Elikagaien dendak bai, baina azokak ez. Koronabirusak sortutako osasun krisiari aurre egiteko neurrien artean kaleko azokak bertan behera uztea erabaki zuten. Ekoizleek beste bide batzuk bilatu dituzte, Interneteko plataformak edo zuzeneko salmenta. Bego Goikoetxea Zabalo etxarriko ekoizleak “sare” bat dauka.
Nola eragin dizue koronabirusak sortutako egoera honek?
Egia esan, ekoizle txikiendako salmenta zuzenean edo plazetan egiten dugun salmenta oso garrantsituak dira. Orduan, azokak bertan behera uztearen erabakiak, lehendabizikoetarikoa izan zena, gainera, kalte dezente sortu digu. Nire kasuan moldatu naiz; nire saretxoa daukat, konfidantzazko jendea. Baina kasu guztietan ez da horrela eta badakit egoera batzuk nahiko larriak direla.
Sare horren bidez produktuak etxera iristea ahalbidetzen duzu?
Bai. Nire produktuak denda batzuetan ere uzten ditut eta alde horretatik nahiko ongi daramat. Baina nik gehien bat lan egiten dut gauza freskoekin, eta aste batetik bestera gal daitezke. Jarraikortasun bat izan behar du, ezin dut itxoin hemendik hamabost egunetan zer gertatuko den jakitera. Dena galduko nuke.
Zer egiten duzu ekoiztutako produktu horrekin?
Produktuarekin saski batzuk egiten ditut eta, esan bezala, denda batzuetan uzten ditut. Produktu zehatz batzuk dira, eta horrela moldatzen naiz. Orain arte nahiko ongi. Dena ateratzen ari naiz eta alde horretatik nahiko ongi. Ekoizpen txikia daukat eta erraza da, ez da beste egoera batzuk bezala, beste produktu batzuk dituztenak. Produktuaren arabera gauza aldatzen da. Baina nire kasuan, momentuz, ongi.
Dendak bai, eta kaleko azokak ez. Nola hartu zenuten erabakia?
Nik uste dut erabakia ez zutela asko pentsatu, azokak itxi zituztela arazo bat gainetik kentzeko. Guk ez dugu ikusten zer desberdintasun dagoen. Bueno, bai, merkatal gune handi batekin desberdintasunak badaude. Errazago da kalean kontrol bat egotea eta neurriak hartuta logikoagoa iruditzen zaigu. Toki itxi batean denek pasatu behar dute toki berdinetik eta horrek arriskua dakar. Baina ez dute horrela ikusi eta lehendabiziko erabakien artean azokak etetea egon zen.
Hainbat ekoizlek Internet bidezko erosketak egin ahal izateko plataformak sortu dituzte. Baten batean sartu zara?
Ez. Nik nire sarearekin nahikoa dut. Plataforma desberdinak sortzen ari dira eta oso pozagarria iruditzen zait. Hau dena pasatzen denean ere mantentzen badira tresna bat izango dugu gure elikagaiak modu zuzenean saltzeko.
Baina azokak desagertu gabe, ez?
Noski. Azokak behar beharrezkoak iruditzen zaizkit. Beharrezkoak dira. Guk kalean egon behar dugu eta jendearekin harreman zuzena izan behar dugu. Azokan zaudenean ez zauden saltzen bakarrik, zure produktuak aurkezten eta erakusten ari zara, eta lan egiteko modua aurkezten duzu ere. Ez da bakarrik saltzea. Askoz gehiago dago. Konpromiso bat dago bai saltzailaren partetik bai eroslearen partetik ere. Erosleak zuk egindako lanari balorea ematen diola erakusten du. Oso garrantzitsua da nik dudan taldean babes hori izatea. Bakarrik zaude, eta garrantzitsua da jendeak balorean jartzea gauza hauek; ekoizpena eta lan egiteko modu osasuntsuak. Gertutasuna nabaritzen da.
Nola izaten ari da baratzera joatea? Arazorik izan duzu baratzera joateko?
Ez dugu arazorik izan, baina jakiak banatzera joaten naizenean bai urduritasunarekin joaten naizela. Ez dakizu zer gerta daitekeen. Hori ere ez da batere erosoa. Baina oraingoz ez dut arazorik izan. Lehenengo astean ikusi ninduten etxera banaketa egiten eta ez zidaten ezer galdetu. Imajinatzen dut ez dudala arazorik izango. Baina askotan ematen du loteria bat dela.
Zer eskatzen duzue?
Udalak konfiantza gehiago izan beharko luke lehengo sektorean. Azokan gure produktuak saltzen ari gara eta horrelako erabaki bat hartu baino lehen gurekin hitz egin behar luke. Ahal baldin bada berriz zabaltzea eskatuko genuke. Baina gauza da itxi baino lehen gurekin hitz egin behar zuela. Ezjakintasunean hartu zituzten erabakiak. Gero pentsatu behar dira. Zergatik azokak ez? Zentro handi bat zabalik dago eta azokak ez? Ikusi ditugu beste adibide batzuk, azoka gehiago zaintzen duten herriak, eta neurriak hartuta eta jendeak jakinda nola funtzionatzen duen mantendu daitezkeela. Gainera, guretako ere hain zaila den egoera honetan. Guk ezin dugu esan, "bi hilabete itxiko dugu". Ezin dugu hori egin. Ekoizpenarekin jarraitzen dugu. Animaliek jaten jarraitzen dute. Ezin dugu aste bat hartu. Ez da botoi bati eman eta dena gelditzen dela. Gaur egun, gainera, ikusten ari gara gertutasunezko ekoizpenak garrantzia handia izan behar duela.
Aurretik nola zegoen zuen sektorea?
Gu Sakana mailan ekoizle txikiak eta salmenta zuzena egiten dugun saltzaileak elkartu izan gara, kontzientziazio lanetan mugitu gara jendeak ulertzeko zer suposatzen duen bertako produktuak kontsumitzea bai ekonomiarendako bai ingurugiroarendako… arlo guztietarako. Orduan, garapen agentziarekin bat hainbat ekimen egiten ditugu. Azkenengoa Dastatu Sakana da eta egun hauetan atera da. Ekimen hau denda txikietan eta jatetxeekin egingo dugu. Beti lan horretan aritu gara. Gu mantra berdinarekin gaude: bertako ekoizpena garrantzitsua dela, eta elikadura subiranotasunari buruz hitz egiten dugu. Agian beste arlo batean bazaude, ez zara konturatzen zure erosketa moduak inguruan eragina daukala.
Nola ikusten duzue etorkizuna?
Jendea orain hausnartzen ari da. Ikusiko dugu hau guztia pasatzean zerbait ikasi dugun. Hori pentsatu nahi dut. Nik argi daukat. Egoera hauek askoz ere mingarriagoak dira bertako sarerik ez baduzu, bertako ekonomiarik ez baduzu. Hori aurretik lantzen ez baduzu, horrelako egoeratan askoz ahulago zaude. Osasunari begiratu gabe. Ekoizten ditugun produktuak ziurtatutako kalitatea daukate.
Beraz, zerbait positiboa atera daiteke.
Pentsatu nahi dut baietz. Alde batetik, jendea arduratuta eta kezkatuta dago. Eta kezkatuta egoteko modukoa da. Baina gauzak egin behar dira. Hau bukatzean betiko martxa hartzen badugu, hemendik urte batzuetara berdin egongo gara.