Koronabirusa Sakanan

“Bidaia bat egiteko ilusioa ez da inoiz galdu behar”

Erkuden Ruiz Barroso 2020ko api. 13a, 12:53

Valen Ormazabal Goazen bidaiak bidai agentziako jabea. UTZITAKOA

Turismoaren sektorea “hondoratuta” gelditu dela esan du Valen Ormazabal bidaia-agentea eta landa-etxe bateko jabeak. Hala ere, krisiari alde positiboak ikusten dio.

Koronabirusak eraginda mundua hutsik gelditu da. Alarma egoera eta konfinamendua hasi aurretik ere bidaiak bertan behera uzten hasi ziren. Bidaiatzeko ilusioak ere eten ziren, eta Aste Santuko opor egun hauetan turistez eta bisitariez beteta egongo liratekeen Bartzelona, Madril, Sevilla, Paris, Londres eta beste hainbat hiri ospetsu, gaur egun isilik daude. Beste hainbat sektore bezala, turismoaren sektoreak kolpe handia jaso du. Valen Ormazabal Goazen Bidaiak bidaia-agentziaren eta Sanpedroko bidea landa-etxearen jabea da.

Noiz nabaritu zenuten koronabirusaren eragina?
Landa-etxean martxoko lehenengo astetik nabaritzen hasi nintzen; ez bigarren astetik hemen dena hasi zenean. Dena pikutara joaten ari zela nabaritzen hasi ginen. Jendeari kostatu zitzaion, baina gero bertan behera uzteak bata bestearen atzetik etorri ziren. Bidaia-agentziena okerrago izan zen: bi hilabete eta erdi hauetan egindako lan guztia pikutara joan da. Gainera, antolatutako bidaien dirua itzuli behar dut. Hala ere, hasi aurretik jendea agentziara etortzen zen, eta nik egoera ikusita esaten nien ez niela salduko.

Beraz, egoera larria da: bidaiak ezin saldu eta bertan behera utzitakoen dirua itzuli behar duzu.
Bezeroek aurreratutako dirua itzuli behar zaie, eta itzultzea kostatzen zaie. Imsersokoek ez dakit noiz itzuliko duten, beste bidaia batzuk itzultzen ari dira, eta hegazkin konpainiak ere konpainiaren arabera. Batzuek dirua itzuli dute, eta beste batzuek bono bat eman dute ahal denean erabiltzeko.

Zein eragin izan du osasun krisiak turismo arloan?
Turismo sektorearendako kolpe handia izan da. Hondoratuta utzi gaitu oraintxe betan. Hau guztia bukatzen denean, ez dakidala noiz bukatuko den, jendeak egin nahiko duen lehenetariko gauza etxetik ateratzea izango da. Hori argi daukat. Hasieratik ezingo gara kanpora joan, eta, beraz, penintsula barneko turismoa handituko da. Horrek mesede egingo digu. Nik bidaia-agentzian bidaiak    saltzen ditut, baina hona ere taldeak ekartzen ditut. Nafarroa saltzen dut. Orduan, nik ditudan kontaktuengatik jendea etorriko da, baita Nafarroako jendea ere hona etorriko da. Dagoeneko jendea interesatuta dago. Oraingoz ez ditu erreserbarik egiten, baina informazioa eskatzen dute eta hemengo eskaintzagatik galdetzen dute.

Dataren bat aipatzen dute? Noizko egiten ari da jendea planak?
Urrirako. Guk ere data hori aurreikusten dugu. Are gehiago, Gironako talde batzuk ipar martxa egitera etorri behar ziren Aste Santuan eta dena urrirako aldatu dute. Nik uste uda galduta dugula. Agian abuztua salba dezakegu, baina ez nago oso ziur.

Urtea aurrera ateratzeko aukera izango duzue?
Urtea ez dugu inolaz ere salbatuko. Gure denboraldi fuertea Aste Santutik urrira arte da. Urria oso hilabete ona da hemen mendiagatik. Oso ona da. Baina hori kenduta… pentsa.

Txinan lehenengo koronabirus kasuak abenduan agertu ziren. Horrelako zerbait gertatuko zela uste zenuten?
Ni urtarrilean Fiturren egon nintzen, Madrilen, eta txinatar pila batekin egon nintzen. Gero beldurrarekin etorri nintzen, egia esan. Fitur Turismo azoka garrantzitsuenetarikoa da. Izugarri handia, eta normal egon ginen. Ez zen ezer aurreikusten; inork ez zuen horrelako egoera bat planteatu.

Eta bat-batean mundua gelditu zen.
Guztiz. Baina beste alde batetik ongi etorriko zaigu reseteo bat egiteko eta gauza berriak egiteko eta planteatzeko. Berritzeko garaia dela uste dut, eta arlo honetan hoberena izateko prestatzeko.

Krisia nola kudeatzen ari zarete? Administraziotik laguntzen dute?
Ni landa-etxeetako federazioan nago, eta astelehenean sektore guztiaren bilera bat izan genuen Maitena Ezkutarirekin. Hainbat gauza planteatu zaizkie. Sektore guztiak gaude kaltetuta, baina gurea da gehienetarikoa. Orduan, ez dakit oso ongi zer aterako den.

Zer eskatzen duzue?
Autonomo guztiek eskatzen dutena, orokorrean. Kuotak barkatzea eta emango diguten laguntza aurreratzea. Sektoreko lagunekin hitz egiten eta, zorionez, landa-etxea nirea da eta ez dut alokairurik ordaindu behar, baina izango dira sektoreko kideak benetan gaizki pasako dutenak. Lan mahai sektoriala behingoz egitea ere eskatzen dugu, non turismo arloko alde guztiak mahai berean eseriko garen. Marka on bat lortu behar dugu saldu ahal izateko. Nire esperientziagatik eta ikusten dugunagatik; Nafarroak badu marka egina, baina indar gehiago eman behar zaio.

Zer ondorio ekarriko ditu?
Espero dut ostalaritza establezimendurik itxi behar ez izatea. Baina  Sakanan bidaia-agentzia bat dutenek eta lokal baten alokairua, markari kanona eta autonomoen kuota ordaindu behar dutenak… egoera larria izango da. Egoera horretan egongo banintz, oso zaila izango liratekeela iruditzen zait. Baina ez dakit nola egongo diren, ez dut haiekin hitz egiteko aukerarik izan.

EGOERARI AURRE EGITEN
Alde positiboak atera daitezke?
Nik uste berritzeko garaia dela. Buruari bueltak emateko eta gauza berriak ateratzeko momentua. Hoberenak izatea. Landa-etxeez ez garenez bizi, alde horretatik nik uste ongi mantenduko garela. Hor jarraituko dugu.

Duela gutxira arte debatea masifikazioa eta turistifikazioa zen. Orain hiriak eta toki turistikoak hutsik daude. Gai honi buelta emateko momentua da?
Noski. Aspaldi badago gure sektorearen barruan masifikazioarik nahi ez duen mugimendu bat. Nik lan egiten dudan taldea gehienez 15 pertsonakoak dira. Horrelako masifikazioak ekiditeko. Nik ez dut inoiz Sakanarako hori nahi izan. Eta izan zitekeen, potentzial handia duelako. Gainera, ez dago ustiatuta. Baina mugimendu hori dago, eta nik uste orain gehiago izango dela. Fiturren eta azoketan eskainitako guztia talde txikiak ziren. Eta orain zentzu handiagorekin, ikusten ari garelako ingurumena berreskuratzen ari dela, eta beharra ere bazuela. Turismoak kalte handia sortu du alderdi horretatik.

Beraz, turismoaren irudia hobetzeko balio dezake?
Nik uste baietz. Konbentzituta egon nahi dut. Puntu garrantzitsu bat da. Hainbeste masifikatzea, Bartzelonan, Madrilen edo Donostian bertan kaletik ezin ibiltzea ez da ona. Nik uste ongi etorri zaigula hau bidaiatzeko modu hori egokitzeko eta moldatzeko. Gainera, sei urte daramatzat landa-etxearekin eta konturatu naiz jendeak herriko jendearekin nahastea bilatzen duela.Altsasura etortzen dena zein Tailandiara doana. Gida bat hartu eta bere atzetik joatearen modelo hori nik uste bukatzen ari zela eta orain gehiago. Turismoa buelta hori ematen ari zen.

Nola ikusten duzu etorkizuna?
Ni ez naiz atzera egiten duen pertsona. Pertsonalki gertatzen zaidan guztiari, eta gauza asko gertatu zaizkit, beti puntu positiboa ateratzen diot. Badakit gaizki pasako dugula, baina alde ona ateratzen diot. Aukerak bilatzea eta buruari bueltak ematea landa-etxe gisa hoberena izateko. Tratu hooberenarengatik desberdintzen dena. Edozein zerbitzu ematen dela ere, ostalaritzan, esaterako, tratu ona eman behar da. Eskualde honetan jendea beti ongi hartu dugu. Andaluziako edo Levanteko jendeak aurreiritziak izan ohi ditu eta hotzak garela esaten dute. Baina beste irudi batekin joaten dira. Oso ongi hartzen ditugula diote. Egia da aukera bat da besteei ematen diegun zerbitzuari buruz hausnartzeko.

Sakana marka indartuta atera daiteke?
Denak atera gaitezke indartuta. Denak norabide berdinean joan behar dugu, eta hori da zailena. Sakanan turismo elkarte bat dago, ni bertan nago, eta tresna interesgarria da zalantzak dituenarendako eta hamaika gauzari buruz informatzeko. Ez bakarrik orain, beti.

BIDAIARIAK
Zer gomendio eman ditzakezu bidaia hartuta zutenei?
Pazientzia izateko. Bidaia galdu dutenei dirua berreskuratzeko pazientzia izateko, eta antolatuta zutenei baina oraindik bertan behera utzi ez dutenei ere, pazientzia izateko. Nik bidaia daukat ekainean, iaz hartu nuena, eta itxoin behar dut azken egunera arte konpainiak bertan behera uzteko. Bestela, beldurragatik baliogabetzen baduzu, ez dizu inork ordainduko eta dirua galtzen duzu. Beraz, hobe da itxoitea data iritsi arte dirua berreskuratu nahi bada.

Beraz, ekainean, uztailean edo abuztuan bidaiak hartuta dituztenean, alarma egoera kentzen badute eta bidaiatzeko baimena ematen badute, bidaiatzera animatzen duzu jendea, ez?
Bai. Beste aukera bat, nire ustez hoberena, datak aldatzea da. Bidaia bat ilusio handiarekin prestatzen da, izan ere, bidaia batek konnotazio asko ditu. Ez da bakarrik bidaiaz disfrutatzea. Bisitatuko dituzun tokiak begiratu eta antolatu… ilusio handiarekin prestatzen duzu. Eta ilusioa ez da inoiz galdu behar. Beraz, ezin baduzu Aste Santuan edo maiatzean joan, urte bukaerarako utzi. Ahal badute, behintzat, hobe datak aldatzea. Ez sektorea laguntzeagatik, baizik eta ezin delako bidaia hori egitearen ilusioa galdu. Are gutxiago orain. Ilusio pixka bat behar dugu, baita haizea hartzea ere. Gero bakoitzaren ekonomiaren egoera kontuan hartu behar da. Izango dira dirua jasotzea nahiago dutenak ere.

Prezioak igoko edo jaitsiko dira?
Inork ez du ezer esaten. Nik ez dut bidaia baten eskaintza bat jaso martxoaren 20tik. Niri handizkari guztiek egunero eskaintza pila bat bidaltzen didate. Eta orain ez dit inork ezer bidaltzen. Gainera, hemen, Punta Canara eta Caribera joateko ohitura handia dago, eta bertan orain hasten da dena, guk lau aste daramatzagunean. Uste dut bertan krisi honetatik ateratzea gehiago kostako zaiola. Beraz, nik uste hasieran ezin izango dugula eskaintza handirik egin.. Baina ideiarik ez. Hegazkin konpainiak ere diru asko galtzen ari dira.

Krisi ekonomikoa datorrela diote. Kontziente zarete?
Kontziente bai, baina nola prestatzen zara? Argi dago egoera ekonomiko txar batetik pasatzen bazara lehenengo gauza bidaiak eta atera ahal izatea kentzen dela. Logikoa da. Nik kenduko nukeen lehenengo gauza da, eta nire buruaren kontra egiten ari naiz. Agian ezingo zara Punta Canara joan, baina Iratira edo Bardeetara joan gaitezke. Bidaiatzeko modua aldatu daiteke. Beti esaten dugu: herrialde urruenetara joaten gara eta etxe ondoan duguna ez dugu ezagutzen.

LANDA-ETXEA
Sanpedroko bideak funtsezko zerbitzuak eskaintzen ditu. Zer esan nahi du horrek?
Nik landa-etxean langileak hartzen ditut. Establezimendu guztien itxiera ezarri zutenean nik langileak nituen, eta hasieran apirilaren 8ra arte iraun behar zuen arauak. Nik gobernukoei deitu nien eta esan nien zein zen egoera, ez zitzaidala iruditzen ez etiko ez morala pertsona horiek kalean uztea. Izan ere, lanera joan behar zuten. Orduan, planteatzen ari ziren horrelako hainbat ostatu uztea. Oraintxe bertan ez dago inor lantokiak itxi direlako, baina osasun langileendako edo garraiolariendako irekita dago.

Ostatuen egoera asko aldatu da lau aste hauetan.
Asko, bai. Ni izutu nintzen horregatik. Pertsona hauek ia urte osoan eta aspaldi etortzen dira, eta ni oso gaizki sentitzen nintzen. Nire etxera etortzen den guztia ongi hartzen dut, baina gainera betidanik etortzen den bezero bat kalean uztea, geunden egoeran ezin ginela kalera atera eta lan egin behar zutela… niretako oso gogorra izan zen. Baina Nafarroako Gobernua azkar konturatu zen. Nik deitu nuenerako ari ziren zerbait prestatzen. Ni ez nintzen lehenengoa izan. Oporretara etortzen dena ez duzu hartzen; zertarako dator. Baina horrelako bezeroak zaindu behar dituzu.Eta badakit egoera beretsuan zeuden batzuei ez dietela irekitzen utzi. Orain norbaitek zerbitzu honetara batu nahi badu, uste dut aukera duela.

Baina oporraldirako itxita dago. Noiz arte?
Mendi lasterketa guztiak bertan behera gelditu dira: Zegama-Aizkorri, Laumilak… Badira familia batzuk urtero etorri eta hemen lau egun pasatzen dituztenak. Zegama-Azikorrin enpresa batekin lan egiten dut, eta hori guztia erori da.

ITXIALDIA
Egun hauetarako lehiaketa bat antolatu duzu. Zertan datza?
Nahi duen guztiak bidaia bateko argazkia jarri dezake Goazen bidaiak-eko Facebook-eko horman eta atsegin dut gehien duen argazkiak saritxo bat irabaziko du: baso bainua. Esperientzia berri bat da Sakanan eta gure hariztietan egiten da. Japoniako terapia bat da, Shinrin-Yoku, guk bizitza osoan egin izan duguna. Basoan oinutsik joatea eta hostoak, zuhaitzak eta abar ukitzean datza. Badago hiriko jendea horrelako esperientzia bat inoiz izan ez duena. Meditazioa ere egiten da.

Hau dena bukatzen denean… Zer egingo duzu?
Mundu guztia besarkatu. Oso pertsona soziala naiz, eta gehien faltan botatzen dudana bizitza soziala da. Lagunekin kaña bat hartzea edo Aralarko San Miguelera igotzea eta gure paisaia eder hori begiratzea. Lehen asko betetzen ninduen eta orain… Lehenengo aldi hori izugarria izango da. Baina, besterik gabe, buelta bat ematera joatea. Gauza txiki horiek orain arte estimatu ez ditugunak. Batzuetan horrelako kolpe bat behar dugu gauza txikiez ohartzeko, benetan zoriontsu egiten gaituzten gauza horiek.

Eta zer bidaia proposatzen duzu?
Niri asko gustatzen zait esperientzia eta leku txikiak ezagutzea. Esaterako, Kantabriara, Huescara edo Zaragozan dauden leku oso polit batzuetara joatea. Mendian ibiltzea gustatzen zait, eta horrelako irteerak hoberenak dira. Lagunekin landa-etxe bat hartu, lagunekin egon eta ongi jan. Eta koadrilan egotea. Niretako hori izango da egin daitekeen hoberena. Familian egoteaz nekatu egingo garenez, hobe koadrilan egun batzuk pasa. Haur txikiak dituztenendako ere aukera oso ona da. Nahiz eta hemendik oso gertu egon.