Biba diskoaren aurkezpen biraren erdian harrapatu zituen Covid-19 koronabirusak sortutako osasun krisiak Xabi Bandini taldeko kideak. Bi kontzertu eskaini behar zituzten egunotan: Bilboko Kafe Antzokian eta Gasteizko Jimmy Jazz aretoan. Euskal Herriko bi areto garrantzitsu. “Gogoak geneuzkan kontzertu horiek emateko. Grises taldearekin eman behar genituen”. Lur Larraza musikari etxarriarrak eta Xabi Bandini taldeko gainontzeko kideek azaldu dutenez, “penarekin eta atsekabearekin” hartu zuten bertan behera gelditzearen erabakia.
Kafe Antzokiko kontzertua alarma egoera ezarri aurretik aurreikusita zuten, baina “entzuleen segurtasunagatik” bertan behera gelditzea erabaki zuten. Gasteizkoa egitea ezinezkoa zen. “Hala ere, baditugu bi kontzertuetarako data berriak, eta berehala aterako ditugu”. Uda pasa ondoren, “aurrera” jarraituko dute. “Oso pozik geunden, gogotsu”. Kontzertuz kontzertu “gozatzen” ari zirela esan du etxarriarrak: “ilusioz eta gogoz”. Egoera hau “bidean harri bat” izan dela esan du, izan ere, “pixkanaka martxa hartzen” ari ziren. “Orain buelta eman behar diogu egoerari”.
Musikariak eta kulturgileak etxean daude. Lanik gabe egon arren, “ahal duguna egiten” saiatzen dira. Ez dira geldirik egoten. “Gauza desberdinak egiteko eta aspaldi egin ezin izan ditugun gauza horiek egiteko” aprobetxatzen ari da Larraza. Teknologia berriak artisten aliatu bihurtu dira. Itxialdiaren lehenengo egunetan Xabi Bandinik kontzertua eskaini zuen Internet bidez, eta hainbat zuzeneko ere egin ditu. Gainera, amei eskainitako bideoklipa sortu du etxean ere. “Nik Xabi laguntzen dut sare sozialen kudeaketan eta patronoen plataforma horretan”. Egoera berrian martxa hartzen ari dira. Larraza Deepsoda ekoiztetxeko managerra da, eta hauek ere lanean jarraitzen dute. “Taldeak laguntzen ditugu, nahiz eta askotan inpotentzia puntu bat sentitzen dugun”. “Ezin egi” horrek sortzen die inpotentzia. “Behintzat ahal dugun guztian laguntzen dugu eta ideia berriak aurrera eramaten ditugu; ahal dugun guztiarekin aurrera egiten dugu”.
Aukera berriak
Xabi Bandinik itxialdian zuzeneko kontzertua eskaini ondoren, egoerari aurre egiteko “formula berriak” pentsatzen hasi ziren taldekideak. “Xabi Bandinik Kerobia taldearekin Supernova diskoa crowfounding moduko diru bilketa batekin atera zutela bururatu zitzaigun, eta horri bueltak ematen zer egin genezakeen pentsatzen hasi ginen”. Patreon deitzen den plataforma topatu zuten. “Egileak laguntzeko plataforma bat da. Jarraitzaileek materiala ateratzen laguntzen die”. Hilabetean bi euro jartzen dituzte jarraitzaileek eta artistek proiektuak aurrera eramateko aukera dute. “Ez bakarrik musikariak, artistak, youtuberrak… jende pila bat dago”.
Osasun krisi egoera berezi honek musikarien jarraitzaileekiko harreman berriak ere sortu ditu, izan ere, plataforma honen bidez zein sare sozialen bidez, musikariek zaleekiko harreman zuzena izan dezakete. “Harpidedunek gauzak galdetu ahal dizkigute, galdeketaren bat egingo dugu zer ikusi nahi duten jakiteko edo zer interesatzen zaien… Harreman hori lantzen dugu”.
Alde positiboa atera daitekeela uste du Larrazak: “Egoera honek berrasmatzeko aukera eta beharra ekarri digu. Sare sozialen bidezko zuzenekoak, bideoak…”. Gainera, kulturak munduari ematen diona “balorean jartzen” duela azaldu du etxarriarrak. “Zer izango litzateke etxean daramatzagun egun hauek musikarik gabe, pelikularik gabe… oso gogorra izango lirateke”. Egoera honen ondoren kultura “beste modu batera” baloratuko dela uste du musikariak. “Behintzat alde ona izango duela uste dut nik. Garrantzia hori emango zaiola”. Hortaz, hemendik aurrera kulturarekiko zegoen ikuspuntua aldatuko da.
Apirilaren 10ean eta 11n hainbat kulturgilek 48 orduko isilunea egin zuten sare sozialetan kultura arloan hartzen ari diren neurri faltegatik protestatzeko.
Ezin geldirik egon
“Egia esan lehendabiziko egunetan pixka bat blokeatuta egon nintzen: zer egin, nola egin, nola aurrera eraman… Baina gaur da eguna gelditu gabe gaudela”. Larrazak esan duenez, “lanik gabe” daude, baina gelditu gabe. “Kuriosoa da”. Egunero artistekin kontaktuan dagoela azaldu du, denbora guztian “egiteko” horri bueltak ematen.
Osasun krisiak gogor jo du arlo guztietan, baita kulturan ere. Musikariak egoera larrian daude. “Nik musika munduan lan egiten dut eta egun batetik bestera uda erdira bitarte guztia erori zaigula ikusi dugu”. “Kili-kolo” bizi garela aitortu du Larrazak: “Aterako gara, baina ez da erraza izango”.
Momentuz, atzeratutako kontzertuei datak jarri dizkete. Udazkenean izango dira. “Ez dut pentsatu nahi abendua iritsiko denik eta oraindik gaizki egongo garenik”. Argia ikusiko dutela pentsatu nahi du etxarriarrak. Hortaz, lanean jarraitzen dute irailerako, urrirako eta azarorako gauzak prestatzen.
Itxialdia
Alde batetik Larraza etxean “gustura” dagoela onartu du, baina faltan botatzen du musikatik bizitzeak ematen dion mugimendua. “Astebururo kanpora joaten naiz, gelditu gabe. Asteburu batean etxetik gertu dagoen kontzertu batean egon, baina hurrengoan Valladolid, Valentzia, Almeria… Martxa hori faltan botatzen dut”. Egoera hau bukatzen denean lehendabiziko gauza “jende asko ikustea” izango dela esan du etxarriarrak eta “lan egiteko gogoa” dauka baita ere.
Etorkizuna “galdera oso zaila” da. “Ez dakit noiz bukatuko den eta nola bukatuko den”. Kulturgileei aurreko egoerara “itzultzea” kostatuko zaiela esan du Larrazak. “Seguruenik gu izango gara lanean hasten azkenetarikoak, jendea biltzea delako gure lanaren parte: kontzertuak, aglomerazioa…”. Ez du espero egun batetik bestera egoera “normala” izatea, are gehiago kontuan hartuta hasieran hartu zituzten neurriak: aretoen edukiera mugatu zuten, gero heren bateko tokia onartu zuten eta azkenik bertan behera utzi zituzten gauzak. “Batzuetan kultura bizio bat bezala ikusten dela iruditzen zait, eta ez da bizio bat. Bizitzan laguntzen digun zerbait da”. Egoera hau kulturarik gabe “agonikoa” izango zela esan du.
Itxialdirako musika
Larrazak esperientzia handia dauka musikaren munduan, eta itxialdian musika entzuteko gomendioen artean “euskal taldeak” aipatu ditu. “Oso musika desberdina entzuten dut, baina euskal taldeen zalea naiz”. Gainera, inguruko taldeak “indartsu” datozela dio: Zetak, Nafarroa 1512, Alerta Gorria… “eta hainbat gehiago. Talde pila bat dago eta ziur baten bat ahaztuko dudala”. Berri Txarrak taldeko zalea ere bada. Hemengo taldeak balorean jartzen ditu etxarriarrak. Gainera “Deepsodarekin batera lanean ari diren talde berriek eta sortzen duten musika berriak” emozionatzen dutela esan du.: “Bulego, Kai nakai, Hezurbeltzak, Reyes, Xsakara, Xatiro...”.