Itxialdian ere ahotsa trebatzen

Erkuden Ruiz Barroso 2020ko api. 24a, 14:26

Iruñeko Orfeoiaren bideodei bidezko entsegu bat. UTZITAKOA

Osasun krisialdiak bertan behera utzi ditu Iruñeko Orfeoiaren hainbat emanaldi. Hala ere, entseguekin jarraitzen dute teknologia berriek eskaintzen duten aukerekin. Harremanetan jarraitzeko, talde lanean aritzeko eta ahotsak forman izateko aukera ematen die.

Iruñeko Orfeoiaren azken entsegua martxoaren 10ean izan zen. “Aurreratu” zirela esan du Igor Ijurra Orfeoiaren zuzendariak; “eta uste dut ondo egin genuela”. Etxarriko musikaria martxoaren 4an Madrilera joan zen bertan kontzertu bat eskaini behar zuelako. Martxoaren 15era arte egon behar zen Madrilen, baina martxoaren 12an itzuli zen. “Giro arraroa” zegoen, “zerbait antzematen zen”. Hortaz, alarma egoera ezarri aurretik Iruñeko Orfeoiko entseguak bertan behera uztea hoberena zela erabaki zuten. Hala ere, Iruñeko Orfeoiko kideek ahotsak entrenatzen jarraitzen dute, eta Zoom aplikazioaren bidez “entseguak” egiten dituzte.

Konfinamenduaren aurretiko egunak Madrilen pasatu zituen Ijurrak. Debuta egin behar zuen bertako Orkestra Gaztea zuzentzen, baina entsegu batetik atera zirenean hurrengo egunetik klaseak bertan behera uzten zituztela jakinarazi zuten. “Pentsatu genuen ezin genuela jarraitu”. Egun horiek “tentsio handiarekin” bizi izan zituela esan du etxarriarrak, baita “beldurrarekin” ere: “Eskuak eta aurpegia maiz garbitzen nituen, metroan jendearen artean ahalik eta distantzia gehien gordetzen genuen…”. Madrilgo giroa ikusita Mari Paz Arizkuren Iruñeko Ofeoiko zuzendariordearekin hitz egin zuen eta entseguak bertan behera uztea hoberena zela erabaki zuten. Behin alarma-egoera ezarrita kontzertuak bertan behera gelditzen hasi ziren. Martxoaren 14an bertan, Garesen kontzertua eman behar zuten.

Etxetik entseatzen
“Behin konfinamendua etorrita, hausnartzeko egun batzuk hartu genituen. Zer egingo dugu? Zenbat iraungo du honek? Hamabost egun izango dira? Hilabete bat?”. Hainbat “eszenatoki” planteatu zituzten. “Hurrengo urratsa aurreratu behar duzu: A, B eta C planak egin genituen”. Aukera guztiak ikusita, “beharbada hemendik hilabete edo hilabete eta erdira” konzerturen bat emateko aukera izango dutela pentsatu zuten, eta errepertorio bat prestatzen hasi ziren: Mahlerren 8. sinfonia. Uztailaren 12an Grandako dantza eta musika jaialdian eskainiko duten errepertorioa. Edo eskainiko zutena. “Oraindik ez da bertan behera utzi. Guk uste dugu azkenean bertan behera utziko dutela, % 89 batean ziur gaude, baina momentuz ez digute ezer esan”. Horregatik, badaezpada, entseatzen jarraitzen dute.

Esperientzia “berria” eta “desberdina” dela esan du Ijurrak. Zoom aplikazioaren bidez egiten dituzte entseguak. Orfeoian 300 lagunek parte hartzen dute, eta, beraz, denak elkarrekin aritzea ezinezkoa dela azaldu du Ijurrak. “Sokaka aritzen gara. Lau ahots daude: sopranoak, kontra-altoak, tenoreak eta baxuak. Orduan, soka bakoitzeko arduradun bat daukat eta arduradun bakoitzak entseguak eramaten ditu”. Hasieran frogak egiten hasi ziren eta denak batera abesterakoan bi segunduko atzerapena zegoela konturatu ziren. “Ezinezkoa zela ikusi genuen”. Beraz, beste formula bat planteatu zuten: “Mikrofonoak mututu egiten ditugu eta arduradunak ez du entzuten bakoitzak abesten duena, baina berak pianoa jotzen du eta abeslariek pianoren soinuak lagunduta entsegua egiten dute”. Abeslariek entsegua grabatzeko eta haiei bidali eta nola aritu diren erakusteko aukera dute. Entseguak egiteko modu hau “aukera bat” dela dio etxarriarrak: “Ez da hoberena, baina orain teknologiak ematen digun bakarra da”.

Gela handi batean elkarrekin entseatzen ez dauden arren, entsegu “berezi” hauek hiru helburu betetzen dituztela esan du Ijurrak: soziala, talde sentitzea eta forma musikala mantentzea. “Jendea koru batean dago musika gustatzen zaiolako, baina arlo sozial bat ere betetzen du. Etxetik ateratzeko eta jendearekin egoteko aukera bat ere bada”. Beraz, etxean gelditzeko egun hauetan entsegu hauetan arlo hori betetzen dute, entseatu ez ezik, hitz egiten ere egoten direlako. “Jendeak entseguak egitea eskatzen du. Orfeoia ez da profesionala, eta egoera guztiak ez dira berdinak. Baina orokorrean jendeak entseguak egin nahi ditu”. Modu honetan, distantzian bada ere, talde lana sustatzen dute.

Kirolariek etxean kirola egiten duten bezala, eztarria “sasoian” mantendu behar dutela esan du Ijurrak. “Eztarrian hainbat gihar eta organo dira eta abestea ariketa fisiko bat da”. Ahotsa entrenatzeko, entseguak ez ezik, kantu irakasleak ariketak ere grabatu ditu abesbatzako kideek etxean egin ahal izateko. “Beraien esku jarri dugu. Ez dakit egiten duten. Zaila da kontrolatzea”. Hala ere, orkorrean “jarraipen” handia dutela esan du musikariak.

Kontzertuak on-line
Buruari buelta asko ematen ari zaie. “Abesbatza batzuek bideoak atera dituzte, eta gu ere horretan gaude. Ez dut gehiago aurreratuko”. Egunotan sare sozialetan zabaltzen ari diren emanaldien bideoen inguruko “hausnarketa” egin behar dela esan du Ijurrak. Izan ere, kultura “dohainik” ematen ari dira. “Badirudi kultura egitea talde bat elkartu eta zerbait egitea dela. Baina kontzertu baten atzetik ordu asko daude, atzetik talde profesional bat egoten da… eta dohainik egitea?”.

Doakotasuna eta kulturaren egoera egunotan pil-pilean dagoen gai bat da. Apirilaren 21ean eta 22an 1000 bat euskal kulturgilek Greba Digitala egin zuten, eta egun horietan ez zuten sare sozialetan ezer elkarbanatu. Ijurrak esan duenez, “dena dohainik bada gero jendeak ez du baloratuko”.

“Pentsastu nahi dut hau bukatzen denean gizartean hausnarketa bat egongo dela, eta ez bakarrik kulturan”. Gizartean hausnarketa bat egongo balitz, “etxean duguna baloratuko genuke”. Kultura ez dela “aisialdia” bakarrik azaldu du etxarriarrak: “Nire ametsetako bat da gelditu gaitezen eta noren esku gauden baloratzea. Badirudi bakarrik baloratzen dela epe laburrean etekina ematen duena”. Bide honetan, Ijurrak La utilidad de lo inutil liburua gomendatzen ari dela esan du. “Garai honetarako ezinbestekoa da”.

Etorkizuna
Iruñeko Orfeoiak kontzertu garrantzitsuak eta handiak programatuta zituen. Besteak beste, San Petersburgoko Orkestrarekin Baluarten egin behar zutena. “Valeri Guerguiev mundo zuzendari hoberenetarikoa da, baita San Petersburgoko Orkestra ere. Guretako eta Iruñeko publikoarendako aukera handia da. Bakarra. Aukera horiek galdu egiten dira. Momentu eta esperientzia horiek galdu egiten dira. Kontzertuak bertan behera gelditzeka pena handia ematen du”. Izan ere, kontzertuak beste data batean programatzea “oso zaila” dela esan du Ijurrak.