Koronabirusa Sakanan

"Xapateroko bezeroek ongi erantzun dute"

Maider Betelu Ganboa 2020ko mai. 29a, 11:00

Xapaterokoak tabernako terrazan. Goian Garbiñe Karasatorre eta Ixa Araña. Behean, Eneritz Karasatorre eta Mattin eta Irati Altzelai.

Etxarri Aranazko Xapatero tabernak maiatzaren 11n zabaldu zituen ateak. Urte oso arraroa izango dela uste du Garbiñe Karasatorrek, lan egiten ari direlako, baina ez lehen bezala.

Hala ere, bezeroek ongi erantzun dutelako kontentu daude.

1.COVID-19ak sortutako krisiak ezustean harrapatu zintuzten?
Entzuten genuen birusa Txinan zegoela… baina ez genuen espero bat-batean egun batetik bestera gauzak hainbeste aldatuko zirenik eta taberna isteko moduko gauza bat izango zenik. Dena oso azkarra izan zen, eta egun batetik bestera dena aldatu zen. 

2.Taberna itxi eta etxera. Nola bizi izan duzue egoera?
Gogorra izan da; inorendako ez da batere ona etxean behartuta egotea. Buruari buelta gehiago ematen dizkiozu, ez dakizu zein etorkizun izango duzun, egoera honek noiz arte iraun behar duen, gero zer etorriko den… egun txarrak pasatu ditugu, gauak bereziki. Gauak oso luzeak izan dira, pasaezinak. Azken finean bi familia bizi gara negozio honetatik, eta oraindik gure zalantzak ditugu. Taberna zabaldu dugu, baina, gero? Krisialdi honek guztian izango du eragina. Kezkak jarraitzen du, baina egia da ere kontentu gaudela. Bezeroek ongi erantzun dute, eurekin oso gustura, eta lan egiten ari gara. Ez lehen bezala, baina ari gara, eta pozik gaude. 

3. Noiz zabaldu zenuten?
Maiatzaren 11n, 1. fasean, terrazetan lan egiteko baimena eman zitzaigunean. Zalantzan geunden, zein eguraldi egingo ote zuen, baina lehen egunetik zabaltzera animatu ginen. Udaletxekoak etorri ziren eta esan ziguten terrazarako nahi genuen toki guztia hartzeko ez genuela inolako arazorik izanen; udalaren laguntza izan dugu, ez dute trabarik jarri, eta esan ziguten aurten ez digutela ezer kobratuko terraza jartzeagatik. Aste horretan eguraldiak ez zuen lagundu, baina irekitzeko pausua eman genuen eta jendea agertzen hasi zen. Egia esan, urduri geunden. Dena ahalik eta hoberen egiten saiatzen zara, baina Foruzainak edo Guardia Civila terrazari begira bueltaka ikusterakoan urduritzen ginen; uste duzu eskatutako neurriak ongi betetzen dituzula, baina tentsio hori hor dago. 

4. Tabernan aldaketarik egin behar izan duzue?
Astelehenean 2. fasean sartu ginen eta bezeroek taberna barrura sartzeko aukera dute orain. Ezin da barran poterik hartu, kontsumizioa hartu eta eseri beharko zara. Batetik bestera 2 metroko distantzia mantentzeko, mahaiak mantendu ditugu, baina mahai bakoitzak bi banku izan beharrean bat du; banku bat kendu dugu. Hasieratik gel hidroalkoholikoa dugu, ezpainzapitakoak barra barnean dauzkagu eta zapiak banan bana ematen dizkiegu bezeroei eta jakina, maskarak edo pantailak erabili behar ditugu. Bezeroak mahaitik jaso bezain pronto, mahaia eta aulkiak desinfektatu behar ditugu. Hasieran eskularruak janztera behartu gintuzten, pila bat erosi genituen, baina gero esan ziguten ez erabiltzeko, zikinak direlako. Dirua manipulatzen dugun aldiro eskuak garbitu behar ditugu. 

5. Beraz, egoera berriak lan gehiago egitea eskatzen dizue.
Bai. 15 mahai ditugu terrazan, eta uneoro ea norbait zutitu den kontrolatzen egon beharra duzu, mahaia berehala garbitzeko. Bezero berdinak edo gutxiago, baina lan gehiago. Guztia desinfektatu behar da eta horrek lan gehiago dakar. 

6. Bezeroek zer diote? Pozik daude taberna zabaldu duzuelako eta herrian mugimendua dagoelako?
Baietz uste dut. Jendea kontentu dago, gogoak zeuzkan kalera ateratzeko, lagunekin egoteko eta hitz egiteko. Gehienek barneratuta dute neurriak hartu behar direla. Bestetik, jendeak beldurra duela nabaritzen da. Batzuk errespetua dute, baina beste askok beldurra. Kontu honekin horrenbeste bonbardatu gaituzte… Ez dago beste gairik. Jende gaztea lasaiago dago, batzuk lasaiegi, baina jende helduak beldurra du. Adinean nabaritzen da. Guk lehen goizetan gehiago egiten genuen lan, baina arratsaldean mugimendua dago herrian, eta plaza beteta ikusteak alaitasuna ematen du. 

7. Festak tabernen diru iturri garrantzitsua dira eta aurten ez dakigu ospatuko ote dituzuen. 
Aurtengoa urte oso arraroa izango da, eta nik uste dut datorren urtean ere kosta egingo dela hau guztia jasotzea. Asteazkenean batzarra deitu zuen udalak, aurtengo festekin zer egingo den erabakitzeko bidean herritarren iritzia ezagutzeko. Zaila da erabaki bat hartzea, udalendako kristoren marrona da. Ezinezkoa da denon gustua asetzea. Batzuei gutxi egin dela irudituko zaie, beste batzuei gehiegi... denetarako gaude. Dena den, gau giroan 2 metroko distantzia kontrolatzea ezinezkoa da, eta denok dakigu edaten dugunean erabat aldatzen garela. Ea zer erabakitzen den.   

8. Garagardo edo kafe batek ez omen du zapore berdina etxean edo tabernan.
(Kar, kar). ‘Etxean hartzen genuen baina hau bezalakoa ez da’ esaten digute, kafearengatik bereziki. Horixe ez dela berdina. Tabernan muturrean jartzen dizute, etxean zuk prestatu behar duzu, baina gehienbat konpainia da, etxetik ateratzea, batekin hitz egin, bestearekin egon... Jende asko tabernara etortzen da bere gauzak kontatzera, eta psikologo puntu hori izaten jakin behar da. 

9. Tabernariek kontatzen ez duzuenarengatik balio omen duzue gehiago kontatzen duzuenarengatik baino. 
(Kar, kar...) bai, ba! Taberna batean gauza asko ikusten dira, hori egia da, baina hori medikura joatea bezala da, gauza horiek taberna barruan gelditu behar dira. Jendeak tabernariarekin konfiantza izan behar du, bestela dena galduko genuke.  

10.Urte asko daramatza Xapaterok eta atzetik belaunaldi berriak datoz.
33 urte egin behar ditu tabernak abuztuan. Nik eta Ixak, koinatak, kudeatzen dugu, eta seme-alabak ere laguntzen gaituzte. Horretaz gain astebururako beste 3 langile ditugu ordu gutxiagoko kontratuekin. Moldatzen gara. Ez dakit seme-alabek gero hemen jarraituko duten, ez dago esaterik. Ni urte baterako hasi nintzen eta 33 daramatzat. Dena den, taberna hemen dago eta nahi izanez gero hemen lan egiteko aukera badute. Berriro hasi gara eta kontentu gaude. Pena dugu mus txapelketa bertan behera gelditu behar izan delako. Izan ere, ez digute kartak ateratzen uzten, kutsatzeak ekiditeko. Mus Txapelketak aurten 28 urte betetzen zituen eta 24 bikote zeuden apuntatuta, baina 2021era atzeratu dugu. 

11. Ibilbide berrian guztia ongi joan dadila.
Eskerrik asko. Eguneroko ibiliak erakutsiko du, baina momentuz kontentu gaude, ea horrela jarraitzen dugun. 

Erlazionatuak