Herriari buruzko galde erantzunen jokoa

Guaixe 2020ko api. 9a, 11:52
Etxarri Aranazko galde-erantzunen jokoko web orria.

Etxarri Aranako tribialak Zulotik izena du eta astean bi partida jokatuko dira. Galde-erantzunak tribiala@zulotik.eus e-postara bidaltzeko eskaera egin dute

COVID-19ak guztiak etxean egotera behartu gaituen honetan, etxarriar koadrila bat ez da geldi egotekoa eta herriari buruzko tribiala egitea bururatu zaie. Herriari buruzko galde-erantzunen jokoa hiru helbururekin sortu nahi dute. Aurrena, etxeko itxialdia eramangarriagoa egitea. Hurrena, etxarriarren artean herri-giroa sortzea, eta, atzena, Etxarri Aranatz gehiago ezagutzea. Pandemia zabalkundeari atea ixteko etxean egotera behartuta gaudenez, sustatzaileek galde-erantzunen jokoari Zulotik izena ematea erabaki dute. 

Abiatzeko, ordea, etxarriarren laguntza behar dute galde-erantzunak prestatzen. Horregatik, Etxarri Aranatzi buruzko galderak eta erantzunak tribiala@zulotik.eus e-posta helbidera bidaltzea eskatu dute. Azaldu digutenez, haien asmoa da astero bi galdetegi edo jokaldi zabaltzeko asmoa dute eta aste akaberan www.zulotik.eus web gunearen bidez erantzun zuzenak emanen dituzte. Gainera, erantzun gehien asmatu duten jokalarien zerrenda ere argitaratuko da. Baita asteko saria jaso duen pertsonaren izena ere.

Izan ere, “tribiala erakargarriagoa izan dadin, astero sari xumeak emanen dira, herriko dendari eta ostalarien parte-hartzeari esker”. Jokoaren sustatzaileek azaldu dutenez, “garbi dago sariak ezin duela helburu izan, pizgarri baizik; eta batez ere, une gogor hauetan, gure dendari eta ostalariekin bat egin eta elkartasuna adierazteko bidea. Horregatik, asteroko sariduna zozketa bidez aukeratuko da”.