Udalak festen inguruko parte hartze prozesua martxan jarri du

Guaixe 2020ko api. 24a, 14:03

Urtero jokatzen da play back txapelketa Etxarri Aranazko festetan.

www.etxarriaranatz.eus web orriaren bidez galdetegia zabaldu du, festei buruzko ekarpenak egiteko. Galdetegia maiatzaren 10era arte erantzun daiteke. Aurtengo festekin zer gertatuko den oraindik ez da zehaztu.

COVID-19ak eragindako osasun krisialdiagatik bertan behera gelditu da heldu den astean egitekoa zen maiatzaren jasotzea. Ikusteko dago zer gertatuko den San Kiriko eta San Adrian ospakizunekin (garagarrilaren 13an eta 16an), festekin (agorrilak 1-7) eta Ama Birjinan egunarekin (agorrilak 15). Hala ere, Etxarri Aranazko Udalak agorrilean izaten diren herriko festen inguruko parte hartze prozesua martxan jarri du, “etxarriarren iritzia eta iradokizunak ezagutzeko eta  jasotako emaitzekin, aurrerantzean herritarren nahien arabera festak antolatzeko”. Galdetegia maiatzaren 10era arte erantzuteko aukera dago www.etxarriaranatz.eus web orrian. 

Amaia Ijurra Araña kultur teknikariak jakinarazi duenez, jasotako erantzunen berri emanen du udalak eta haiekin hausnarketa prozesua abiaraziko dute. Prozesu horretako emaitzak bideratzea izanen da azken pausoa. 

Galdetegia 
Hamar galderek osatzen dute udalak prestatutako galdetegia. Horretaz aparte, iritziak edo iradokizunak gehitzeko tartea ere badago. Herrian erroldatuta dagoen eta adinari buruzko galderekin hasten da galdetegia. Seme-alabarik baduen ere galdetzen da. Baita festetan parte hartzen duen ere. Azken lau urteetako festen programak daude eta haietan ospakizunen aurrekontua kontsulta daiteke. Izan ere, horren ondoren heldu dira galdera mamitsuenak: festen iraupenaz, festa egunak moztu behar ote diren, festetako zein jardueratan parte hartzen duen edota festetan zerbait faltan sumatze den.

Eskarmentua 
Etxarri Aranatzen festen inguruko bi galdeketa egin dira. Aurrena 1980an egin zen festak lastailetik agorrilera aldatuko ziren edo ez jakiteko. Garai hartan lastailean ikasleek eta langileek zituzten arazoak bulkatu zuten udalak galdeketa egitea. 1.036 etxarriarrek eman zuten iritzia. 87 botok babestu zuten festak zeuden bezala uztea, gainontzekoak aldatzearen aldekoak izan ziren. Beraz, 1981etik aurrera festak agorrileko aurreneko igandera pasa ziren. 

Festei buruzko bigarren galdeketa 2000ko otsailaren 6an izan zen. Aurreko urtean festa-bezpera, larunbata, garilaren 31n izan zen. Giro ederra egon zen etxarriarrak festen ondoren joan zirelako oporretara. Hori ikusita udalak galdeketan hiru aukera eman zizkien etxarriarrei: festak zeuden moduan uztea, hau da, agorrileko lehendabiziko igandean hastea; festak beti agorrilaren 1ean hastea eta festak agorrilaren 1etik gertuen dagoen asteburuan hastea (1 astelehena edo asteartea denean festak garileko asteburuan edo agorrileko aurrenekoan hasi litezke). Aurreneko aukerak 293 boto jaso zituen, bigarrenak 115 eta atzenak 378. 787 etxarriarrek eman zuten botoa eta parte hartzea % 39,31ekoa izan zen. Orduko udalak balorazio “positiboa” egin zuen, “20 urtetan herri kontsulta egiten den bigarren aldia baita”.