Aurtengo kintada 16 gaztez osatuta dago, honakoak: Uxue Biain, Amaia Arraiza, Lorea Arraiza, Luzia Navarro, Elai Gomez, Maitena Bergera, Aratz Mariñelarena, Josu Igoa, Aimar Lizarraga, Xabi Zubieta, Mikel Etxabarri, Unax Ijurra, Markel Lakuntza, Mikel Igoa, Iraitz Zubeldia eta Amaiur Arratibel. Gaur, kinto zaharrekin batera, afaltzera elkartuko dira eta mahaitik jaso eta Tolosarako bidea hartuko dute.
Bihar goizean, baserritarrez jantzita aterako dira kalera. 09:30etik 14:30era kinto-eskean ibiliko dira herrian barna txarangak lagunduta. Eskean ibiltzea zer den badakite urte zahar egunean “kintuendako pixkat” eskatzen ibili baitziren. Bordan bazkaldu ondoren eta ihote kalejira despeditzen denerako auzatea prest izanen dute kintoek, 19:30ean izanen da.
Aurretik, eta ondoren
Kintoak izan dira aurreko hiru ostegun iluntzetan, Etxarri Aranazko inauteriko Gizakunden, Andrekunden eta Garikunden txatarraz jantzi eta zigorra eskutan dutela jendea lasterka jarri dutenak. Eskea eta ondorengo afariak ere izan dira. Kintoek ihote ospakizunetan gehiago lagundu dute, larunbateko Zalduiyoten izan zen. Eguerdian haurrendako jolasak prestatu zituzten. Eta haietako batzuk mozorro lehiaketan epaile aritu behar izan zuten. Urtero moduan kintoek euren egitekoak Olentzeroren etorreran mustu zituzten. Eta herriko hiru ospakizun seinalatuetan dantzakia dantzatzeko txandakatuko dira: San Kirikon, San Adrianen eta Ama Birjinan egunean.