Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak hitzak eta hizkuntza asko neurtu duela azaldu du Maria Beltza Igoak. Astelehenean ezarri zuten itxialdia, eta orduan ere ez zuen konfinamendu hitza erabili. Aurretik eskuak garbitzeko eta kalera ez ateratzeko “gomendioak” eman zituen, “nahikoak” ez ziren neurriak, Alazne Alvaro Igoarendako. Bi etxarriarrak Ingalaterran bizi dira, Beltza Corvy 60.000 biztanleko ipar-ekialdeko herri batean, eta Alvaro Londres iparraldeko auzo batean. Etxetik jasotzen zuten informazioagatik, aurretik neurri zorrotzagoak hartzen hasi ziren. Bere ingurukoek ez bezala.
Alazne Alvaro Igoa Londresen bizi da duela 15 urte eta bi haur ditu. Astelehenetik etxean izan ditu, izan ere, aurreko ostiralean ikastetxeak ixtea erabaki zuten. “Oso ongi azaldu diete zer gertatzen den eta eskuak garbitu behar dituztela”. Online edo Internet bidez ikasten ari dira orain, eta gurasoen Whatsapp talde batean ariketak elkarbanatzen ari direla dio Alvarok. “Egunero ariketa batzuk egiten saiatuko naiz, eskulanak, hizkuntzak lantzen, eta soinketa ere egiten ari gara goizetan; irakasle batek ordu erdiko saioak egiten ditu Internet bidez”.
Irakaskuntzaren beste aldetik bizitzen ari da Maria Beltza Igoa egoera. Corvy hirian irakaslea da. Aurreko ikasturtean iritsi zen Corvyra klaseak ematera. “Dagoeneko ari ginen Online bidezko irakaskuntza egiteko prestatzen. Alde horretatik nahiko ongi, kontuan izanda guretako ere berria dela Internet bidez klaseak ematea”. Erresuma Batuan selektibitatea bertan behera utzi dute, baita DBH 4. mailan egiten duten selektibitate antzeko bat ere. Maiatzean egitekoa zen, eta data iristear dagoenez bertan behera uztea erabaki dute.
Erresuma Batuan hasieran ez zituzten koronabirusaren aurkako neurri “oso zorrotzak” jarri. “Gomendioak” edo “proposamenak” ziren. Etxean gelditzea eta ateratzekotan “distantzia soziala” mantetzeko, eta eskuak maiztasunez garbitzeko eskatzen zuten. Aurreko ostiralean, martxoaren 20an, ikastetxeak, jatetxeak, tabernak, kultur aretoak eta beste ixtea erabaki zuten. Asteburuan, “aspaldiko partez”, eguraldi ona egin zuen eta Londreseko parkeak eta Eskoziako eta Ingalaterrako mendiak bete ziren. Gomendioei kasurik ez zietela egin azaldu dute Ingalaterra bizi diren bi etxarriarrek.
Egoera “oso gaizki kudeatzen” ari zirela uste zuen Alavarok. “Hasieran ekonomia gizakien aurretik jartzen ari zirela zirudien. Gomendioak esan zituen eta 70 urtetik gorakoak oporretara ez joateko eskatu zuen”. Beraz, gobernuak hartutako neurri horien aurrean, britaniarren artean “guregana ez da etorriko” sentsazioa zegoen. “Jendeari kostatu zaio benetan ulertzea zer egin zitekeen eta zer ez”, azaldu du Beltzak. Lan egiten duen ikastetxean ere noiz itxiko zuten “nolabaiteko apustuak” egin zituzten: “Guk esaten genuen aurreko astean itxiko zituztela, eta hemengoek esaten zuten ezetz. Aste Santuko oporrak arte iraungo zutela eta gero itxiko zituztela”. Hemen gertatu zenarekin alderatzen du.
Konfinamendua
Gobernuak emandako gomendiek emaitzak ez zituztela ematen ikusita, astelehenean, martxoaren 23an, hiru asteko itxialdia ezarri zuten. “Poliki-poliki” egoera berrira egokitzeko aukera izan dute. “Espainiar Estatuan gertatutako gertaturik, ikusten genuen hemen ere antzeko neurriak hartuko zituztela”. Beltza bi aldiz bizi izan du koronabirusaren krisiaren hasiera, izan ere, Nafarroako Gobernuak ikastetxeak ixtea erabaki zuenean Etxarri Aranatzen zegoen oporretan. “Kuriosoa izan da ikustea han gertatutakoa gero hemen gertatzea. Itzuli nintzenean duela bi aste han egoera nahiko tentsoa zen dagoeneko, jendea kezkatuta zegoen eta egoeraren larritasunaz konturatzen hasia zen, baina Londresera iritsi nintzenean harrituta gelditu nintzen jendea lasai zegoelako”. Aurreko astelehenean eskolara iritsi zenean oraindik birusaren inguruko “txantxak” egiten zituztela esan du Beltzak: “Ez ziren konturatzen zer zetorkigun. Nik ikusita neukan”.
Gauzak beti desberdin egiten dituzte Erresuma Batuan. Kulturala dela azaldu du Beltzak. Hortaz, Johnsonek azken egunetan izan zuen jarrera ikusita, Alvarok ez zituen neurri zorrotzagoak aurreikusten. “Pozik eta ados nago. Baina neurri hauek joan zen astetik har zitezkeela pentsatzen dut”. Erosketak egiteko, medikurengana edo lanera joateko ez ezik, egunean behin kirola egitera edo paseatzera kalera ateratzeko aukera eman du Britainia Handiko Gobernuak. Beltzak esan bezala, “ez gaitu sorpresaz harrapatu”. Bi aste beranduago dena bizitzen ari dira.
Alvaro eta Beltza Espainiako Estatuan koronabirusak sortutako krisiaren lehenengo mailako informazioa dute. Hortaz, aurretik ere neurri zorrotzagoak hartzen saiatu ziren. Beltza: “Nik jarraitzen nituen. Hango egoerak harrapatu ninduen eta etxekoekin hitz egitean ikusten duzu zein garrantzitsua den etxean gelditzea”. Alvarok azaldu duenez, dagoeneko kaletik jende gutxiago ikusten zuen. “Ea egoera lasaitzen den”. Hala ere, Londresen ez ezik, gainontzeko hirietan jendea “gomendioak” betetzen ari zela uste du etxarriarrak.
Kultura liberal demokrata
“Hasieran bazirudien ez zihoala haiekin. Gu oso british gara, nahi duguna egiten dugu”. Gobernuaren aldetik “ekonomia zaindu” nahi zutelaren sentsazioa izan zuen Alvarok. “Kritika asko egon ziren hasieran bazirudielako berdin zitzaiela pentsiodunak hiltzea. Negozioak salbatu nahi zituzten, eta berdin zitzaien jendea hiltzen bazen ere”. Are gehiago, Alvarok azaldu duenez, hasiera batean populazioaren % 60 kutsatzea nahi zutela esan zuten, “inmunitatea sortzeko”. Munduko Osasun Erakundeak ere jarrera hori kritikatu zuen.
Astelehenean, konfinamendua ezarriko zutela adierazi aurretik, 1000 pertsona inguru zeuden koronabirusarekin gaixo eta 335 hil egin ziren. “Nahiko zenbaki potoloak ziren neurri zorrotzagoak hartzeko”, esan du Alvarok. Hala ere, Beltzak azaldu duenez, britainiarren izaera berezi horrengatik ez zituzten hasieratik Italian edo Espainian hartutako neurriak hartu: “Hemen kulturalki ezin dira gauzak agindu moduan esan. Dena da hau egitea gomendatzen dizugu, nahiz eta jakin horrela egin behar duzula”. Baina gomendioak ez dira nahikoa izan, eta astelehenean “garbi” esan behar izan zuten itxialdia egin behar zutela, “eta betetzen ez badira isunak jartzen hasiko direla”. Prentsan dagoeneko konfinamendua hitza erabiltzen duten arren, lehen ministroak hitza ez zuela aipatu esan du Beltzak.
“Interneten atera zitzaidan lehenengo albistea Espainiako ospitale bat izan zen jendea lurrean etzanda itxoiten eta 2000 hildako baino gehiago zeudela”. Albistegietan eta prentsan hemen hartutako “neurri zorrotzak ondo iruditzen” zitzaizkiela esaten zuten. Benidormen britaniarrek konfinamendua hausten eta hondartzara joatean ere erakutsi zutela esan du Alvarok. Izan ere, Beltzak azaldu duenez, hedabideek Italiaren egoera gehiago jarraitzen dutela esan du Beltzak, eta Espainiako egoerari buruz hitz egiten dutenean Espainian bizi diren edota oporretan dauden britaniarrei hitz egiten dutela ezaldu du. “Erresuma Batuko jende asko bizi da Espainian eta oporretan ere jende asko zegoen. Orduan, Espainian jende asko geratua zela esaten zuten hegaldiak bertan behera utzi zituztelako eta itzultzeko arazoak zituztelako”. Aste honetako albistegietan ere Espainiarekiko ematen duten ikuspegia aldatzen ari zela esan du: “Espainiako egoeraren antzekotasun gehiago hartzen ari denez, albisteetan gertatzen ari dena aipatzen dute: egoera, zenbat hildako dauden…”.
Espainiako kaleetatik ejerzitoa eta polizia jartzen ari den isunen irudiak Erresuma Batuko albistegietara iritsi dira. “Neurri horiek hasiera batean jendeak uste zuen ez zirela hemen hartuko. Beraien ikuspegia da muturreko erabaki bat dela. Haien tradizio liberal demokratagatik edo neurri horiek ezinezkoak zirela uste zuten”. Baina azkenean neurri horiek hartu behar izan dituzte, betiere “hizkuntza oso zaindu bat” erabiliz.
Urrunean gertu
“Kezkarekin” bizitzen ari da Beltza hemengo egoera. “Nire familia eta lagunak ongi egongo ote diren kezkarekin”. “Zorionez” telefonoz eta Internet bidez komunikatzeko aukera dagoela esan du. “Zentzu horretan” abantaila dutela esan du. Iritzi berekoa da Alvaro: “Gaur egun Whatsapp, Internet eta guzti horiekin komunikatzea oso erraza da. Amarekin egunero hitz egiten dut eta mezuak bidaltzen dizkiogu elkarri, bideoak… ez dago batere gaizki”. Etxean bezala sentitzen dira bi etxarriarrak. “Azekenean, etxetik ateratzen ez bazara hori da komunikatzeko modu bakarra”.
Alvaro udan Etxarri Aranatzera etorri ohi da. “Aurreko astean albistegietan entzun nuen konpainia asko ari zirela Espainiarako hegaldiak bertan behera uzten eta larritu nintzen. Esan nahi du aurten ezingo garela joan?”. Hala ere, udarako egoera lasaitzea eta etortzeko aukera izatea espero du. “Etxekoak aurreko hilabetean ikusi nituen eta uztailera arte aguantatzea espero dut”.
Maiatzean bi asteko oporraldia izan behar zuen Beltzak, eta Etxarri Aranatzera etortzea pentsatuta zeukan. “Momentu honetan ez dakit”. Gainera, selektibitatea bertan behera utzi dutenez egoera horretan dauden ikasleak nola baloratuko dituzten azaldu behar dute, eta “pixka bat argitu arte” erne egon behar dela esan du. “Momentuz egunez egun eta astez aste”.
Momentuz, hiru asteko konfinamendua ezarru dute Erresuma Batuan. “Baina, auskalo”. Gaixotuen eta hildakoen “gailurra” delakoaren araberakoa izango dela uste du Beltzak. “Esaten dutenez hemen Italia duela bi aste zegoen moduan gaude”. Beraz, albistegietan azaltzen dutenez Italiaren edo Espainiaren bidetik jarraituko dute. “Nik uste luzeagoa izango dela”. Txinaren adibidea jarri du: “Abenduan hasi ziren kasuak eta orain, bi hilabete ondoren, neurri zorrotzak lausotzen hasi dira”.