Koronabirusa Sakanan

“Birusa kartzelan sartzearen beldur dira”

Guaixe 2020ko mar. 31a, 11:07

Gaixo dauden presoen etxeratzea eskatzeko ekimena. Artxiboa.

Covid-19 gaitzak bizimodua aldatu du. Baita kartzelan dauden pertsonena ere. Xochitl Karasatorre Etxerat elkarteko kidea da, eta kartzelan bizi dute  egoeraren berri eman du. 

Xochitl Karasatorrek Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kide sakandarren berri eman du.

Zein da preso bakoitzaren egoera orain? 
Espainian dauzkagu Asier Karrera Arenzana Dueñasen (Palentzia), Luis Mariñelarena Garziandia Curtisen (AS Coruña), Unai Parot Navarro Puerto de Santa Marian (Cadiz) eta Juan Ramon Karasatorre Aldaz Albocasserren (Castellon). Frantzian Oihan Barandalla Goñi eta Jon Gurutz Maiza Artola Lannemezan kartzelan dauzkagu. Orokorrean denak ongi daude, ez daude ez gaixo ez ezer. Ez dute aldaketa nabarmenik nabaritu. Kendu dizkiete klaseak eta batzuk lanean zeuden-eta. Azkenean, beste moduluetako pertsonekin harremana ekiditeko horrelako ariketak kendu dizkiete. Baina, bestela, nahiko normal. 

Kendu dizkietenak banaka ere ezin dituzte egin? 
Bertan behera gelditu dira jarduera horiek. Klaseetan irakaslea dute eta kanpotik heldu da. Kanpoko jendearekin ahalik eta harreman gutxiena izaten saiatzen dira. Nabaritu duten bakarra, eta gogorrena da, bisitarik gabe daudela. Aste bat daramate eta, oraingoz, gutxienez, beste hiru egonen dira, alarma egoerak irauten duen bitartean. Baina ez dakigu noiz izanen den hurrengo bisita, momentuz, hilabete bat. 

Aurrez aurreko bisitez aparte, mintzalekuetako bisitak ere? 
Hori da. Hasierako neurria izan zen mintzalekuetakoak mantentzea eta kristalik gabe diren aurrez aurreko bisitak kendu, kontakturik ez egoteko. Martxoaren 14ko asteburuan mintzalekuko bisitak izan zituzten. Baina alarma egoera ezarri zenetik, gu etxetik ere mugitu ezin garenez, ez dago erabat zehaztuta, baina ezin da inor bisitan joan. Ez Frantzian ez Espainian ez dute bisitarik. 

Beraien kartzeletan koronabirusa sartu da?
Momentuz, ez. Beraien beldur handiena da birusa kartzelan sartzea. Behin sartuz gero oraindik gehiago isolatuko dituzte. Egon beharko dute bakarrik beraien ziegan, atera gabe. 

Zer neurri hartu dituzte? 
Gu kanpoan gaudela, ahal ditugun neurri guztiak hartzen ditugu, garbitasuna mantentzeko eta ez kutsatzeko. Baina kartzela barneko baldintzak ez dira egokiak eta ezin dituzte hartu behar diren neurri guztiak hartu. Presoek ez dute eskularrurik ez maskararik. Asko jota lixiba lortu dezakete. Baina hori, azkenean, ez da nahikoa. Funtzionario batzuk erabiltzen dituzte. Jaso ditugu salaketa batzuk batzuetan ez dituztela ez eskularrurik ez ezer erabiltzen. Birusa sartzen bada, funtzionarioen bitartez izanen da; beraiek dira kanpoan daudenak eta barna sartzen direnak.  

Zein kezka duzue Etxeraten?
Oraintxe bertan Etxerat-ekoon kezka handiena 70 urte baino gehiago dauzkaten presoak eta larri gaixo daudenak dira. Larri gaixo dauden 21 preso dauzkagu. Haien artean dago Maiza etxarriarra. Pertsona horiek arrisku taldeen barruan daude. Etxean egon beharko lukete. Ahalik eta segurtasun neurri gehienekin. Eta ez espetxean, han arriskua oraindik gehiago handitzen delako. 

Frantziak 60tik gorako eta gaixo dauden 5.000 preso etxeratzea aztertzen ari da. 
Horren inguruan ez dakigu ezer. Uste dugu berri ona dela, horrela jokatu beharko luke Estatu batek. Ez dakigu denekin eginen duen edo segituko duen beti bezala, politikako presioengatik gure presoak alde batera uzten. Espero dezagun guretako ere berri ona izatea. 

Isolamendua bikoiztu egin dela esaten duzue. Zer dago horren atzean? 
Presoa kartzelan egoteagatik isolatuta dago. Gehienbat gure presoak, etxeetatik mila kilometroetara daudenak. Beraien ingurutik isolatuta daude. Eta, gainera, orain bisitarik gabe. Bestalde, normala den bezala, posta zerbitzuak ere neurriak hartu ditu eta bakarrik eskutitzak banatuko ditu. Eta presoak egunkaririk gabe gelditzen dira. Orain arte Gara eta Berria iristen zitzaien gehien bat. Eta Guaixe, guk sartuta. Orain hilabete bat egunkaririk gabe geldituko dira, Euskal Herriko berririk gabe. Eta bisitarik gabe. Geroz, beraien ingurutik isolatuago daude. Zeren telebistan-eta Espainiako berriak agertzen dira, Euskal Herrikoak ez dituzte izanen. 

Telefonoz hitz egiteko aukera badute? 
Bai. Espainian orain arte astean zortzi dei zeuzkaten, zortzi minutukoak. Egoera honekin lau gehitu dituzte eta orain astero 12 dauzkate. Eta Frantzian ordutegi baten barruan mugagabeak dira deiak. Egin ditzakete nahi dituztenak eta nahi duten denbora guztia. Honi aurre egiteko egin dutena da presoei 40 euroko txartel batzuk eman, haiek diru gehiago ez gastatzeko eta dei gehiago egin ditzaten. Uste dugu ez dela nahikoa. Bisitarik gabe harremana asko galtzen baitu presoak senideekin eta lagunekin. Etxeratetik aldarrikatzen dugu neurri gehiago hartzea, esate baterako: bideo-deiak eskaintzen dituen zerbitzu bat oso erraza da. Uste dugu komunikazioa bermatzen dela, presoek senideak eta lagunak ikusten dituzte. Telefonoa ez da nahikoa. Eta zortzi minutu, gutxiago. Oso egingarria da eta borondate kontua besterik ez da. 

Egoera honetarako Etxeratek proposamena badu… 
Kasik bi aste daramatzagu etxean sartuta eta kalean egotearen falta sumatzen dugu. Imajinatu horrela urtetan egotea, eta, gainera, erosotasunik gabe: Internetik gabe, familiarekin edozein momentutan harremanetan egoteko aukerarik gabe, erosketengatik, hondakinak ateratzeagatik edo bestelakoengatik kalera ateratzeko aukerarik ez izatea… Presoei idazteko kanpaina egiten ari gara. Haiendako Euskal Herritik jasotzea izanen da. Lagunen berriak jasotzea oso pozgarria izanen da. Eta guretako ere, aspertuta gaudenez, badugu zerbait denbora pasatzeko.


Preso etxarriarren helbideak

  • Juan Ramon Karasatorre Aldaz 
    Castellón II Centro Penitenciario
    Paraje Mascarell, acceso CV-129, km. 15
    12.140 Albocasser (Castellón)
  • Luis Mariñelarena Garziandia
    Curtis (Teixeiro) Centro Penitenciario
    Carretera de Paradela s/n
    15.310 Curtis (A Coruña)
  • Asier Karrera Arenzana
    Dueñas – La Moraleja Centro Penitenciario
    Carretera P-120
    34.210 Dueñas (Palencia)
  • Unai Parot Navarro
    Puerto III Centro Penitenciario
    Ctra. Jerez-Rota, km. 6
    11.500 Puerto de Santa María (Cádiz)
  • Oihan Barandalla Goñi
    Lannemezan Centre Pénitentiaire
    Chemin de la Plaine
    B.P. 166
    65.307 Lannemezan Cédex
  • Jon Gurutz Maiza Artola
    Lannemezan Centre Pénitentiaire
    Chemin de la Plaine
    B.P. 166
    65.307 Lannemezan Cédex