M. Idoate eta G. Petriati

"Heriotza bizitzaren parte da"

Eneida Carreño Mundiñano 2020ko ots. 28a, 12:01
Mikel Idoate Izarra beilatokiko kudeatzailea eta Garbiñe Petriati Sakanako langilea.

Mikel Idoate Izarra ehorztetxearen kudeatzailea da. Garbiñe Petriati Sakanako langilea. Izarrak zerbitzu integrala eta gertuko eskaintzen du.

Heriotza eta dokua bezalako kontzeptuak ulertzeko zerbitzuak eskaintzen ditu ere Izarrak.

1. Zer da Izarra?
Izarra, ehorzketa zerbitzuak eskaintzen dituen enpresa eta marka da. Zerbitzu funerarioa, enpresa eta bizitza-heriotza kontzeptua ulertzeko modu berri bat du Izarrak.

2. Zein dira Izarraren balioak?
Gertutasuna, bertan errotua egotea, gardentasuna eta argitasuna. 

3. Erroak bertan dituena, gertukoa… zer esan nahi du?
Tokian tokiko kultura, tradizioak eta hizkuntza errespetatu eta promozionatzen ditugula. Inguruan dagoenarekin lan egiten saiatzen gara, ekonomikoki eta sozialki errotuak egoteko, eta herriaren eta herritarren onurarako. Horretarako, bertako langileak, bazkideak eta hornitzaileak ditugu eta zergak bertan ordaintzen ditugu.

4. Izarran lan taldeari garrantzia ematen diozue?
Bai noski. Enpresa baten izaera atzean dauden pertsonek osatzen dute. Zerbitzu ona, hurbila eta pertsonala eman nahi badugu, horretarako lan talde formatua, bizkorra eta hurbila behar dugu. Gaur egun multinazionalak dira nagusi sektorean eta gu, hemengo enpresa izanik, sozialki ardura berezia dugu. Horregatik, lan baldintza onak izatea da gure helburua. Gure zerbitzua 365 egunetan 24 ordukoa dela jakinik, kontziliazioari eta lan giroari garrantzi handia ematen diogu.

5. Bizi bitarteko zerbitzuak, hileta zerbitzuak eta hurrengo egunerako zerbitzuak…
Bai, zerbitzu integrala. Orain arte ehorzketa enpresek bakarrik hileta zerbitzua eskaintzen zuten. Guk argi dugu zerbitzua osoa izan behar duela. Horregatik bizi bitarteko zerbitzuak ditugu, doluan laguntza, formazioa, aseguruak, hil ondorako kontratua (non zure agurra idatzita eta ordaindua utzi dezakezun). Baita ondorengo zerbitzuak ere: beharrezko herentzia eta pentsioak tramitatzen dituen zerbitzua eta Izarra Fundazioak doluan laguntzeko zerbitzua.

6. Heriotza eta bizitza ulertzeko beste era bat: zergatik kostatzen zaigu hainbeste heriotzaz hitz egitea?
Heriotza ezezaguna egiten zaigu eta beldurra ematen digu. Baina, heriotza bizitzaren parte da eta naturaltasunez hartzea komeni da. Galera bat izatea zer den jakitea, samina zer eta zergatik sorten den, dolu prozesua nolakoa den, gaiaz nola hitz egin… Hori guztia agertzea eta horretaz hausnartzea lagungarri izango da. 

7. Uste zabaldua da hiltzea garestia dela…
Garestia…Izan daiteke. Enpresaren arabera garestiago oraindik. Kontuan izan behar da, ehorzketa zerbitzuek gastu finko handiak dituztela, urte osoko egun guztietan norbait dagoela zure etxean ordu erdian egoteko prest.

8. Izarran aukerak mugatuta daude sinesmen pertsonalengatik?
Ez. Gure goiburua hurbiltasuna eta pertsonalizazioa da. Hau da, bakoitzak bizi izan den tokian agurtzeko eta berak nahi duen bezala agurtzeko aukera izan behar du. Askotan familiak ez daki agurra nola egin, eta hor dago gure lana: familiak nahi zuen agurra izan duenaren sentsazioa izan dezan saiatu behar dugu.

9. Enpresen ardura eta erantzukizun sozialaz asko hitz egiten da. Nola lantzen du hori Izarrak?
Garrantzitsuena, gure lana soziala ere badela. Pertsona bakoitzari zerbitzu duina, hurbila eta pertsonala ematen diogu. Baina beste hiru arlo nabarmenduko nituzke. Lehenengoa, enpresa errotua izatea. Zergak bertan ordaintzen dira eta gainera tokian tokiko produktuekin, hornitzaileekin lan egiten dugu. Bigarrenik, lan baldintzen arloan. Lan baldintza duinak izatea, kontziliazioa eta, oso garrantzitsuena dena, lan talde eta giro ona izatea. Denek izan behar dute eta sentitu behar dira proiektuaren parte, ongi baloratuak, motibatuak eta formatuak. Kudeaketa ezinbestekoa da honetan. Hirugarrenik, Izarra Fundazioa (dolua), Gizakia Herritar (droga eta beste menpekotasunak), Paris 365 ekin (jantoki soziala) eta Adi Txuribeltxarekin (euskara) kolaboratzen dugu.

10. Hitzaldiak emango dituzue hurrengo astean, martxoaren 4an, Etxarrin eta 26an Altsasun.
Bai. Izarra Fundaziotik hitzaldiak eta formakuntzak ematen ditugu, heriotza naturalizatzeko asmoz. Hitzaldi hauetan normalean hitz egin ez diren gauzetaz hitz eginen dugu: doluaz, ehorzketa zerbitzuez eta aseguruez, heriotzaren inguruan dauden zalantzaz eta hitz egiten ez diren gaiak argituz.

11. Bata frontoitik eta bestea euskalgintzatik zatozte. Nola iritsi zarete langintza honetara?
Enpresa ulertzeko erak, sustraiak balioan jartzeko filosofiak eta bertakotasunetik jendeari zerbitzu berri bat emateak elkartu gaitu. Eta horretan euskarak badu bere garrantzia.