Etxarri Aranazko Udalak, Nafar Lansareren laguntzaz, herriko hiru langabe kontratatzeko deialdia egin du. Kontratuak lanaldi osorako izanen dira eta urte erdirako. Kontratazioak egiterakoan udalak kontuan izanen dituen kolektiboak dira: oinarrizko errenta jasotzen duten pertsonak, edo %33 edo handiagoko desgaitasuna egiaztatzen dutenak, emakumezkoak, 45 urte edo gehiago duten gizonezkoak, edo 30 eta 44 urte bitartean egon eta iraupen luzeko langabetuak direnak edota aurreko kolektiboen barruan ez dauden gainerako gizonezkoak. Gehienez, azken bi kolektiboetako bi pertsona kontratatuko dira.
Baldintzei dagokienez, euskarazko B1 maila edo baliokidea egiaztatzen duen titulua eskatzen da. Halakorik ez dutenek, proba bat gainditu beharko dute. Hautagai guztiek azterketa teorikoa egin beharko dute lehenik, eta hura gainditzen dutenek praktikoa ondoren. Deialdiaren berri zehatzagoa nahi duenak udal bulegoan eta www.etxarriaranatz.eus web orrian jaso dezake.