Fagamendiko trikuharriarekin kezkatuta

Guaixe 2020ko mai. 5a, 11:35

Baso aprobetxamendurako makineria tumuluaren gainetik pasa da. Zuhaitzak moztean eta makineria aurrera-atzera ibiltzean Trikuharrien Ibilbideko markak eta xenda desagertu direla salatu dute mendizaleek. Neurri egokiak hartzeko udalak adituen aholkua eskatu du.

Baso ordenamenduaren barruan, lantegia saldu zuen Etxarri Aranazko Udalak beheko basoan. Koronabirusaren pandemiak eragindako itxialdia larunbatean arindu zuten agintariek eta herritarrak kirola egitera atera ziren. Makina bat etxarriarrek beheko basora jo zuten pasiatzera. Trikuharrien ibilbidea egitera animatu zirenek Fagamendin ezuste desatsegina opatu zuten: baso-lanetan ibilitako makina bat trikuharriaren edo tumuluaren gainetik pasa zen. Haren berri ematen duten panela zutik baldin badago ere, arbolak moztean ibilbideko balizak edo markak desagertu dira. Eta makinen joan-etorriek xenda bera desagerrarazi dutela ere salatu dute mendizaleek.

Etxarri Aranazko Udalak ohar bidez jakinarazi duenez, “Fagamendiko trikuharrian izan daitezkeen kalteen kasuan, gertatutakoaren berri izan duenean lekura gerturatu dira udal taldeko kideak gaur goizean bertan, lehen balorazio bat egitera, eta adituen aholkua eskatuko du, neurri egokiak hartuko dira, eta trikuharria ahalik eta egoera onenean gelditzeko modurik egokiena bilatuko da, zalantzarik gabe”. Udal ordezkariek azaldu dutenez, lantegiak saltzen direnean, “dudarik gabe, basozainen eta udaren ardura da lan horiek ongi egiten direla bermatzea. Horretarako, kontrolak eta baldintza-agiriak dira, eta horietan argi eta garbi adierazten dugu lan horiek Etxarri Aranatz mendian egin ahal izateko ezinbesteko baldintza dela trikuharriak eta inguruak zorrotz errespetatzea eta, betetzen ez badira, zigortzeko neurriak ezartzea”. 

Trikuharrien ibilbidea 
Danbolintxukotik, Etxarri Aranazko igerilekuetatik, abiatzen da ibilbidea. Bi luzerako ibilbidea da, herriko historia eta arkeologia ondarea ezagutarazi nahi duena. Ibilbide luzea (14,4 km) egiten duenak 10 trikuharri edota tumulu ikusiko ditu bidean. Motza (9,7 km) egiten duenak bi. Bi ibilbideak pasatzen dira Fagamendiko tumulutik. 815 metroko altueran kokatuta. Joxe Migel Barandiaran Aierbek lokalizatu zuen 1954ko garilaren 14an. 

Baso kudeaketaz udalak emandako argibideak 
Etxarri Aranazko Udalak 2014 eta 2015 urteetan basoari buruzko parte-hartze prozesu zabala egin zuen. Hainbat etxarriarrek parte hartu zuten eta boluntarioz osatutako Baso Batzordea sortu zen, egun martxan dena. Hark “herritarren ekarpen guztiak jasotzen ditu, eta udalaren organo aholku-emaile nagusia da; hau da, udalak mendiari buruz hartzen dituen erabakiak batzordearekin kontrastatzen dira neurri handi batean, eta gure erabakiak batzorde horretatik jasotako aholkuetan oinarritzen dira beti”. 

Parte hartze prozesuan adostutako irizpideak oinarri hartuta, Etxarriko Basoaren Erabilera Plana txostena egin zen. Han jasotzen dira basoaren makina bat erabilera eta basoaren kudeaketari lotutako makina bat aspektu: bazkalekuak, baso-ustiapena, loteak, mikologia, ibilgailuak, aisialdia, kirola eta beste. Plan horretan jasoak daude basoan egin beharreko lanak, epeak, tokiak eta beste, dagozkion teknika zehaztasunekin jasoak. Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamenduko teknikariek egiten dute planaren teknika jarraipena. Basoaren zaintza, berriz, foru administrazioko basozainen ardura da. 

Etxarri Aranazko Udaletik argitu dutenez, “baso-ustiaketa historikoari dagokionez (zuhaitzak selektiboki botatzea, eta egurretarako edo zuretarako erabiltzea), esan beharra dago parte hartze prozesuan praktika historiko naturaltzat jo zela, eta ez zela zalantzan jarri edo bertan behera uztea proposatu”. Eta gaineratu duenez, “zuhaitz mozketak, eta horrek dakartzan bide irekierak, duela ehunka urtetik egiten dira, eta gaur egun jasangarritasuna bermatzeko baldintzak gero eta nabarmenagoak dira”. Udaletik ziurtatu dutenez, “mendia kudeatzerakoan ez da errentagarritasun ekonomikoa bakarrik bilatzen; helburu nagusia basoa hobetzea da”. Hala ere, udalarendako diru-sarrera handia da lantegien salmenta, azkenekoa 108.600 eurotan saldu zuen. 

Udaletik azaldu dutenez, “herritarrok basoaren irudi edo argazki finko bat dugu, eta berez ekosistema dinamiko bat da. Askotan, gaur egun bide txiki bat dena, duela 50 urte gurdibide edo bide zabalago bat zen. Ustiapenaren ondoren edo abereek egiten dituzten bidexken ondorioz, mendian orbainak geratzen dira, baina horiek naturalizatzen doaz eta errealitateak hori erakusten digu. Beraz, gaur egun higadura arrastoak nabarmen gutxiago dira eta mendian askoz ere zuhaitz gehiago dago lehen baino”. 

Adituak
Basogintzako adituen esanak jaso ditu udalak: “basoa berritzeko eta modu jasangarrian kudeatzeko, beharrezkoa da bakanketa edo entresaka selektiboa egitea, zuhaitzen sendotasuna eta oreka mantentzeko eta baita birsorkuntza prozesuak aurrera eraman ahal izateko”. Adituek diotenez, basoko landaretzaren garapena oso azkarra da (estimatzen da urtero Etxarriko baso komunalak 3.500m3-tik gorako zura eta egur hazkuntza izaten duela), eta beharrezkoa da zuhaitz zaharrak eta zuhaixkak selektiboki kentzea, zuhaitz ale sendoak garatzeko, landaretzak ito eta ahuldu gabe”. Eta gaineratu dutenez, “Beheko Basoan bertako haritza indartzeko beharrezkoa da pagoak eta haritz amerikarrak kentzea, joera inbaditzailea baitute maiz. Bakanketa horiek 10-15 urteko ziklotan egiten dira, baso-masaren bolumen orekatua mantentzeko”. 

Udalak baso kudeaketan adituak direnen azalpenekin segituz esan duenez, “zuhaitzak botatzeko eta ateratzeko ezinbestekoa da makinaria pisua sartzea eta “trotxa” edo bideak irekitzea. Basoak mando edo asto bidez ateratzea ez da bideragarria gaur egun. Ukaezina da trotxa horiek ikusizko inpaktu handia sortzen dutela, inori gustatzen ez zaiona. Baina adituen arabera horrek ez dakar ingurumen eragin esanguratsutsurik, eta bestelako onurak ekartzen ditu”.  Iturri berari segituz, udaletik jakinarazi dutenez, “estimatzen da basoak hiruzpalau bat urte behar dituela bide horiek bisualki birsortzeko”. Azkenik, udalak baso kudeaketari buruzko iritziak eta proposamenak Baso Batzordean egitera gonbidatu ditu etxarriarrak.