Inar apirilaren 10ean jaio zen. Bederatzi egun aurreratu zen, eta konfinamenduaren laugarren astean jaiotzea erabaki zuen. Etxean egoteko "kanpoan" hobe egongo zela pentsatuko zuen agian. Jaione Loban etxarriarra eta Andoni Azanza altsasuarra dira bere gurasoak, eta arreba helduago bat du. Inarrek urte batzuk gehiago dituenean, zein egoeratan jaio zen kontatuko diote: "Honen berri izango du, baina bestela kontatuko diogu. Egoera honek denoi markatuta geratuko zaigu".
Otsailaren bukaeran eta martxoaren hasieran hasi zen koronabirus hitza ohikoagoa egiten. Une horretan Loban haurdunaldiaren azken fasean zegoen, eta alarma-egoera ezarri zenean 34. astean zegoen. Erditzeko aste gutxi gelditzen zitzaizkion. "Hasieran, alarma-egoeraren aurretik, nahiko lasai nengoen, uste nuelako ez zela hainbesterako izango. Baina gero hasi zirenean esaten ospitaleak gainezka zeudela eta horrelako gauzak beldurtu nintzen. Gehienbat ez genekielako erditze garaian zer aurkituko genuen".
Pandemia iritsi aurretik ere Etxarri Aranazko Emakumeen Arretarako zerbitzuan egun mugituak izan ziren. Teresa Senar zerbitzuko emagina da: "Konturatzen hasi ginen zerbait gertatzen ari zela, eta orduan hasi ziren protokolo berriak jartzen. Egunero protokolo berri asko jasotzen genituen, higiene neurriak eta abar. Hasiera gogorra izan zen; informazio asko heltzen zen".
Alarma-egoeraren aurretik konturatu ziren emakume asko joaten zirela zerbitzura, "eta ez genekien beharrezkoa ote zen etortzea". Izan ere, zerbitzua Etxarri Aranazko osasun etxean dago, eta kutsatzeko arriskua ekidin nahi zuten. Behin alarmaegoera eta konfinamendua ezarrita, haurdunaldietarako protokoloa martxan jarri zuten eta, salbuespenak salbuespen, zerbitzu hori bakarrik eskaintzen dute. "Baldin badago emakumeren bat arazoren bat duena, telefonoz hitz egin dezakegu, eta etortzea beharrezkoa ikusten badugu, etortzen da".
Protokoloa jarraituz, aste hauetan emaginaren eta haurdun dauden emakumeen arteko hitzorduak telefono bidez egin dituzte. "Oso zaila da. Emaginak emakumearen ondoan gaude, "laguntzen ditugu, tripa ukitzen diegu eta dena ongi doan ikusten dugu. Telefonoz deitzea ez da berdina. Baina horrela ari gara", azaldu du Senarrek. Lobanek esan duenez, emaginarekin zituen bisitak murriztu zizkioten: "Komunikazioa telefonoz izan da. Azken aurreko hitzordua telefonoz izan nuen. Azkenekoan lagin bat hartzen dizute, eta horretara halabeharrez joan behar nintzen". Emakumeen Arretarako zerbitzura joatea ezinbestekoa denean, emakumeei maskarak ematen dizkiete eta profesionalek ere maskarak eta eskularruak janzten dituzte, Senarrek azaldu duenez.
Haurdunaldia etxean
Ariketa fisikoa eta paseatzea gomendatzen diete haurdun dauden emakumeei, eta "lehen" Emakumeen Arretarako zerbitzuan haurdunaldian laguntzeko talde "pila bat" zeudela esan du emaginak: "erditze-aurrekoak, edoskitzearena, erdiondokoa, haurdunendako soinketa…". Talde horiek alarma-egoerarekin eten ziren: "orain ez dugu ez". Hala ere, haurdunei Internet bidezko saioen baliabideen zerrenda bat eman diete etxean egin ahal izateko. Beraz, "etxetik ere" ariketa fisikoa egin dezaketela azaldu du Senarrek: "Mugitzea da garrantzitsuena".
Haurdunaldiaren azken uneak konfinamenduan, etxetik atera gabe, pasa zituen Lobanek. "Etxean beste haur bat geneukanez ez dugu asko pentsatu haurdun nengoela. Haurrarekin ahalik eta hoberen egoten saiatu gara, bera entretenitzen". Dena bertan behera gelditu aurretik, Loban fisioterapeuta batera eta pilates saioetara joaten zen, baita paseatzera ere, "eta gauza horiek ezin izan ditut egin". Baina etxean egiteko alternatibak bilatu ditu eta "ahal den moduan soinketa pixka bat egin dut eta etxean paseoak eman ditut". Nahiko ondo moldatu direla esan du. Baina erditzeko garaiko "beldur hori" zeukan.
Hasieran alarma-egoeraren eta konfinamenduaren bi aste izan ziren, ondoren beste bi eta egoera luzatzen ari zen. Gainera, ez zirudien hobera egingo zuenik. Eta erditzeko garaia gerturatzen ari zen. "Emaginak esan zidan guztia normal funtzionatuko zuela". Hala ere, "ez genekien bikotekidea sartzen utziko zuten", eta kutsatzeko beldurra ere zegoen. Hala ere, aurretik erditu zuten ezagun batzuk "egoera lasai zegoela eta oso ondo artatu behar nindutela" esan zioten.
Apirilak 10
Haurdunaldiaren 38. astean, data baino bederatzi egun lehenago, eguna iritsi zen. Aurretik hitz eginda zuten Lobanen gurasoak joango zirela haur helduena zaintzera, orduaren arabera. Iluntzean apurtu zen poltsa, eta, ondorioz, Lobanen ama haien etxera joan zen. Ospitalean egon ziren bi gauak bertan egon zen.
Ospitalera iritsi zirenean "harrera eta dena oso ondo" zegoela azaldu du Lobanek. "Sartu ginenean ez zegoen inor itxoiten eta berehala hartu gintuzten. Hori bai, maskara jarri ziguten eta larrialdietako lehenengo harreran Andoni ez zuten sartzen utzi". Ondoren, haurra nola dagoen ikusteko beste gela batera sartzen dituzte emakumeak, "eta horretara ere ezin zen sartu". Dilatazio gelan, aldiz, elkarrekin egon ziren; "bioi tenperatura hartu ziguten eta maskarekin egon behar ginen". Erditzeko momentuan maskararekin egon behar bazen ere, "tokatzen zaizuenean" kentzeko aukera ematen diete. Koronabirusak kutsatuta egon izan balitz, bikotekidearekin egoteko aukera izango zuela uste du Lobanek.
"Beraiek esaten zuten horretarako daudela eta oso lasai zeudela. Ez genuen antzematen koronabirusa handik zegoenik ez ezer". Covid-19 birusarekin gaixo zeudenak beste solairu batean zeudela azaldu du Lobanek, beraz, "ez geneukan inolako kontakturik". Gelan bakarrik jartzen saiatzen dira, eta "lasai-lasai" eta "oso ondo artatua" sentitu ziren. "Ospitalean oso ondo".
Goizean jaio zen Inar, gau osoa erditzen pasa ondoren. "Gau hori eta gero haurrarekin beste gau bat egon ginen". 24 orduetara etxera joaten utzi zieten. "Lehen pediatraren hiru bisita ziren eta orain batekin dena ondo badago etxera bidaltzen zaituzte". Ospitalean beharrezkoa den baino denbora gehiago egotea ekidin nahi dute horrela, "kutsatzeko" arriskua gutxitu. Hasieran ospitalean aurkituko zuenaren beldur bazen ere, "han egonda" lasaitu zela esan du Lobanek. "Jendea lasai zegoen, maskarekin eta eskularruekin". Ospitaleko langileak lasai zeudenez, haiek ere lasai egon direla esan du etxarriarrak: "Ez dugu kutsatzeko beldurrik izan".
Erditu ondoren ospitalean 24 ordu pasatzen dutenez orain, jaioberriari proba guztiak "lehenago" egiten dizkiotela azaldu du Lobanek. Beraz, erizainaren lehenengo bisita ere aurreratzen da. "Bi egunetara edo erizaina etxera etorri zen". Hamabost egunetara pediatrarengana joan behar dute, "normal".
Haurra izan ondoren, erdiondoa pasatu behar dute emakumeek. Teresa Senar emaginak telefonoz artatzen ari direla esan du. Edoskitzearekin ere arazoak izaten dituztela azaldu du, eta "larrritzen dela edo arazo bat" sortzen dela ikusten badute zerbitzura joateko esaten diete. "Egoera oso berezia da". Lobanek emaginarekin hitz egiteko aukera izan zuen, eta ondo bazegoen ez lioketela bisitarik egingo esan zion. "Puntuak jarri zizkidaten eta min pixka bat neukan. Gaizki ikusiz gero joateko aukera nuela esan zidan". Bestela, hilabete eta erdi inguruan deituko diotela berriz, "oraindik ez dakite nola funtzionatuko duten".
Deskonfinamendu prozesuaren "hurrengo urratsak" itxoiten ari dira Emakumeen arreta zerbitzuan. "Espero dugu pixkanaka hitzorduak eta ikastaroak, jende gutxiagoarekin bada ere, berriz martxan jartzea". Hala ere, duela egun batzuk "oraindik" ez zekiten ezer. "Espero dugu azkar pasatzea". Izan ere, beraiendako aste hauek "oso bereziak" izan dira.
Bisitarik ez
Ospitaleko gela bakoitzean guraso berriak bakarrik egotea saiatzen dira, eta, gainera, ezin dituzte "kanpoko" bisitak jaso. "Emaginek esan dute ikusten zituztela bai umeak eta bai amak lasaiago ikusten zituztela. Titia hobe hartzen zutela eta bisitak ez zeudela nabaritzen zela". Haurra lehenengo egunetan ez bisitatzea eta ikustea, beraz, onurak ekar ditzake. "Ez dakit hemendik aurrera zerbait aldatuko duten, baina…".
Baina ospitaletik aterata ere, senideek eta lagunek ezin izan dute Inar ezagutu. "Nire gurasoak etxean zeuden haurrarekin, eta etorri ginenean ezagutu zuten. Umea ikusteko aukera izan zuten". Baina ezin izan zuten ez hartu ez ukitu. "Altsasuko aitonamonek laster ezagutuko dute". Bideo-deien bidez ezagutu dute Lobanen eta Azanzaren senideek eta gertukoek jaioberria.
Erditu ondoren lehenengo egunak etxean egotea "eskertu" ditu Lobanek, "errekuperatzeko". Hala ere, ez zieten gomendatu behar izan etxean gelditzea, "etxean gelditzera behartuak geundelako". Arreba zaharra "oso pozik dago, musu asko ematen dizkio", nahiz eta "ama, ez gaudenez denbora gehiegi berekin, ez dago hain pozik". Egun asko izan dira etxean berarekin, eta bat-batean haur txiki bat iritsi zen etxera. "Beste bat etorri da eta orain ez dut hainbeste denbora berarekin egoteko; baina ondo". Duela egun batzuk, haurren kaleratzea baimendu ondoren, lehenengo paseotxoak eman dituzte jaio berriarekin; "haize pixka bat hartzea eskertzen da".
Etorkizuna
Ziurgabetasunarekin ikusten du etorkizuna Lobanek. "Bat-batean ateratzen gaituzte eta ez dakit honek berriz okertu egingo duen…". Haurdunaldiaren eta erditzearen momentu "bereziak" are bereziagoak izan direla esan du etxarriarrak, "honek arrastoa utziko digu". Inar konfinamenduan jaiotako haurren belaunaldikoa izango da, belaunaldi berezia.
Konfinamenduak baby-boom-a ekar dezakeela diote askok. Senarrek ez du horren argi ikusten: "Agian baziren emakumeak haur bat izatea pentsatzen ari zirenak eta atzera egin dute egoera ez delako hoberena. Niregatik ongi etorriak, baina oso zaila da".