Garraioaren sektorean ziurgabetasun handiko egunak direla dio gidari etxarriarrak.
Lanean zaude?
Bai, momentu honetan Zaragozan harrapatzen nauzue; sektore eolikoko karga bat ekarri dut eta ea deskargatzen didaten, itxaroten nago.
Koronabirusa agertu zenean zer garrantzi eman zenioten zuen sektorean ?
Koronabirusa Txinan hasi zenean, ez genion garrantzi handirik eman; bazirudien oso urrun zegoela. Baina Italiara iritsi zenean, nahiko gertu zegoen, eta Euskal Herrira sartu zenean errespetuz hartzeko gaia zela konturatu ginen.
Txina urruti ikus daiteke, baina Italiara garraiolari asko joaten dira.
Bai, gu ere atzerrira joaten gara. Ni sarritan Frantzian egoten naiz. Bazkaltzeko orduan mahai batean igual 10 pertsona esertzen zara, eta ez dakizu nondik datorren bakoitza, zer egin duen edo zer daukan.
Asteburu honetan alerta egoera ezarri denetik, zertan aldatu dira gauzak?
Asko aldatu dira gauzak. Kriston ziurgabetasuna dago. Ez dakizu ailegatuko zaren, mugak itxiko dituzten, edo zu bueltatuko zaren... horrela gabiltza.
Beraz, ziurgabetasun hori: lanera joan, bueltatutakoan bidaia izango duzun hala ez, nolakoa, zein baldintzatan... dena pixkat airean, ez?
Hori da. Zaragozan nago; estatu mailan momentuz ez dago arazo gehiegi, baina muga pasatzea kristoren arazoa da. Gaur (astelehena) muga zabalik dago, baina ez dakizu gauean bueltatzerakoan zabalik egongo den. Ordutik ordura aldatzen da egoera.
Mugak itxiko dituztela iragarri berri dute.
Orain Zaragozatik Normandiara noa, Le Havrera, eta esan digute printzipioz ez dugula muga pasatzeko arazorik izango, merkantziak pasatzeko ez dela egongo arazorik, baina betiko ziurgabetasun hori hor dago.
Garraiolariek takografoa duzue, lan eta gidatze orduak eta abiadura kontrolatzeko, eta entzun da agian permisibitate pixka bat egongo dela, malgutasun pixka bat, orduen gainetik aritzeko.
Esaten dute pixka bat gehiago gidatu ahal izango dutela elikagaiak eramaten dituzten txoferrek, baina bakarrik arrisku eremuetan daudenean. Adibidez Miranda de Ebron edo Gasteizen bazaude, bertan koronabirus kutsadura handiagoa dagoenez, hortik ateratzeko erraztasun gehiago dagoela. Baina, bestela, ez da deus aldatu. Asko esaten da, baina guk berdin jarraituko dugu.
Atseden hartzeko guneak itxita daude. Garraiolariek dena itxita dute komunera joateko, dutxatzeko, kafea hartzeko...
Dena itxita dago. Gasolio surtidoreek ez dute dirua fisikoki hartzen, bakarrik txartelarekin ordaintzeko modua dago. Gasolioa har dezakegu, baina komunak itxita, jangelak itxita, tabernak itxita… gune hauetan ez dago jatetxe ez mundu... Utziak gaude, baina hala izan beharko da.
Ziurtatzen digute elikagaiak ez zaizkigula faltako, dendetan material guztia egongo dela, baina material horiek ez datoz bakarrik, zuek, garraiolariek ekartzen dituzue. Komunikabideetan oso leku gutxitan eman zaio zuen sektoreak duen garrantzia. Zuek gelditzen bazarete, hemen ez da iristen ezer inora. Eta baldintza horietan: komunik ez dutxarik gabe…
Nik horri ez diot garrantzi handirik ematen. Egoera hau nahiko latza da denontzat eta bakoitzak bere lana beteko du; ni nire lana betetzearekin konforme nago. Ez diot garrantzi gehiagorik ematen.
Zuk pertsonalki zein neurri hartu dituzu koronabirusaren inguruan? Kargan edo deskargan zein neurri behartu zaituzte hartzera?
Leku askotan idatzi bat eman digute, eta bertan jartzen du aurpegi-maskara jantzia eraman behar dugula eta latexko eskularruak jantzita. Aparte, nik gel-desinfektante horietako bat daramat eskuak garbitzeko, eta saiatzen zara jendearengandik urruntxeago egoten. Momentuz, egon naizen enpresetan nahiko normal gabiltza, neurriak hartuta eta errespetatzen.
Zein eragina izango du honek guztiak zuen sektorean? Mugak ixteak ere eragin ekonomikoa izan dezake, garraiolari asko lanean ibiliko direlako eta beste batzuk agian ezingo direlako ibili. Nola ikusten duzu?
Beltza ikusten da dena. Enpresa handiak ixten ari dira, eta logikoa da. Eta beraiek ixten duten moduan, azkenean poliki-poliki gu ere gelditzen joango gara. Hau kontrolatu beharra dago, eta ez dago beste modurik.
Hau kate bat da: lantegiak gelditzen diren heinean zuek ere ez duzue izango zer garraiatu.
Hala da eta hala ulertzen dugu. Egoera honetan ez dago besterik.
Transakana garraioen kooperatibako kidea zara. Zuenean ere neurriak hartu dituzue?
Bai. Gure artean hartu genituen. Esaterako, joan zen larunbatean, alarma neurria jarri baino lehen, kooperatibako bilera orokorra genuen eta ondoren bazkaria. Bertan behera utzi genituen bilera eta bazkaria eta etxean geratu ginen. Bestetik, gure bulegora ez da inor igotzen. Bulegoan lau pertsona daude lanean, baina aparte jarri dira, bakoitza bere txokoan, beharrezko distantziara, eta gainontzekoak ez gara igotzen. Nolabait moldatzen gara.
Ikusiko dugu honek zer ekartzen duen. Ezjakintasun honen aurrean bakoitzak ahal duena egin eta arduraz jokatzea, ez dago besterik.
Hori da, aterako gara, pazientzia pixka bat eta aterako gara. Aurretik ere pasatu dira, eta aterako gara.