"Lehenengo aldian bezain ilusionatuta gaude"

Erkuden Ruiz Barroso 2020ko mar. 16a, 13:20
La Topadora taldeko kideak; erdian, Luisillo Kalandraka etxarriarra. UTZITAKOA

La Topadora talde berria aurkeztu du Luisillo Kalandraka musikari etxarriarrak. Estilo asko jorratu dituzte, bi hamarkadetan lortutako esperientzia azaleratuz

Enrikko Rubiños, Ruben Anton, Javier Etxeberria eta Luisillo Kalandraka. Izen ezagunak dira, izan ere, bi hamarkada baino gehiago daramatzate oholtzaren gainean, musika talde batean izan zein bestean izan. Vendettaren etapa itxi ondoren, proiektu berri batekin abiatu dira: La Topadera. Luisillo Kalandraka etxarriarrak "rol berriak" hartu ditu talde berrian, izan ere, baxu jolea da eta zenbait abestiren letrak idatzi ditu ere. 

Nola eta zergatik proiektu berri bat sortu?
Vendettarekin amaitzea erabaki zenean, Pellok beste gauza batzuk egitea erabaki zuenean, besteok esan genuen: zer egingo dugu? Vendetta gisa jarraituko dugu edo zerbait berria egingo dugu? Eta pentsatu genuen aurreko gauzetan sostengatzea ez zegoela ongi. Bestela, beti esango dute ez dakit zein taldekoak direla. Eta izen berdinarekin jarraitu berdinak ez ginenean ez zeukan zentzu handirik. Bazirudien balore gutxi ematen ziola berriari eta lehengoa arrastatzen duzula. Orduan, proiektu berri bat hastea erabaki genuen. Antzeko gauzak ditu, baina zerbait berria egiteko gogoak genituen. Ez dakigu geldirik egoten. Hortaz, pertsiana jaistea erabaki genuen, aurrekoa goian utzi, Vendetta goi-goian gelditu zelako, eta horrela uztea oso polita iruditzen zitzaigun. Eta beste gauza batekin saiatuko ginen. 

Elkarrekin osatu duzue?
Enrikko bateria, Ruben tronpeta, Javiero gitarra eta ni baxu jolea. Gorka Otsoa deitutako mutiko bat kontratatu dugu tronboia jotzeko. Bestela, tronpeta bakarrarekin ez zen guztiz ongi gelditzen. Pentsatu genuen laurak bakarrik gelditzea, baina behar zen beste hori. Lauak Skalariak-etik gentozen. Ez dakigu bananduta egoten! Abesti berri bat lantzen ari garela, eta nori deitzen diogu? Enrikko, Ruben... betikoei. Elkarrekin hainbeste denboraz egon garenez, oso ongi ezagutzen dugu elkar. Aurrekoa bukatu aurretik abestiak egiten jarraitu genuen, ez dugu inoiz utzi abestiak egiteari; pila bat genituen eta egitea erabaki genuen. Desberdintasun nabariena rolak aldatu ditugula da, baina filosofia berdina da. Familia bat gara. 

Zer du berriaz eta zer berrasmatzeaz?
Berria dauka itzuli garela pixka bat estilo desberdinekin jolastera. Beti jolastu izan dugu horrekin, baina Vendettaren azkenengo diskoan elektronika sartu zen eta guztia bateratzen zuen. Bazirudien dena berdinagoa zela. Itzuli gara abesti bakoitza gauza desberdin bat izatera, abesti bakoitza estilo bat izatera. Azkenean, asko aspertzen digu beti berdina jotzeak. Estilo asko jorratu ditugu: Kubako doinuak, Brasilgo doinuak, runba bat dago, funk, punk... Estiloekin esperimentatu dugu. 

Dantzatzeko modukoak.
Hori, beti. eta oraingoan ere erdi denborak lasaiagoak daude, agian ez direla hainbeste dantzatzeko, baina letrak garrantzitsuak direnak. Asko aldatu da hori. Lehen abestiak Pellok konposatzen zituen eta orain Javiero musika konposatzen gelditu da eta nik letra batzuk sortu ditut. Vendettan bat egin nuen eta orain hiru edo lau egin ditut. 

Eta zer moduz kanta-idazle gisa?
Oso ongi. Idazteko gogo handiak nituen. Beti idatzi izan dut, baina terapia bat bezala da. Gauzak idazten joan naiz eta gauza asko nituen idatziak. Esan nion Javierori bidaliko nizkiola idatzitakoak eta bera hasi zen dena haritzen, lasai-lasai. Azken finean, urte hau oso lasaia izan dugu. 

Urte bateko proiektua izan da?
Skalariak taldearekin bukatu genuenean, ia bukatzen, Javierorekin hainbat abesti genituen prest hurrengo proiekturako. Beraz, ate bat itxi bezain pronto bestearekin hasi ginen. Eta izan dira 10 urte Skalariak-ekin eta beste 10 urte Vendetta-rekin. Topera egun osoa, egunaren 24 orduak telefonora konektatuta. Erabaki genuen oraingoan ez zela horrela izango. Oraingoan lasaiago ibiliko ginen. Urte sabatikoa hartuko genuela esan genuen. Bi hilabetetan lasai egon ginen, baina ezin genuen gehiago. Baina presarik gabe aritu gara. Guztiari mila buelta eman diogu, erritmoei, letrei... interesgarria zela iruditu zaigun arte. 

Zer diote abestiek?
Diskoak hamar abesti ditu: 7 vidas, Salta, Entre olivos, El pensamieno en MOV, Por eso nunca olvidamos, La Topadora, Sera como ser, Los miserables, Ta kitto eta Gallego Timeludo. Positibistak dira. Guztiek duten elementu komuna da. Esaterako, La Topadera abestia barrura begiratzeko letra bat da. Autokritika egiteko. Por eso nunca olvidamos memoria historikoari buruzko abesti bat da, baina garai horretan egin zen kulturari balorea ematen; Lorca, Maruja Mallo... gauza asko egin zituzten erregimenaren kontra poesiaren, musikaren eta artearen bidez, eta ez da haiei buruz asko esan. 

Zer izan da proiektua aurrera eramateko zailena?
Egia esan ez da zaila izan. Ruben eta Enrikko beste proiektu batean sartu ziren ezin zutelako geldirik egon. Baina Javiero eta biok atzetik gentozen gelditu gabe eta gelditu behar izan genuen pixkatxo bat. Orduan, gelditze horrek egin du dena errazagoa izatea. Ez izatea atzetik presio hori oso ona izan da. Diskografikoaren presioa Durangora iristeko... Gauzak ongi egingo genituela pentsatu genuen. Eta horrek asko laguntzen du; bagenekien egingo genuela, baina denbora helbururik gabe. Baziren gauza batzuk runba batekin hasten ginela eta funky bat ateratzen zela. Konplexurik gabe eta presarik gabe egin dugu. 

Espektatibak?
Jendeari gustatzea eta asko jotzea. Oinarrian hori da garrantzitsuena. Kontzertu bat egin genuen aurreko ostegunean Bilboko Kafe Antzokian eta izugarria izan zen. Ez genuen espero erantzun hori. Nahiz eta ibilbide luzea izan eta jendeak jakin nondik zatozen, aldi berean zerbait berria da. Hala ere, beti daude esaten dutenak hau ez zela lehengoa edo aurrekoa gehiago gustatzen zitzaiola. Beraz, ez genekien oso ongi nola joango zen. Athletic-en partidua zegoen eta hala ere aretoa bete zen. Erantzuna ezin hobea. 

Hasierako ilusioarekin jarraitzen duzue?
Musikaren yonkiak gara. Esaterako, atera dugun singlean, Siete vidas, horri buruz hitz egiten du. Katu baten bizitzak bezala. Istorio bat bukatzen duzu, orria apurtzen duzu, eta beste batekin hasten zara. Eta hurrengoa hasten da lehengoaren xarma berdinarekin. Lehenengo aldian bezain ilusionatuta gaude. Hori da aurrekoan ez oinarritzearen politena; orain arte hau izan da eta orain zerotik hasiko gara. 

Musikaren mundua asko aldatu da. Kontziente izan zarete?
Konposatzeko moduan eta bai egon direla aldaketak. Elektronika sartu zen, eta orain mantendu dugun arren, ez Vendettaren azken diskoan bezainbeste. Baian gurekin sartu den elementu bat da. Laguntzen du guztiak jarraikortasun bat izatera. Baina berdin zaigu aurrera zein atzera joan. Baina musika entzuteko moduan aldaketa nabaria da. Duela 20 urte disko bat kaleratzen zenuenean, urte bat pasatzen zen eta bazirudien jendearen artean oraindik ez zegoela barneraturik, ez zuela guztiz entzun... asko kostatzen zen. Diskografikoek ez bazuten diskoa Amerikarako editatzen, ez zen han entzuten. Baina gaur egun sareekin izugarria da. Aurrekoan begiratu genuen eta egun batean 15.000 bisita igo ziren, eta 50.000 baino gehiago bisita genituen. Duela urte batzuk pentsaezina zen. Gaur ateratzen duzu abestia eta egunean bertan jendeak bere etxean izan dezake. Iritsi zaitezke leku askotara, lehen oso zailak zirenak. 

Zergatik La Topadora izena?
Hainbat abesti eta prest genituen, eta taldearendako izen bat behar genuen. Gitarristak bat-batean esan zuen: La Topadora. Vendetarrekin Chilera, Argentinara eta abarrera bira bat egin genuen. Chilen bira bertan behera gelditu zen eta istiluak sortu zirelako kontzertu batean, eta hurrengo egunean Argentirara joan ginen. Animo gutxirekin joan ginen. Mendozara joan ginen eta bertako banda batekin jo genuen, La Skandalosa Tripulacion. Iritsi ginenetik anaiekin elkartzea bezala izan zen. Azkenean, bira bertan behera gelditu zen eta gu aste bat haiekin egon ginen. Urte batera taldearen abeslaria, El Cebo, hil egin zen. Argi berezia zuen. Taldekideek ordenagailua hartu zioten, konposatutako melodiak bukatu zituzten eta omenezko disko bat prestatu zuten. Guri abesti bat egiteko proposatu ziguten, eta abestia zen La Topadora. Aurrera egiteko letra bat da, eta gure sentimenduekin bat egiten zuela konturatu ginen. Beraz, El Cebori eta talde horri omenaldi bat da. Beraiekin izan genuen harremana izugarria izan zen.