketa horiek?
Mi. Ez da erraza. Kontuan izan behar da guk bezalako plaza talde batek daukala kristoren errepertorio zabala eta aldaketa bat dagoenean entsegu pila bat egin behar dira, eta kanta berdinak entseatu behar ditugu. Gainera, lagun batekin gustura zaude eta bat-batean uzten du; beste talde batera joaten delako edo beste edozein arrazoiengatik. Ez dira momentu onak. Nolabait ere talde batek egonkortasuna behar du ongi funtzionatzeko.
Mai. Egia da aldaketak ez direla izan ez haserreengatik edo kontu txarrak izan direlako. Beste talde batzuetara joan direlako izan dira.
20 urte, eta disko bakarra.
Mai. Bada plaza talde bat gara. Abestiren bat aurretik bageneukan grabatuta eta denak bilduta izateagatik hamar abestiekin diskoa osatu genuen.
Mi. Egongo dira makina bat talde diskorik ez dauzkatenak. Azkenean, plaza talde baten oinarrian bertsioak daude, eta orduak guk hasieran horrela egin genuen. Esan bezala, aurretik kanta suelto baten bat egin genuen eta 2014an egitea erabaki genuen eta horrela atera zen, besterik gabe.
Esperientzia ona izan zen?
Mai. Bai, polita.
Zenbat plazetan egon zarete?
Mi. Kontatuta ez ditugu, baina 1000 kontzertutik gora egin ditugu. Mila kontzertu 20 urtetan. Urtean bataz bestekoa 50 kontzertu baino gehiago egin ditugu; gehiago egin ditugu, eta gutxixeago ere egin ditugu.
Mai. Horietatik 260 bat Sakanan.
Gehienak Euskal Herrian?
Mi. Denak Euskal Herrian. Behin Kataluniara jotzera joan ginen eta gu hasi behar ginenean euria hasi zen eta bertan behera gelditu zen.
Toki kuttunen bat?
Mi. Badaude leku batzuk esaten duzu: ai ama. Adibidez, anekdota moduko bat: Sanferminetan Herriko Tabernaren txoko horretan jo dugu urte askotan eta beti berezia izan da debekuaren mugan egon garelako. Udalak ez zion herrikoari baimena ematen kontzertuak egiteko eta, hala ere, guk jo egiten genuen. Aldi horietakoren pare batean balkoitik jotzea tokatu zaigu, tabernaren barnean, baldintza oso txarrak zirela. Baina sentsazioak oso onak ziren, ez digute uzten, baina guk egingo dugu.
Mai. Kanpoan ezin bada, barruan. Polita da. Donostiako Piratak ere kristorenak izan dira. Hiru edo lau aldiz joan gara, eta ederra izaten da. Baita edozein herri txikitan ere. Ustekabean sorpresa oso politak hartzen ditugu. Beti oso ongi zaindu gaituzte. Hori da, nire ustez, politena. Ongi zaindu izan gaituzten herritan beti gustura egon gara. Igual da handia izan, txikia...
Tximeletak badauka elkartasunerako joera hori, ez?
Mi. Sortu zenetik esan dugu guretako plaza aldarrikatzeko gune bat dela ere, eta guk zeregin pertsonal bat bezala hartu zuen. Hasieratik gure izaeraren barne egon da, argi eta garbi, plazak alaitzeko, dantzatzeko eta kantatzeko badirela, baita aldarrikatzeko gune bat badirela. Azkenean, plazan horretan elkartzen da herriko aniztasun guztia eta gune garrantzitsu bat da. Gune egoki bat aldarrikapenak egiteko. Tximeletaren barne egon den aspektu garrantzitsua izan da. 20 urtetan saiatu gara musika eramaten, alaitasuna eramaten, baita aldarrikapenak eramaten ere.
Ba al dago plazaren bat ez zaretena egon, baina egon nahi zenutena?
Mai. Saiatu gara behin baino gehiagotan Lekeition muturra sartzen, esaterako. Festa sanoa eta polita iruditzen zaigu.
Mi. Galdera hori erantzuteko pentsatu egin behar da... Zeinetan ez dakit. Baina Maider ez da egon ni egon naizen leku guztietan, adibidez, Zugarramurdiko kobazuloetan egon ginen jotzen, eta horrelako leku batzuk badira.
Herri oso dantzari bat, dantzariena ez esateagatik?
Mai. Zaldibi oso dantzaria da. Zestoa ere bai niretako kuttunetarikoa da. Harreman ona daukagu Zestoako jendearekin.
Mi. Ados, bai. Gatzgabekoak zein diren ez galdetu, hori ezin dugu esan.
Gertu daudelako?
Mi. Bueno, gertu badaude batzuk. Egia esan, guretako herria izan daiteke gatzgabea, baina herritarrendako gu gara gatzgabekoak. Hori ere hartu behar da kontuan. Gu azkenean joaten garen plaza guztietara antzeko saioak egiten ditugu; ez dago diferentzia handia errepertorio berdina delako. Eta, egia da, egun guztiak ez direla onak izango, guztioi gertatu bezala. Orduan, askotan guk esaten dugu herria motela dela, baina herriak esaten du gu garela gatzgabeak. Izan daiteke egun aproposa ez dela ere. Festetan egun batzuk fuerteak dira eta beste batzuk ez, eta egun horietako batean joaten bazara igual ez da nahi bezalako giroa sortzen. Faktore asko daude hori neurtzeko. Ezin gara hain zorrotzak izan.
Mai. Elkar elikatzen dugu. Izan daiteke ez giroa ez gu giroan ez egotea, eta konektatzea ez lortu. Baina baliteke gu ez egotea, baina haiek bai, eta orduak lortzen dugu.
Oholtzetan eta kioskoetan aritu zarete. Giroa desberdina da?
Mai. Giroa desberdina da. Kioskoa agian ez da hain erosoa. Aurrera begiratzen duzu eta beste eszena-tokietan bilduago bezala zaude, pribatutasun gehiago ematen dizu. Zerbait gaizki egin eta atzera begiratu dezakezu eta bateria-jotzaileak bakarrik ikusiko zaitu aurpegi arraroa jartzen, baina kiosko batean seguru beste norbaitek ikusten zaituela ere.
Mi. Eta nik uste kioskoak daukan beste gauza bat da soinu bandetarako ez dela batere ona. Bere berezitasunak ditu ere. Etxarrin, adibidez, kanpotik etortzen den jendea zur eta lur gelditzen da edozein gauza jo ere kioskoari buelta, buelta eta buelta egiten zaiolako. Baina soinu aldetik eta ongi entzuteko ez dauka baldintza egokienak. Gainera, jendeak bueltak ematen baditu, atzean ez du berdin entzungo. Alde onak eta txarrak ditu.
Errepertorio zabala duzue diozue, zenbat abesti ditu?
Mai. Ehun eta piko kanta daude.
Kanta gogokoen bat?
Mai. Azken urte hauetan nik oso gustura kantatzen dut Berri Txarrak taldearen Katedral bat, adibidez, Indarra dauka eta oso gustura egiten dut.
Mi. Baneukan kanta bat lehen jotzen genuela eta orain ez duguna jotzen: Ken Zazpiren Zapalduen olerkia. Hori ba zen niretako kuttuna. Ez dakit ongi gelditzen zitzaigun, baina gustatzen zitzaidan.
Eta zailena?
Mai. Michael Jacksonen kantu batzuen zatiak abestei ditugu, bata bestearen ondoren, eta kanta baten giroa hartzen duzunean, bestea hasten da. Gainera, Michael Jackson bakarra da eta oso karakteristikoa da. Ezin duzu imitatu eta zure xarma ematen badiozu ere ez da...
Nolakoa da zuen kontzertu egun bat?
Mi. Hogei urtetan aldatu da egunerokotasun hori. Nik uste lehenengo urteak askoz gogorragoak izan zirela, alde batetik, hasierako urteetan jendeak ez zaitu ezagutzen eta lekua egin behar duzu. Lekua egitea ez da erraza. Herrietara joan behar zara haiek jakin gabe zer egiten duzun, badakite euskaraz egiten duzula, baina hasten dira eskatzen Paquito el chocolatero jotzeko, eta guk ezetz. Jotzeko Asereje, eta guk ezetz. Orduan, terrenoa pixka bat markatzen joaten zara: zure errepertorioa, zure giroa, zure dena... eta kostatzen da. Lehenengo urte horietan inbertsioa egiten duzu, ekipo bat erosten duzu eta ekipo hori mantendu eta muntatu egin behar da. Furgoneta bat behar duzu ere. Urte horietan ordu asko eskaini genizkion. Etxetik 16:00etan atera eta hurrengo eguneko 08:00etan iritsi etxera. Eta ez geunden parrandan. Nafarroan jotzen genuen, eta Nafarroan ordutegiak arratsaldean eta gauean, goizeko 5ak arte, ziren. Pentsa Otsagabira edo Isabara joan behar garela, bukatzean bildu eta etxera itzuli. Eta hurrengo egunean berdin. Denborarekin baldintzak borrokatzen dituzu eta lortzen dituzu. Azken lau urtetan baldintzak hobetu dira. Guk ez dugu ekipoa muntatzen eta guretako hori aurrerapen bat bada. Alde horretatik eman ditugun pausu horiekin baldintza aldetik inoiz baino hobe gaude.
Nafarroan herri gaupaseroenak daude?
Mai. Nafarroan ordutegi hori mantentzen da. Niri behin tokatu zait goizez, arratsaldez eta gauez herri berean aritzea.
Mi. Nik uste herri txiki asko direla eta taberna bakarra dago, orduan, plazako musika bukatzen denean dena bukatzen da. Ohitura zaharra da hori. Ez dagoenez asko, musika taldea plazan jotzen egoten da. Eta guri ez zaigu asko tokatu, baina garai batean goizeko kontzertua ere zegoen, vermut-ean. Behin egin dugu. Baina talde askok ohitura normal bezala zuten. Herrietara joaten ziren eta eguerdi, arratsalde eta gau egiten zuten.
Oso biziak dira, beraz.
Mai. Baina niretako nahiz eta egun txar, gaixo egon eta zertarako joan behar naiz ni kontzertu batera galdetu... gero oholtzara igo eta sendatzen naiz. Endorfinak izango dira. Kantatzen ez duenak zoriontasunik ez du.
Urte hau berezia izango da, ez?
Mi. Ziur. Azkena da, beraz... Berezia izango dela argi dago. Hasi gara gauzak prestatzen. Despedida kanta bat egin dugu, eta web orri bat martxan jarri dugu ere.
Mai. Nik uste negar pila bat egin behar dudala. Herri bakoitzean agurtu beharko gara, eta herri batzuetan urtero egon gara. Etxarrin azkeneko notak jotzen ditugunean izango da... Ziur momentu hunkigarri asko pasako ditugula. Ni dagoeneko hunkitzen naiz.
Erabaki naturala izan da?
Mi. Fase bat izan da eta nik nahiko naturalki hartzen dut. Nik ez nuen nire burua bizitza osoa plaza talde batean ikusten. Beraz, bukatu behar da. Noiz? Uste dut ongi etorri zaigula erabaki dugulako guk noiz bukatu eta nola bukatu. Izan zitekeen beste modu batera, higaduragatik, eta ez da horrela izan. Nekatuta gaude, bai, geroz eta neke gehiago sortzen du uda batek. Baina ez da horregatik. Fase bat bukatu dela izan da. Gainera, nik askotan komentatu dut, duela 20 urte hasi nintzenean nire aurrean zegoen publikoa ni baina gazteagoa, nire adinekoa eta zaharragoa zen, baina orain beste belaunaldi batzuk daude. Jendearekin konektatzen dugu, baina honekin amaitu behar genuen. Hau da, jendeak ez digu bizkarra eman, jendeak gurekin jarraitzen du, plazak betetzen jarraitzen dugu eta ezin dugu esan plazak galduta daudenik. Fase baten bukaera da. Ez dut ere oso tragikoa izan nahi, baina horrela da. Edo horrela egiten genuen edo bestela desgastatzen uzten genuen eta egunen batean nazkaturik utzi. Erabaki genuen taldean modu polita izango zela horrela uztea, zerbait txukun egiten eta aurten nahi dugun tokitara jotzera joan eta azkenen urtez gozatu. Tximeletak egin duen ibilbideaz harro nago.
Mai. Plazak berpizten ikusi ditugu. Publikoa bai gazteagoa dela, baina eroso sentitzen naiz. Baina taldean neke bat sumatzen hasi zen eta modu naturalean zintzo izaten bukatzea hoberena zela erabaki genuen. Denok ados geunden.
Jendea aldatu da, baita teknologia eta musikaren mundua ere.
Mai. Bai. Asko. Alde batetik ona da. Globalizazio honek ekarri du mundu osoko musika eskura dugula. Baliteke gu estilo batzuekin oso identifikatuta ez sentitzea. Pozgarria da duela 40 urteko abestia jotzen ditugulako ere. Eta horietaz gain berriak sortzen dira Euskal Herrian bertan eta gustuko musika nonahi dago denon eskura.
Agur kontzertua prestatzen ari zarete?
Mi. Zerbait egongo da. Baina ez dugu ezer esango. Gurea ez da izan behar kontzertu berezi bat. Guk egiten duguna egingo dugu, hau da, festa bat. Zerbait egiten badugu gure helburua izango da jendea gonbidatu eta festa bat egitea. Bukaera festa bat. Momentuz 20 bat kontzertu hitzartuta ditugu.
Mai. Hori daukagu buruan. Oraindik ezin dugu asko aurreratu, baina jakingo duzue eta gonbidatuta zaudete, hori ziur.