Bizitza lapurtu ziotenetik hogeita zazpi urte pasa direnean; Pellok hitzez, margolanez eta ekintzez utzi zigun ondareak sekulako gaurkotasuna dauka. Pellorentzat bizitza denboraren igarotzea baino zerbait gehiago zen. "Bizitzari kaña eman behar zaio", esaten zuen.
Gure komunitatea, gure herria, une oso gogorrak bizitzen ari da. Osasun-larrialdiak, larrialdi honetatik eratortzen diren ondorio ekonomiko eta sozialak, denoi interpelatzen gaituzte. Herria osatzen dugun sektore anitz guzietako herritarrok ezin dugu pentsatu konponbideak kanpotik etorriko direnik. Guk geuk hartu behar dugu egoera honetara ekarri gaituen eredu politiko, ekonomiko eta soziala errotik aldatzen hasi beharraren kontzientzia. Gakoak: auzolana, ama lurrarekiko begirunea, ondasun komunalaren zaintza; elkar lagundu eta babesteko usadioa; arazo larrienari ere sormenarekin eta ausardiarekin aurre egiteko adorea. Azken aste berezi hauetan balore guzti horiek azaleratu dira ere, miseria eta hondamendiaren erdian. Denon artean pentsatu beharko duguna da nola balore horiei tokia egin agertoki orokorrean; jakitun ez dela erraza izango, jakitun borroka bat izango dela; balore horiek nagusitzeko halabeharrez gaur-gaurkoz nagusi diren beste balore batzuk lurperatu behar ditugula. Ondasun materialak pilatzeko jukutria, indibidualismoa, natura gure probetxu hutserako dagoen biltegi bezala ulertzea. Balore horiei eta balore horien atzetik dauden interes erraldoiei aurre egin beharrean gaude, borroka hori antolatu eta aurrera eramateko erronka dugu. Ahalguztidun sentitzen diren gutxi batzuen botere horri herri arduratsu eta antolatu batek sortzen duen botereak lehiatu behar dio etorkizuna.