Animaliei tratu txarrak emateagatik ikertuta

Guaixe 2020ko api. 23a, 10:02
Erasoa egin zuen txakurra. Argazkia: Foruzaingoa.

Arriskutsua izan daitekeen txakur bat, askea eta muturrik gabea, beste txakur bati oso lesio larriak eragin zizkion eta albaitaritza kliniko batean sartu behar izan zuten.

Foruzaingoko Ingurumen Ikerketarako Taldeko kideek arriskutsua izan daitekeen txakur batek berriki beste txakur bati egindako erasoa ikertzen ari da. Erasoa jasan zuen txakurraren jabeak salaketa jarri zuen Altsasuko polizia-etxean. Foruzaingoak jakinarazi duenez, bere animaliarekin paseatzen ari zela, aske eta muturrekorik gabe zegoen Pitbull txakur batek berea eraso zuen, lepoan hozka eginez. Foru poliziaren arabera, erasotako txakurraren jabea saiatu zen txakur erasotzailea geldiarazten, baina ez zuen lortu. Minutu batzuen ondoren txakurrak erasoa gelditu eta bere nagusiarekin joan zen. 

Zauritutako txakurraren jabeak animalia herriko albaitariarengana eraman zuen. Han ebakunza egin ondoren Iruñeko albaitaritza-ospitale batera eraman behar izan zuten. Bertan ospitaleratu zuten muskuluak urratzeagatik eta trakea ia erabat hausteagatik. Operazioen kostua ia 1.500 eurokoa izan zen.

Foruzaingoak jakinarazi duenez, 27 urteko gizonezkoa ikertzen ari dira. Zigor Kodearen 337. artikuluan tipifikatutakoarekin bat etorriz, foruzainek ondorioztatu dute arriskutsua izan daitekeen txakurraren jabeak ez-egiteagatiko delitu bat egin ahal izan zuela, txakurra gidatzean eta zaintzean behar bezalako arreta ez izateagatik. Gainera, Etxarri-Aranatzen animalia berak egindako antzeko beste eraso bat egiaztatu ahal izan zen. Atestatuaren eginbideak Ingurumen Fiskaltzara eta Nafarroako hiriburuko guardiako epaitegi batera bidali dituzte dagoeneko.