COVID-19 birusaren hedapena murrizteko hainbat neurri hartu ditu Etxarri Aranazko Udalak. Erabaki du bakarrik udalerriaren funtzionamendurako ezinbestekoak diren zerbitzuak mantenduko dituela: garbiketa, zerbitzu anitzak eta administrazio orokorra. Horrekin batera, udalak jakinarazi du bere eraikin guztiak itxiko dituela. Hau da, itxi dituzte liburutegia, musika eskola, frontoia, maisu-maistren etxea, kultur etxea eta udaletxeko bulegoa. Aldi berean, udalaren instalazio itxietan ospatzekoak ziren kirola, kultura, gizarte- eta aisialdi-ekitaldi guztiak bertan behera gelditu dira. Baita asteleheneroko azoka ere.
Adingabeak izan eta ikastetxeak ixteagatik sortzen den egoeragatik edo mendekotasuna duten adinekoak ardura duten udaleko eta musika eskolako langileei Etxarri Aranazko Udalak, kontziliazioa ahalbidetzeko, zenbait eskubide aitortu die. Batetik, lanaldia malgutzea, zerbitzuaren arduradunak baimena eman ondoren. Hori ezinbestekoa den kasuetan, langileek etxean gelditzea baimenduko da, eta nahitaezko betebeharra izango da 11/2009 Foru Dekretuaren 28. artikuluan zehaztutakoaren arabera. Bestetik, behar bezala justifikatutako kasuetan, bulegoetako langileen kasuan, aurrez aurrekoak ez diren lan-modalitateak baimenduko dira (telelana), zerbitzuaren arduradunak baimena eman ondoren.
Aipatutako neurri horiek guztiak 15 eguneko luzapena izanen dute, birusaren hedapenak behera egiten ez duen bitartean. Etxarri Aranazko Udalak dei egin die etxarriarrei eta bereziki elkarte eta herriko taldeei egoerak exijitzen duen diligentziaz eta arduraz jokatzeko deia egin die.
Udalarekin harremanetan jartzeko
www.etxarriaranatz.eus web gunea, 948 460 004 telefonoa edo udala@etxarriaranatz.eus posta.