Ariane Atxa Etxarri Aranazko Gazte Asanbladako kidea.
Etxarri Aranazko Gazte Asanbladak Elkartasun Sarea jarri du martxan. Nola sortu zen ideia?
Aurreko astean, astero bezala, Etxarri Aranazko Gazte Asanbladan elkartu ginen, eta koronabirusaren egora zein den ikusita, bai Italian –ni handik etortzen naiz–, eta bai hemen antzeko proiektuekin ari zirela ikusita, Elkartasun Sarea sortzea proiektu polita zela iruditu zitzaigun, herritarrei laguntzeko aukera polita eta beharrezkoa, eta dagoen testuingurua zein den ikusita, zailtasunen aurrean herria batuta eta gogotsu mantentzeko aukera bat ere.
Beste entitate batzuekin –Udala, Gizarte Zerbitzuak…– koordinatu zarete?
Bai, asanbladan hitz egin eta berehala Etxarri Aranazko Udalarekin jarri ginen harremanetan, eta udaletik ere Gizarte Zerbitzuekin koordinatu ziren, hasieratik argi genuelako hau gai delikatu bat ere bazela. Zerbitzuak segurtasuna izan behar duela. Horregatik ideia udaletxera pasa genuen, guztia ongi zehazteko.
Zenbat boluntario zaudete?
Momentuz 10 pertsona inguru gaude proiektu honetan.
Ekimen honen berri nola informatu duzue? Zein pausu eman dituzue?
Udaleko jarraibideak segitu genituen, eta neurriak ere taldekideen artean komentatu ditugu. Martxoaren 17an jarri genituen ekimenari buruzko kartelak eta dagoeneko zerbitzua eska daiteke. Oraindik ere (asteazkena) inork ez du deitu. Gure intentzioa da deiak jaso ahala zerbitzua ematea, gu prest gaudelako. Neurriak ere zehaztuta daude: argi utzi dugu ez dugula dirua erabili behar. Herriko dendekin adostasun batera iritsi gara zerbitzua eskatzen dutenek erosketak berandugao ordaintzeko. Udaletik eta Gizarte Zerbitzuetatik definitutako neurriak dira. Gu jada zerbitzua emateko prest gaude.
Zerbitzua jaso nahi duenak nora deitu behar du?
Bi telefono dauda: 673 319 557 edo 671 603 012. Interesatuek hots egin dezatela, eskaera egin, nor diren eta non bizi diren esan, eta gero erosketetarako zer behar duten esan dezatela. Gero erosketak etxeko atean utziko dizkiegu. Kontaktua ekiditeko, tinbrea jo, erosketa han utzi eta gu joango gara.
Erosketak egin eta etxera eramateaz gain, beste lan batzuk egingo dituzue? Zaborra atera behar dela, animaliak direla, haurrak zaindu...
Gazte Asanbladan komentatu genuen, baina oso zaila ikusten dugu hau egoera seguru batean aurrera eramatea, batez ere haurren zaintzaren inguruan. Momentuz pausu txiki honekin hasi gara.