Maizari elkartasuna adierazteko deialdia

Guaixe 2020ko api. 2a, 20:28

Lannemezanen preso eta gaixo dagoen etxarriarrari mezuak bidaltzeko ekimena sustatu dute.

Osasunaren Nazioarteko Eguna asteartean, hilaren 7an. Sakanako Sarek eta Orain Jon Gurutz lantaldeak data hori baliatuta gogora ekarri nahi dituzte espetxean larriki gaixo diren 19 pertsonak.  Horien artean dago Jon Gurutz Maiza Artola. Bi eragileek “Sakanatik Lannemezanera elkartasuna eta maitasuna” ekimena martxan jarri dute. Haren helburua da preso etxarriarrari elkartasun argazki, bideo, marrazki, bertso edo mezuak bidaltzea. Ekimenarekin bat egin nahi dutenek beraien mezuak  etxarrisare@gmail.com e-posta helbidera edo 610 610 575 telefono zenbakira bidali ditzakete, eta jasotako guztiak Maizari helaraziko dizkiote. Sakandarrak ekimenean parte hartzera gonbidatu dituzte. 

Sakanako Saretik eta Orain Jon Gurutz lantaldetik gogorarazi dute euskal presoei “ezartzen zaien salbuespeneko espetxe-politikaren” parte direla isolamendua, zigorraren luzapena eta urruntze politikak. Azaldu dutenez, neurri horiek “preso dagoen pertsonaren osasunean eragin zuzena dute, ezegonkortasuna, arazo psikologikoak, antsietatea, harremanak garatzeko arazoak... sortzen ditu”. Horrek guztiak “gaixo dauden presoen kasuan, gaixotasunari aurre egiteko aukerak murrizten ditu, gertukoen babesa, bizi baldintza duinak edota konfiantzazko medikuen jarraipena ez izateak eragin zuzena baitu”.

Horri kartzeletako “osasun-baldintza kaxkarrak, espetxeak berak instituzio gisa, hala nola zentroak, medikuen jarrerak eta baliabide faltak” gehitu behar zaizkiola gaineratu dute. Horren guztiak “osasunean eragin negatiboa izaten du”.Ziurtatu dutenez, “espetxeek ez dute behar bezalako osasun-zerbitzua emateko aukerarik eskaintzen. Osasuna pertsona guztiei dagokien eskubidea da, baita preso diren pertsonei ere. Ezin dugu segurtasun politiken aitzakiapean presoen oinarrizko eskubideak zapaltzen dituen politikarik onartu”. Sakanako Saretik eta Orain Jon Gurutz lantaldetik azaldu dutenez, “egun bizi dugun osasun krisi sakonak areagotu besterik ez du egiten gure kezka”.