Iosu Murgiondo

“Federazioak hartu beharreko erabakia zaila zen”

Maider Betelu Ganboa 2020ko mai. 22a, 11:15

Aurtengo Etxarri Aranatz futbol taldea.

Etxarri Aranatz futbol taldeak Preferente mailan jarraituko du datorren denboraldian eta erabakia nola hartu duten azaldu du Iosu Murgiondo entrenatzaileak

COVID-19 alerta sanitarioarengatik 2019/2020ko liga bertan behera gelditu da. Etxarri jaitsiera postuetan zegoen, Preferenteko mailari eusteko borrokan.

Nafarroako Futbol Federazioak erabaki du aurten ez dela jaitsierarik egongo. Nola hartu duzue erabakia?
Azkenean, futbol munduan gabiltzanok partidak jokatzea da gustuko duguna, eta egoera hau guztia oso arraroa izan da. Nafarroako Federazioak hartu beharreko erabakia ez zen batere erraza. Argi dago erabaki justu bat eta denon gustukoa izango dena hartzea ezinezkoa dela, eta nik uste dut federazioa erabakirik egokiena hartzen saiatu dela. Gainera, aurretik Espainiako Futbol Federazioak erabakia zuen 2. B mailatik ez zela talderik jaitsiko, eta hori aurrekari bat izan da, ildo horretatik jarraitu du Nafarroako Futbol Federazioak, igoerak bai baina jaitsierarik ez dela egongo erabakita. Gu sailkapenean azkenak ginen, baina oraindik 9 jardunaldi geratzen ziren denboraldia bukatzeko, eta nahiz eta egoera oso konplexuan egon, mantentzeko aukera egon, bazegoen. Alde batetik, jaitsiko bagina ez litzateke justua izango, oraindik 9 jardunaldi geratzen zirelako, baina federazioak jaitsierak egongo ez direla erabaki duelako, guk Preferentean jarraitzea ere ez dakit justua den. Arraroa da. Federazioak hartzen zuten erabakia hartuta, konplexua da. Nolanahi ere, igoerak bai baina jaitsierarik ez egoteak asko baldintzatuko du datorren denboraldia, orain arte ezagutu dugun ligako antolaketa zeharo alda daitekeelako. 

Horrenbesteko aldaketa egongo al da?
Orain arte Preferente mailan 30 talde egon izan dira, bi multzotan banatuta, eta federazioak hartutako erabakiarekin hurrengo urtean 33 talde egongo gara Preferente mailan. Entzuten da Preferente mailan bi multzo egon beharrean 3 multzo egongo direla, bakoitza 11 taldez osatutakoa. Hori horrela bada, maila Autonomikora igotzeko sailkatzea eta mailari eustea bera zailagoa izanen da. Gure helburua Preferente mailari eustea izaten da, eta planteamendu berri horrek mailari eusteko lana zailduko luke. Horiek entzuten diren kontuak dira, oraindik ez dira erabaki ofizialak, baina orain arte entzuten ziren gauzak gero konfirmatzen joan dira eta litekeena da egoera berri hori suertatzea. 

Horrela izanez gero, jaitsiera postu arriskutsu horietan sartzeko aukera gehiago leudeke...
Bai, arrisku gehiago. Dena den, momentuz dena airean dago. Denboraldia noiz hasiko den, zein baldintzatan, nola… hori guztia zehaztu gabe dago oraindik, inork ez daki ezer. Entzun ere egiten da hiruzpalau urteren buruan orain arteko egoerara bueltatu nahi dutela, guztia orekatu nahi dutela, baina aldaketak daudenean batzuek begi onez ikusten dituzte eta beste batzuek ez dituzte gustuko, eta formatu berria sortzen bada, ez dakit gero iraungo duen edo berriz atzera egingo duten, orain artekora. 

Mailari eutsi diozue. Zein sentipenekin dago Etxarri?
Zer esango dizut. Batetik sentsazioa ona da, Preferenten jarraitzen dugu. Inori ez zaio gustatzen horrela lortu izana, baina mailari eustea zen helburua eta lortu da. Denboraldi gogorra izan da; sarritan partida askotan askoz ere gehiago merezi izan dugun sentipena izan dugu, baina futbolean gola ez baduzu sartzen berdin da zein meritu egin dituzun. Normalean zortea ez dugu alde izaten, eta alde horretatik mailari eustea berri ona da. Gainera, federazioak ez du erabaki hau hartu Etxarri Aranatzi edo igoko den Lagun Arteari mesede egiteko. 

Hurrengo denboraldirako gogotsu zaudete?
Gogotsu gaude. Jokalari gazteagoek esperientzia handiagoa dute, eta ilusioa piztuko duen jokalariren bat etorriko da. Uste dut hurrengo denboraldia oso desberdina izango dela.