Zorionak Boltio!

Erabiltzailearen aurpegia Joxe Aldasoro Jauregi (Lagunen izenean) 2020ko mai. 15a, 08:15

Berrogeita bost urte! Partidaren bigarren zatia. Zahartzea putada, are handiagoa alternatiba, ezta? Hogei preso. Sentitu, pentsatu, egin. Pailazokeria dirudi baina indarra ahotik ihes egiten digun garaia bizi dugu. Pentsamenduetatik ekintzara pasatzea izugarri kostatzen zaigu. Aginduak gure buruari baino ondokoari egozten denbora alferrik galtzen dugu. Horrelako sasoian ez da txarra dena utzi eta borrokara lotu denaren adibidea. 
Ez dugu denok eskuzabaltasun bera.
Benga, ados, barkatu. Eman diezaiogun urtebetetzeari eskatzen duen poza, kolorea, alaitasuna.  Egin dezagun topa osasunarengatik, askatasunarengatik. Ospa ditzagun familia, lagunak,  bizitza. Bagara! Bagaude! 
Dena den, zergatik da heroia “Dana eman behar jako maite dan askatasunari”  idatzi zuena eta preso jarraitzen du bete duenak? Esan ziguten indarkeriak lausotzen, estaltzen, lurperatzen  zuela gure hitzaren, gure arrazoiaren indarra. Orain, hitzaren eta arrazoi ahuldadeaz konturatzen gara: indarrik gabe ez dute deus ere balio.  
Indarra  da bai presoak etxeratzeko gakoa. Orain artekoa ez da nahikoa izan. Gehiago egin beharko dugu: ideia sinplea bai, gaur egun jendea mugiarazten omen duen horietakoa. Ea ba! Pertsona gehiago bildu, ate gehiago jo, kale gehiago bete, lan gehiago antolatu.  
Presoak kalera! Legeak ezartzen duena baino gehiago ordaintzen ari zaretelako ere bai. Boltio etxera, askatasunera. Ez delako justua, ez delako etikoa zuek preso jarraitzea. 
Altxa kopa, altxa botila, altxa ukabila!