Eurokoparen kontrako doinuak

Guaixe 2020ko mar. 6a, 11:56
Eurokoparen kontrako ekitaldi bat. Argazkia: @kskgorri.

Bilbo futboleko Eurocopako egoitza izanen da eta horren kontrako dinamikaren berri zabalduko da bihar.

UEFAk Eurokopako 16. edizioa antolatu du aurtengo garagartzaroaren eta garilaren artean. Espainiako futbol federazioak bere proposamena egin ondoren, Bilboko San Mames futbol zelaian taldeen faseko 3 partida eta final zortzirenetako partida bat jokatuko dira. Horren aurrean Bilbao 2020 Eurokopa honi ez dinamika sortu zuten joan den urteko udaberrian. Dinamikako kideek salatu dutenez, “Euskal selekzioari ofizialtasuna ukatzen zaion bitartean, gure zapaltzaile zuzenak diren Espainiako eta Frantziako Estatu burgesen selekzioek Bilbon jokatzeko aukera izango dute, euskal burgesiaren babesarekin nahi ez dugun txapelketa inposatuz”. 

Horretaz aparte, Bilbao 2020 Eurokopa honi ez dinamikako kideek ez dute gogoko lehiaketa horren atzean dagoen eredua: “Eurokopan, kapitalismoak sistema heteropatriarkal eta binarioa emakumearen irudia darabil gizonezkoen kontsumorako, iragarki matxisten bidez kasu. Aurretik aipatutako menperatzearen baitan, emakume prekarizatuenak izanen dira bertan gehien sufrituko dutenak (garbitzaileak, ostalariak, putak,...). Makro-ekitaldi horiek dira hain zuzen emakume langileen prekarizazioa areagotzeko eta burutzen duten lana gutxiesteko modua kirolean eta bereziki futbolean”. Aldi berean, dei egin diote “Euskal Herri langileari kapital basatiaren eraso eta nazio zapalkuntza berri honi aurre egitera” eta antolatutako ekitaldietan parte hartzera. 

Horren guztiaren berri emateko bihar, larunbata, hitzaldia izanen da Etxarri Aranazko kultur etxean, 17:30ean. Ondoren, musika kontzertuen eskaintza bikoitza izanen da. 19:00etan plazan eta, 22:00etan, Gaztetxean. Iragarri dituzten taldeak dira; Cold Revenge, Igitaia, Dinamita eta Barne Guda.