Herrialde bakoitzak koronabirusari aurre egiteko antzeko neurriak hartu ditu. Konfinamendua izan da gehienetan hartutako erabakirik nagusienetakoa, herrialde bakoitzak itxialdia bere moduan kudeatu duen arren. Amerikako Estatu Batuetan #stayhome deitu diote konfinamenduari. Hala ere, haren kontrako taldeak agertu dira, eta elkarretaratzeak egin dituzte hainbat hiritan. AEBk Covid-19 gaitzak eragindako gaixoen eta hildakoen tasarik altuena ditu: maiatzaren lehenengo egunetan 1,2 milioi gaixo baino gehiago eta 70.000 inguru hildako. Hala ere, Donald Trump, AEB-tako presidentea, itxialdiaren aurkako taldeen alde agertu da eta neurriak pixkanaka altxatzeko agindua eman du. Hortaz, maiatzaren hasieran eta gobernu federalak konfinamendua ezarri zuenetik 45 egun pasa zirenean, estatu bakoitzak nahi zituen neurriak hartzeko baimena eman zien Trumpek.
1980ko hamarkadan Lorentxo Iriarte Marzial etxarriarrak maletak hartu zituen eta Kaliforniara joan zen. Lanik gabe zegoen, eta zori on bila joan zen aukeren herrialdera. Artzain izan zen Kaliforniako larreetan. Aitortu duenez, hasiera zaila izan zen; 2000 ardi inguru zaindu behar zituen, bi txakurren laguntzarekin, eta kanpin-denda batean lo egiten zuen. Baina bizimodu horretara ohitu zen. Ingelesa ere ez zekien, eta New Yorkera iritsi zenean mexikar batek lagundu zion San Franciscora joateko hegaldia hartzen. "Jendea ona da. Toki guztietan ikusten duzu jende ona". San Francisco inguruan bizi da, hiritik 40 minututara. 125.000 biztanle dituen Antioch "herrian" bizi da bere familiarekin, Contra Costa eskualdean. Beriain mendia presente du, bere egongelan bi argazki dituelako. Amerikako Estatu Batuetan koronabirusaren egoera New Yorken bezain larria dela esan du, baina Kalifornian "lasai" bizi direla. Kalifornia AEBtako paradoxa bihurtu da koronabirusaren krisialdian.
Zein egoeratan zaudete?
Etxean egoteko esan digute. Kanpora ez ateratzeko. Txakurrarekin, bizikletarekin buelta bat ematera edo haurrekin bakarrik atera gaitezke. Baina kontuz ibiltzeko esan digute. Distantzia soziala delakoa mantendu behar dugu. Bi metro. Dendetan ilara handiak egiten dira. Hasieran gogorra izan zen, dendetan sartzeko ilara horiek. Orain lasaitu da. Ohitu gara. Beharko.
Trump presidentea konfinamenduaren aurka agertu da.
Zozo hau badakizu nolakoa den… Baina Gavin Newsom, Kaliforniako Gobernadorea, demokrata da. San Franciscoko alkatea izan zen ere. Eta horrek hasieratik dena moztu zuen. Hondartzak eta guztia itxi zituen eta etxean gelditzeko eskatu zuen. Martxoaren 13an ikastetxeak itxi zituen. Hasieratik. Ondoren, dendak itxi zituen. Konfinamendua jartzen lehenengo estatua izan zen. Orain hasi dira pixkanaka zabaltzen. Baina jende asko joan zen, hondartzak bete ziren, eta ondorioz, gobernadoreak esan zuen ezetz. ezetz, ezin zela horrela izan, eta berriz itxi zituen.
Egoera hobetu delako ireki zituzten?
Hemen Kalifornian ez da New Yorken bezala, beste kostaldean bezala. Bertan jende asko hiltzen ari da. Hemen dena hasieratik itxi zutenez, hobe gaude.
Beraz, neurriak gogorragoak izan ziren eta eragina izan du?
San Franciscoko konderrian 29 lagun hil dira (aurreko astelehenean) eta 1600 positibo daude. Eta San Francisco handia da. Milioi bat pertsona biziko gara bertan. Neurriak eraginkorrak izan dira. Kalifornia osoan 2.100 hildako inguru izan dira eta gutxi gorabehera 50.000 positibo izan daude. Eta Kalifornia handia da, Espainiako Estatua bezalakoa da, gutxi gora behera. 40 milioi biztanle baino gehiago ditu Kaliforniak. Beste kostaldean, New York eta New Jersey inguruan izugarria izan da. AEB osoan uste dut 68.000 hildako baino gehiago izan dira, eta erdia baino gehiago kostalde horretan izan dira.
Nola daramazue etxealdia?
Etxean egotea niretako ongi. Emazteari belauna operatu zioten, protesi berria jarri zioten, eta etxean gelditu beharra geneukan. Goizero etxetik pixka bat mugitzen naiz, kafe bat hartu eta segidan Guaixe eta Noticias de Navarra irakurtzen ditut Internet bidez. Telebista ikusi… Seme zaharrena lanean ari zen, baina azken lan eguna igandean izan zuen. Gobernuak etxean egoteko bi aste eman dizkie. Ordaindurik. Oporrak bezala baina gobernuak ordainduta. Laurok etxean gaude, hemen geldi-geldi. Ni oso etxezalea naiz, beraz, ongi.
Lorentxo bizi den auzoa. UTZITAKOA
Jendeak konfinamendua bete al du?
Jendeak errespetu handia du; asko errespetatzen du. Dendetan nahi eta nahiezkoa da maskararekin sartzea, eta jende guztiak eramaten du. Bestela ez zara dendan sartzen. Kalera ateratzeko ez da maskara behar. Auzokoekin hitz egiteko distantzian egiten dugu.
Eta nola ikusi dituzte neurriak?
Jendeak beldur handia du. Egunero entzuten dugu New Yorken 800 eta 900 daudela. Beti daude burugogor batzuk, igandean bezala, San Franciscoko kapitolioan ehun bat pertsona prostestatzen egon ziren.
Konfinamenduaren aurkako taldeak dira, ezta?
Talde oso txikia da. Lau zozo. Betiko zozoak. Telebistako inkesta batean esan dute, kaliforniarren %82ak horrela egon nahi duela. Latinoen artean % 84a konfinamenduan jarraitzearen alde daude, eta afroamerikarren artean % 85a. Telebista pizten duzu eta dena da koronabirusaren inguruan eta jendea hiltzen ari dela. Denak beldurtu egiten gara. Denoi. Orain ongi gaude, baina bihar dendara joan eta harrapa dezakezu.
Orain Estatu bakoitzeko gobernadoreek nahi dituzten neurriak jartzeko aukera dute. Zer gertatuko da Kalifornian?
Edozein gauza egin dezakete. Hemen momentuz hilabete osoa etxean egoteko esan digute. Kalera atera gaitezke, baina ez honen aurretik bezala. Orain arte dendak itxita egon dira. Supermerkatuak bakarrik egon dira zabalik. Eta pixkanaka dendak zabalduko dituztela esan dute. Datorren astean hasiko dira. Arropa-dendak eta halakoak. Jatetxeak ari dira telefonoz eskatzen duzuna ekartzen. Baina ezin zara jatetxera joan. Tabernak ere itxita daude. Irekitzen hasiko direla diote, baina jende erdia baino ezingo da sartu. Eskolak hemendik bi hilabetetara ireki nahi dituzte.
Ikasturte honetan, beraz, ez dira eskolara itzuliko, ezta?
Oraindik ez dakite zer egin behar duten. Kurtsoa bukatzeko… ez dut uste. Nire semea, bigarrena, etxetik ari da ikasten, unibertsitatean, bideo-deien bidez. Ez dut uste haurrak itzuliko direnik. 30 haur gela batean… ez dut uste. Gogorra izan behar da haurrendako. Unibertsitateena beste kontu bat da. Gobernadoreak esan du bi hilabete barru ikasturtea hasi eta datorren ikasturtearekin elkartzea. Baina ez dakit zer egingo duten.
Hemengo albisteak irakurtzea gustatzen zaizu. Zer pentsatzen zenuen hemengo berriak ikustean?
Nik uste nuen gehiegizkoa zela. Isunak jartzea kalean ibiltzeagatik… Hemen poliziak ez ditu isunak jartzen. Hango egoera eta hemengoa ikusita gu zeruan gaude. Anai-arrebekin eta ilobekin hitz egin dudanean hori kontatzen zidaten, jendea kaletik oinez ibiltzeagatik eta partzelarietan ibiltzeagatik isuna jartzen zutela. Gehiegizkoa da. Hala ere, Etxarrin maiatza jarri zutela ikusi nuen ere. Ene!
Albistegiek zer diote hemengo egoerari buruz?
Jende asko hiltzen ari zela esaten zuten. Hasieran ere ez zeudela ez maskarak ez ezer, erizainen arazoak kontatzen zituzten… Kaosa zela esaten zuten. Baita Italian ere.
Kaliforniako konfinamendua hemengoarekin konparatu izan dute. Zein desberdintasun ikusten dituzu?
Han gehiegizkoa izan dela uste dut. Jendea karrikan gelditzeagatik isunak jartzea gehiegizkoa da. Hemen ez duzu polizia ikusten. Hasieran jendea hondartzetan ibiltzen zen baina esan zuten ezetz, dena itxi zuten eta etxean gelditzeko esan zuten.
AEBtan osasun sistema desberdina da. Nola kudeatu dute krisialdia?
Hemengo sistema batzuetan hobeagoa eta bestetan makurragoa da. Lan egiten baduzu seguru bat ordaintzen duzu. Hemen Kalifornian lau edo bost aseguru etxe daude eta nahiago duzuna aukeratzen duzu. Baina lana ez baduzu galdu baduzu ospitalera orddaindu gabe joan zaitezke. Badaude pobreendako ospitaleak ere.
Ospitaleetan lekuarekin arazoak egon dira?
New Yorken bai, baina Kalifornian ez. 1.200 ohe gelditzen omen ziren. Ebakuntzak eta beste bertan behera gelditu ziren eta koronabirusa duten gaixoendako gorde zituzten.
Ekonomia aldetik, koronabirusaren egoera nabaritu da?
Hemen dendak eta arrantxoak ditugu: olibak, marrubiak, artoa… eta jendea lanean ari da. Baina krisi ekonomikoa nabaritu da. Ikaragarrizko krisia heldu da. Asko jaitsi da eta esaten dute gehiago jaitsiko dela. Ez dakit zenbat milioiko galerak izango diren. Lanpostuak galdu dira ere. Hemengo biztanleriaren erdia baino gehiagok San Franciscon lan egiten du. Nire emazteak eta biok San Franciscon lan egiten genuen. Orain erretiratuta gaude. Egunero joaten ginen San Franciscora, eta jendea egunero joaten da lanera. Eta dena itxita badago… Esaten dute gutxienez urte bat pasa beharko dela ekonomia berreskuratzeko.
Egunero San Franciscora joaten baziren, konfinamenduak trafikoaren beherakada ekarriko zuen, ezta?
Bai. Orain zeharkatzeko hutsik dago. Astelehenetik aurrera nabaritzen hasi zen, hainbat jarduera martxan jarri direlako. Eraikuntza eta abar.
Hemen 20:00etan jendea balkoietara ateratzen da osasun arloan eta krisialdian lanean ari direnak omentzeko txalotzera. Han halakorik egiten da?
Duela gutxi aireko flotak erakustaldia egin zuen New Yorken gainean. Behin egin zuten. Mendikuendako eskerrak emateko zela esan zuten. Baina jendea ez da ateratzen kalera txaloak jotzera.
Etortzea pentsatuta zeneukan?
Joan den urtean Etxarrin egon nintzen. Baina aurten ez dut uste joango naizenik. Bidaiak egiteko egoera ez da oso ona. Hegazkinetan 300 bat pertsona sartzen dira eta ez dute utziko oiloak kamioian bezala joaten. Ez dut uste. Beraz, goraintziak Sakana osoari eta nire lagunei, Martini, Zaitegiri, Tuerkasi eta besteei. Denondako.
Bidaia luzeak egiteko ez, baina estatuen artean bidaiatzeko aukera ba al duzue?
Ez. Gure Estatuan gelditu behar gara.
Nola ikusten duzu etorkizuna?
Denda txikiak pixkanaka irekitzen hasi dira. Ez dakit, txertoarekin dena konponduko dela espero dut. Edo ea inmunizatzen garen. Itxaropen hori izan beharko dugu. Denok. Txertoaren esperoan. Ba omen dago botika bat jendeari koronabirusa pasatzen laguntzeko. Jendea 14 edo 15 egunetan sendatzen dela diote. Denbora erdian.